Mundua ez da bukatu

Mikel Idoatek 26 urterekin hartu du erretiroa eskuko arazo larri baten erruz. Urtebete geldirik egon da, eta medikuen bidea agortuta zegoela ikusita, barneratuta zuen erabakia.

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Denbora asko izan dut erabakia barneratzeko», azaldu Mikel Idoatek (Iruñea, 1989). Hain garbi ez dagoena da hori ona edo txarra den, iazko abuztuaren 2az geroztik egon baita jokatu gabe. Herenegun baieztatu zuen jakina zena, pilota utziko duela, 26 urterekin. Ondorio logikoa zen bi urtetan hamar partida eskas jokatu dituela kontuan hartuta, eta ia guztiak «eskuko galga» jarrita. «Baina tira, niri gauza txar bat gertatu zait gauza positibo asko eman dizkidana. Gauza polit asko bizi izan ditut: ingurukoen animoak, mezuak... Gainera, mundua ez da hemen bukatzen».

Diskurtso neurtua du Idoatek. Asimilatzeko izan dituen hilabete horietan bere burutik pasa diren gazi-gozo guztiak ondo hausnartu balitu bezala. «Iragan apirilean ikusi nuen pilota bukatu zela. Santanderko zirujau batek esan zidan zein gaitz nuen eskuan, eta horrela ezin nuela jokatu. Aurretik auskalo zenbat mediku pasako nituen! Bizkarrekoa izan zen, baina lasaitasuna ere bai, banekielako zer nuen». Ofizialki ezker eskuko neuritis batek erretiratu du. «Ezker eskuko hatz bateko alboko nerbioa babes gantzik gabe gelditu da», azaldu zuen herenegun Iñigo Simon Asegarceko medikuak. Simonek 18 urte daramatza tankera guztietako eskuetako arazoak tratatzen eta halakorik ikusi duen aurreneko aldia da.

Idoatek, baina, beste azalpen sinpleago bat du: «higadura izan da». Txantreakoak iazko abuztuaren 2an jokatu zuen azken partida, Bastidan, eta autora igo zenean gurasoei esan zien bere azken partida izan zitekeela. Izan ere, aurrekariak ez ziren onak, hilabete bakarrik zeraman jokatzen 11 hilabetez geldirik egon ondoren. Orduan ere ezker eskua izan zen, fibrosia, ebakuntza eta guzti. «Itzuli eta ez nuen bete-betean jokatzen. Azkenean kolpea erabat askatzea erabaki nuen arte, eta mina itzuli zen».

Idoatek kontzientzia lasai du, «nire esku zegoen guztia egin dut, eta Asegarceko medikuei ere esker ona adierazi baino ez dut. Ezinezkoa gehiago egitea». Etxekoak, bikotekidea, lagunak... denak izan ditu alboan, eta eskertua zaie. «Eta kaleko jendea, ezagutzen ez nuena... Bi urte egin ditut geldirik eta jendeak 'Aupa Mikel!' esaten dit oraindik. Gu pilotariak baino ez gara, ez dugu inor salbatu, eta hala ere...».

Atzera begiratu eta harro dago ibilbidearekin, motza izan den arren. «Nire onena eman dut beti, eta lasai nago alde horretatik». 2010ean egin zuen debuta, eta 2014ko sanferminetan utzi zion jokatzen gozatzeari. Tarte horretan 2. mailako lau t'erdiko txapeldun izan zen (2010) eta hiru aldiz iritsi zen buruzburukoaren finalerdietara. «Pena handiena unerik onenean min hartu izana da. 2014ean sanferminetako torneoan sartu ninduten, ametsa zen, eta orduan hasi ziren fibrosiaren minak. Zein pilotakadatan izan zen oroitzen dut oraindik. Banekien bolada bat egingo nuela jokatu gabe, baina inondik ez nuen espero hark agurra eragingo zuenik».

Ezin partidak ikusi

Asimilatu du erretiroa, baina aitortza egin du, oraindik ez dago prest bere partidak ikusteko. «Bikotekideak aurrekoan YouTube-n partida bat jarri zidan, Barriolaren aurka, lau t'erdian... Eta ezin nuen, sentimenduak-edo... Ezin ikusi. Gogorra egin zitzaidan». Idoatek bere burua pilota profesionalaren zirkulutik kanpo ikusi du apurka, baina inbidiak hor dirau. «Pilotari beti izango naiz, eta pilotazale. Lagunak ere hor daude. Ez aspaldi, Labritera igo eta Irujo eta Ezkurdia entrenatzen ikusi nitun. Orduan bai, orduan sentitu nuen jokatzeko gogoa».

Pilota, baina, iragana da. Makina bat galtza zuri ditu etxean pilatuta. «Gutxi urratu ditut azken urteetan. Lagun bat dut pilotaria, hari eman beharko, edota sanferminetarako ere ez dira txarrak, lagunak-eta datozenerako». Kirola ez du utziko, baina orain beste bizibide bat aurkitu beharko du. Zuzenbide ikasketak eginak ditu eta enpresa munduak erakartzen du. «Kirolaren loturiko zerbaitetan gustatuko litzaidake. Komunikazioa ere egin dut zerbait, polita da. Tira, zerbaitetan aritu beharko dugu, bizitzak aurrera jarraitzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.