Mugarri izan behar du berriz

Reala Mestallan ariko da larunbat honetan. Txuri-urdinek badakite zer den Valentzian zelairatzea zerbait eskuratzeko beharrez. Aurreko bi denboraldietan estu iritsi arren, bikain erantzun zuten.

Donostia
2013ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Mestallan lortutako bi garaipenak mugarri bilakatu ziren Philippe Montanierren aroan. Prestigiozkoak izan ziren, zein baino zein ederragoa, eta horrek berez ematen duen ospeaz gain, nondik nora jo behar zuten zehazteko balio izan zien txuri-urdinei. Zaharrak berri esateko moduan dira, hortaz. Berriro ere Valentziaren plaza txarrean ariko baitira larunbat honetan, hurbileko erronkei aurre egiteko arnasa sakon hartu eta aurrera begira indarra emango dion garaipen preziatua lortzeko.

Lehen zortzi jardunaldiak jokatu eta gero, zazpi puntu baino ez ditu urratu Realak. Gutxiegi. Merezi adina bildu dituen edo ez beste egun baterako eztabaida gai izan daiteke, baina oraintxe puntuak lortu beharrean da beste edozeren gainetik. Irabazteko zailtasunen ondorioz, emaitza kaskarren zurrunbiloan barneratu da, ez atzera ez aurrera, eta zenbat eta lehenago atera, orduan eta eramangarriago gertatuko zaio Gabonak bitarteko tarte malkartsua. Ez ahaztu Valentziatik Old Traffordera doala zuzenean.

Erronka gogorrak dira, baina eskuragarriak aldi berean. Hain zuzen ere, egoera aldrebesenetan erakutsi izan du-eta egungo multzoak lehiakortasun handiena. Serio ikasten hasteko azterketa eguna noiz gerturatuko zain dagoen ikaslea balitz bezala, Realak ere neurketa handien garrantzia antzeman behar du automatikoki erantzuteko. Horren adibide, aurreko bi denboraldietan Mestallan jokatu aurretik zer sentitzen zuen eta nolako aurrerapausoa eman zuen ondoren.

Era guztietako egoerak izan zituzten txuri-urdinek Montanierren aginduetara jokatutako aurreneko sasoian. Gorabeherak handiak izan ziren, batik bat etxetik kanpo, eta Mestallan irabazi izana baliotsua izan zen entrenatzaile frantziarrarentzat. Behin eta berriz ekarri zuen gogora hura ondorengo hilabeteetan, eta bere jokalariei ikusarazi nahi izan ziengisa horretako zelai gaizto batean irabazteko ahalmena duenak mailari eusteaz kanpoko kontuetan pentsa zezakeela.

Lehen itzuliko azken-aurreko jardunaldia zen, eta egoera iraultzeko prest iritsi zen Reala Valentziara (Herrialde Katalanak). Estu zebilen oso sailkapenean, jaistetik puntu bakarrera. Hori gutxi ez eta, Mallorcaren aurkako Kopa kanporaketa petral hura hiru egun lehenago galdu zuten, itzulikoan sei gol hartuz.

Unai Emeryk gidatzen zuen etxeko taldea; Ligako indartsuenetan hirugarrena zen, eta Bartzelona eta Real Madrilen atzeko koskan zegoen, bakar-bakarrik. Orduantxe bizitu ziren txuri-urdinak. Griezmannek sartu zuen neurketako gol bakarra. Bravo, Estrada, Mikel Gonzalez, Demidov, Cadamuro, Elustondo, Aranburu, Zurutuza, Prieto, Agirretxe eta frantziar gaztea bera elkartu zituen hasierako hamaikakoan Montanierrek. Illarramendik ez zuen jokatu —hurrengo urtean ere ez zigortuta baitzegoen— eta Vela bigarren zatian zelairatu zen. Marigak larunbat arratsalde hartan jokatu zuen azkenekoz Realarekin. Denboraldi horretako bigarren itzulian ez zuen Anoetatik urrun beste garaipenik lortu Realak, baina Cornella, Rosaleda eta Vicente Calderonen berdintzeko gai izan zen. Arrastoa utzi zuen Mestallako garaipenak.

Ez zen berehalakoan heldu etxetik kanpoko hurrengo garaipena. Hamalau jardunaldiz tirriki-tarraka ibili ostean, Malagaren jokalekuan eman zuten ezustekoa txuri-urdinek. Eztanda modukoa izan zen hori, barruak askatzeko balio izan ziena futbolariei, Anoetatik urrun jokatutako segidako neurketan antzeman zitzaien moduan. Bost gol sartuz irabazi zuten Mestallan (2-5) eta orduantxe jabetu ziren erabat euren buruak estutuz gero erronka dotoreak gainditzeko moduan egongo zirela. San Mames zaharrean, Vicente Calderonen, Sanchez Pizjuanen eta Riazorren lortutako garaipenak ez ziren kasualitatez gertatu. Valentzian iaz hasieratik zelairatu zuen taldearekin alderatuz, sei aldaketa egin zituen teknikariak. Carlos Martinez, Iñigo Martinez, De la Bella, Pardo, Vela eta Ifran. Agirretxe, Chory Castro eta Ros bukaeran atera ziren. Abiadura eta zitaltasuna nahasteko gai izan ziren kontraerasoetan eta parean zuen taldea desegin egin zen. Artean Mauricio Pellegrinok zuzentzen zuen —neurketaren amaieran kargutik kendu zuten—. Tresna hori ondo zorroztuta mantendu zuten txapelketa amaitu arte.

Jokalari batek baino gehiagok onartu izan zuen moduan, Malagan irabazteak lasaitasunarekin zerikusia izan zuen, eta jarraian Valentzian egin izanak mugak hausteko aukera zabaldu zien.

Horrek erakusten du azterketa garrantzitsuen aurrean jokalari bakoitzak bere onena ateratzeko modua baduela, eta presiopean jokatuagatik emaitza onak lor ditzaketela. Lehenagotik, batean eta bestean piztu zen Mestallan. Oraingoan ere ez du itzali nahiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.