Munduaren aurrean harrigarri

Ohi den bezala, aurtengo Munduko Kopa ere mugarri da futbolari askorentzat. Alde batetik, kilate askoko harribitxiak direla berretsi dute hainbat gaztek. Bestetik, lilura handia eragin dute aurrez nahiko anonimoak ziren jokalari batzuek.

Vozinha atezaina Cabo Verdeko izar bihurtu da. LAVANDEIRA JR./EFE
Vozinha atezaina Cabo Verdeko izar bihurtu da. LAVANDEIRA JR./EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leo Messi, Kylian Mbappe, Erling Haaland, Harry Kane, Vinicius Junior, Michael Olise… Munduko jokalaririk onenak distiratsu dabiltza Ipar Amerikan. Begirada guztien jomuga dira. Edonola ere, Munduko Kopa oso erakusleiho zabala da, eta, izarrik handienentzat ez ezik, beste futbolari askorentzat ere badago tokia. Oraingoan, loratu egin dira talentu handiko hainbat gazte, eta puntako kluben arreta piztu dute. Halaber, protagonista bilakatu dira orain arte fokuetatik urrun ibili diren zenbait jokalari. Haientzat, zaila izan daiteke Munduko Kopatik kanpo zeresana ematen jarraitzea; txapelketak iraun bitartean, ordea, denen ahotan ibiliko dira.

Vozinha: Ametsaren zaindaria

Ametsetan ari da Cabo Verde. Lehen aldia du Munduko Kopan, eta kanporaketak jokatzeko sailkatu da. Gaur, gauerdian, Argentina txapelduna izango du aurkari. Bada, Messi eta enparauen jaurtiketa guztiak geratzen saiatuko da Josimar Jose Evora Dias Vozinha. Atea hutsean utzi zuen Espainiaren aurka, eta puri-purian da geroztik. Saudi Arabiak ere ezin izan zion golik sartu. 40 urte ditu, eta talderik gabe geratu da kluben denboraldia amaitu ondoren. Portugalgo Bigarren Mailan jokatu du azken bi denboraldietan; aurrez, Moldavian, Zipren eta Eslovakian aritu da, besteak beste. Munduko Kopan, ordea, ospe handia hartu du.

(ID_16181844) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Boli Kostako Diomande, baloiarekin, Ekuadorko Hincapie atzean utzi nahirik. SEBASTIAO MOREIRA / EFE

Yan Diomande: oso azkar hazi da

Munduko Kopa hasterako, bazen nor Yan Diomande (Abidjan, Boli Kosta, 2006). Leipzigen denboraldi aparta osatu du; hainbeste, ezen Alemaniako ligak gazterik onenaren saria eman baitio. Haatik, harentzat erronka handia zen Munduko Kopan nabarmentzea: 19 urte besterik ez du, eta sasoi bakarra darama eliteko jokalari moduan. Bada, ikusgarri aritu da, eta Boli Kostari aurrenekoz multzoen fasea igarotzen lagundu dio. Nagusitasun handia erakutsi du goi mailako arerioen aurrean –Piero Hincapie eta Joshua Kimich, besteak beste–. Hegaleko azkar eta ahaltsua da, eta litekeena da PSGk 100 milioitik gora ordaintzea hura fitxatzeko. Duela urtebete, Leipzigek 20 milioi ordaindu zizkion Leganesi Diomanderen truke. Boli Kosta final-hamaseirenetan kanporatu dute, baina, batzuetan, ez dago urrun iritsi beharrik arrastoa uzteko.

(ID_16196052) FIFA WORLD CUP 2026
Johan Manzambi gol bat ospatzen. PETER KLAUNZER / EFE

Johan Manzambi: Suitzaren ikur berria

Jauzi are handiagoa egin du Johan Manzambik (Geneva, Suitza, 2005). Multzoen fasean, jokalari gutxik izan dute hark adinako eragina. Bosniaren aurka bi gol sartu zituen 20 minutuan, eta, hala, hasieratik aritzeko aukera izan zuen. Bada, beste gol bat sartu zuen Kanadaren kontra, eta goleko pase bat eman. Mende honetan, 21 urtez azpiko hiru jokalarik bakarrik izan dute parte hartze zuzena lau gol edo gehiagotan Munduko Kopa batean; Manzambiren aurretik, Thomas Mullerrek eta Kylian Mbappek lortu zuten hori. Oso moldakorra da Manzambi, hegalean nahiz zelai-erdian joka baitezake. Lerro artean bikain mugitzen da, eta ate aurrean ez da uzkurtzen. Europa Ligako gazterik onena izan da aurten, Freiburgekin. Suitzaren ikur beteranoek badute lekukoa nori eman.

(ID_16179115) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Ayoub Bouaddi pase bat eman nahian, atzean Thiiago Igor duela. SEBASTIAO MOREIRA / EFE


Ayoub Bouaddi: Marokoren garuna

Maroko ez da 2022ko Munduko Txapelketan zerua ukitu zuen selekzio berbera. Aulkian ez ezik, zelaian ere aldaketak izan ditu. Jokoa gehiago landu dezake orain, eta horretan zerikusi handia du Ayoub Bouaddik (Senlis, Frantzia, 2007). Jaiotzez frantziarra da, eta Frantziako selekzioan jardun zuen azpiko mailetan; alabaina, Marokorekin jokatzea hobetsi zuen urte hasieran. Bada, zorionekoa da Afrikako selekzio hori, euskarri fin eta adimentsua baita Bouaddi, baita langilea ere, hala behar denean. Brasilen aurka debut txundigarria osatu zuen. Heldutasun eta lasaitasun handia igortzen du zelaian, 18 urte besterik ez duen arren. 15 urterekin oratoria lehiaketa bat irabazi zuen, eta gaur egun matematika ikasketak ari da egiten. Oraingoz, Lilleko jokalaria da.

(ID_16237650) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Julian Quiñones, pozarren, gol bat sartu eta gero. ISAAC ESQUIVEL / EFE

Julian Quiñones: Etxean golegile

Mexikok txapelketako defentsarik sendoena du —ez diote golik sartu orain arteko lau partidetan—, baita esne mamitan dabilen aurrelari bat ere: Julian Quiñones (Magui Payan, Kolonbia, 1997). Txapelketako lehen golak haren sinadura izan zuen, eta beste bi gol sartu ditu hortik aurrera; azkena, Ekuadorren aurka, final-hamaseirenetako neurketan. Quiñonesek ibilbide luzea osatu zuen Mexikoko futbolean, eta, hori horrela, bertako selekzioarekin jokatzea erabaki zuen, eta ez Kolonbiarekin. Azken bi denboraldietan, Saudi Arabiako Al-Qadisiyah taldean jardun du, eta 62 gol sartu ditu guztira. Emaria ez zaio idortu Munduko Kopan, eta haren golek zoramena piztu dute Azteca estadioan. Final-zortzirenetan, baliteke Ingalaterrak gogor sufritzea Quiñonesen korrikaldi biziekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA