Eztabaida piztu da, eta askotarikoak dira galderak eta zalantzak. Donostia eta Bilbo 2030eko Munduko Futbol Koparako egoitza posibleak dira, eta aferak zenbait duda, kezka eta gogoeta sortu ditu: «Galdera da ea FIFAk eskatzen dituen azpiegitura horiek bat datozen hirien benetako lehentasunekin. Benetan da garrantzitsua estadioen inguruko mugikortasuna hobetzeko azpiegituretan dirua inbertitzea? FIFArik gabe hiriek egingo lukete halakorik? Edo horretan dirua gastatzen ari gara ekitaldi hau dela eta?». Ander Gortazar arkitektoaren eta EHUko irakaslearen hitzak dira, eta Munduko Futbol Kopa Donostian eta Bilbon hartzeak hirigintzan izan dezakeen eragina aztertu du.
Haren ustez, neurtu behar dena da halako txapelketa bat hartzea ote den zinez hiriek behar eta nahi dutena: «1992an Bartzelonan Olinpiar Jokoak jokatu zirenean, Bartzelonak ez zituen Jokoek eskatzen zituzten azpiegitura horiek. Nolabait, bultzada bat izan zen hirian eduki nahi zituzten azpiegitura batzuk eduki zitzaten. Garrantzi handia izan zuen. Orduan, Nazioarteko Olinpiar Batzordearen lehentasunak eta hiriarenak nahiko bat zetozen. Baina badira erabat kontrako adibideak ere: Atenasko edo Londresko Olinpiar Jokoak, esaterako».
Horiek horrela, gakoa da aztertzea ea Munduko Futbol Kopa hartzeak bat egiten duen hirien interesekin, Gortazarren hitzetan: «Donostian eta Bilbon azpiegitura nagusiak eginda daude, eta esango nuke berez ez dutela arazorik horrelako zerbait antolatzeko. Baina galdera da ea merezi duen esfortzua egitea, eta zertarako egiten den esfortzu hori. Ea horrek dakartzan onurak arazoak gainditzen dituen».
Bestalde, txapelketaren nolakotasunaren inguruan ere hausnartu du: «Jende asko erakartzen duten ekitaldiak bi motatakoak izan daitezke: batzuk badira, nolabait, hiritik bertatik pixkanaka garatu diren gauzen ondorio. Adibidez, Zinemaldia bera. Sekulako neurria hartu du, baina aspalditik egin zen apustu batetik dator. Ondorioz, zine eskola bat dago, industria mugitzen du... Nolabait, horrek guztiak eragiten du hirian hainbat modutan. Aldiz, beste ekitaldi mota batzuk, eta esango nuke FIFArena horrelakoa dela, erabat goitik beherakoak dira. Ez da hiriaren kultura propioan txertatzen den zerbait, baizik goitik behera datorren zerbait. Bete beharreko baldintzen zerrenda bat dago, eta ez dago komunikaziorako, koordinaziorako edo negoziaziorako tarterik. FIFAk zer egingo du? Munduko Kopa. Eta bukatutakoan, listo».
«Munduko Kopa ez da hiriaren kultura propioan txertatzen den zerbait, baizik goitik behera datorren zerbait»
ANDER GORTAZAR Arkitektoa
Hainbat baldintza eskatzen ditu FIFAk: estadioen erabilera esklusiboa edukitzea, gutxienez 40.000 eserleku izatea, inguruetan 4.000 metro koadroko eremua bermatzea irratientzat eta telebistentzat, baita 550 metro koadroko akreditazio eremu bat eta mila metro koadroko eremu bat ere, boluntarioentzat; horrez gain, hoteletatik gertu dauden eta estadioaren antzeko bi zelai dituzten entrenamendu guneak jartzea, eta ia erabateko zerga salbuespena izatea, besteak beste. Eta, gainera, FIFA Fan Festival izeneko gunea jartzeko gutxienez bi toki proposatzea, «toki enblematikoetan».
«Hiriak erakusleiho baten moduan erabiltzen dituzte. Hiria dekoratu baten moduan agertzea nahi dute, baina hiriak hori baino askoz gehiago dira. Donostiak, adibidez, uste dut dagoeneko baduela irudi hori. FIFAk behar du irudi hori», azpimarratu du Gortazarrek.
Adierazi du Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta FIFAk «sekulako indarra» hartu dutela azken urteetan, baina egiteko modu horri ez dio ikusten etorkizun handirik: «Hiri batzuek, Bartzelonak esaterako, justu garai jakin batean behar zuten halako pizgarri bat azpiegitura batzuk egiteko eta eguneratzeko. Baina Mendebaldean, garai batetik aurrera, ez dago horren beharrik. Orduan, oso zaila da ekitaldi handietan oinarritutako korporazio handi baten lehentasunak eta hiri batenak bat egitea. Zein da onura?».
Eta bukatutakoan, zer?
Anoetan hasiak dituzte obrak: estadioan 39.500 eserleku dituzte orain, eta 42.247 izango dituzte aurrerantzean. Gortazarren ustez, Munduko Kopak eta antzeko ekitaldiek balio dezakete estadioak modernizatzeko eta berrikuntzetarako, baina halako makroegiturek ez diote zertan on egin inguruari. Halaxe gogoetatu du: «Futbol talde batzuk mugitu dira beraien habitat naturaletik, beti beteta zegoen eta nortasun handia zuten lekuetatik halako neurriz kanpoko megaestadio batzuetara, eta ez zaie ondo atera. Handiagoak ez du zertan beti ona izan. Besteak agian ez dira gai izango ekitaldi jakin batzuk hartzeko, baina hiri guztiek behar dute halako zerbait? Igual ez».
Hala ere, Munduko Futbol Kopa estadioetatik harago doa: «Gauza batzuk etorri eta joan egiten dira: adibidez, zaleentzako gune bat. Ia edozein tokitan jar daiteke, eta, bukatzen denean, desmuntatu egiten da, eta kito. Aldiz, hotelak, jatetxeak... zerbitzu horiek guztiak ez dira egun batetik bestera sortu eta desagertzen. Eskaintza horrenbesteraino zabaltzen baduzu, zer gertatzen da gero hainbesteko eskaerarik ez dagoenean? Problematikoa izan daiteke».
Eta argi esan du: «Eraikiko diren azpiegiturak benetan beharrezkoak dira? Bai ala ez? Hori da egin beharreko galdera. Azpiegiturak egiteak dirua eskatzen du, hiria hiru aste horietarako prestatzeak dirua eskatzen du. Jakin beharko genukeena da zer irabazten dugun horrekin. Diru horren zati nagusia turismo zerbitzuen munduan geratuko da; ez dut uste onura hori hiri osoko sektoreetara zabalduko denik, beste ekitaldi batzuetan lortzen den moduan».