Nazioarteko futboleko bi erraldoik jokatuko dute gaur Munduko Kopako finala, eta ikustekoa izango da haien arteko talka. Baloiarekin egiten duten bezala, mundua oinpean eduki nahi dute Argentinak eta Espainiak. Azken lau urteetan, Lionel Scalonik zuzentzen duen selekzioa eseri da tronuan, 2022ko txapelketa irabazi eta gero. Bada, agintaldia luzatzeko aukera izango du gaur, Leo Messik gidatuta. 39 urte dituela, Rosariokoa txapelketako jokalaririk onena ari da izaten. Agorrezina da. Argentina haren jiran dago eraikia. Espainia, ordea, koralagoa da. Egituran ez du ia arrakalarik, eta arrasto distiratsua utzita iritsi da finalera. Jokoaren mailari dagokionez, koska bat gorago dago Luis de la Fuente hautatzaile duen selekzioa; Argentinak, ordea, gaitasun harrigarria du erori ostean altxatzeko, eta abantaila izan dezake amaieran gauzak estu badira.
Laugarrena edo bigarrena
Olatu aparretan daude
Oroz gain, lehiakorra da gaur egungo Argentina. Horren erakusgarri dira azken txapelketa handietan lortutako emaitzak: txapeldun izan da Amerika Koparen azken bi aldietan, eta tartean, Munduko Kopako garaikurra lortu zuen Qatarren. Bada, Scaloniren aroa are loriatsuagoa izango litzateke gaurko finala irabaziz gero. Munduko Koparen historian, soilik bi selekzio izan dira txapeldun titulua berritzeko gai, eta aspaldi izan zen: Italiak 1934tik 1938ra kateatu zituen garaipenak, eta Brasilek, 1958tik 1962ra. Argentinak, gainera, laugarren izarra josiko luke paparrean: Italiaren eta Alemaniaren pare jarriko litzateke, eta garaikur bakarrera izango luke Brasilen marka.
Argentinak sei final jokatu ditu orain arte, eta horien erdiak irabazi ditu. Espainia, berriz, txapeldun bihurtu zen orain arte jokatu duen final bakarrean. 2010ean izan zen hori, eta geroztik, oso makal aritu da Munduko Kopan. Txapelketa honetara arte. Luis de la Fuenteren eskutik, Nazioen Liga irabazi zuen 2023an, eta Eurokopa 2024an. Nola irabazi ikasi du berriro. Gaur bigarren izarra lortuko balu, Frantzia eta Uruguai berdinduko lituzke. Orain arte, Europako selekzio bakarrak irabazi du Amerikan lehiatu den Munduko Kopa bat: Alemaniak, 2014an.
Espainiaren bikaintasuna
Ikusgarri finalerdietan
Espainia izan zen lehena New Jerseyko MetLife estadioan jokatuko den finalerako sailkatzen. Txapelketa estropezu eginda abiatu zuen, Cabo Verderen aurka hutsean berdindu ondoren, baina hortik aurrera, irabazi besterik ez du egin. Lehen kanporaketan, aise azpiratu zuen Austria, eta gero, asko kosta zitzaion Portugal eta Belgika etxera bidaltzea. Finalaren atarian, Frantzia zeukan zain, ordura arte hautagai nagusitzat jotzen zen taldea. Bada, espainiarrek hutsaren pare utzi zituzten Mbappe, Olise, Dembele eta enparauak. Apenas jaso zuten jaurtiketarik, eta, beste behin ere, hutsean utzi zuten atea —sei aldiz lortu dute hori, eta marka berria ezarri—. Baloiarekin, berriz, dantzan ibili zuten Frantzia. Espainiaren bikaintasunaren adierazle izan zen Pedro Porrok sartu zuen gola: paseak eman eta eman aritu ziren, hegalekoak Olmorekin hormarena egin eta baloia sareratu zuen arte.
Argentinaren fedea
Azken hatsa eman arte
Gauzak estu izan direnean, hazi egin da Espainia: Portugal eta Belgika Merinoren gol berantiarrekin kanporatu zituen. Epikaren erregea, dena den, Argentina da. Aurreko Munduko Kopa irabazteko bidean, bi penalti jaurtiketa irabazi zituen —horietako bat, Frantziaren kontrako finalean—. Bada, urrats bat harago joan da oraingoan: luzapenean gainditu ditu Cabo Verde eta Suitza, eta markagailua azken unean irauli die Egiptori eta Ingalaterrari. Oro har, joko astuna egin du kanporaketetan, eta aurkariek nahiko erraz egin diote min. Haatik, argentinarrek beti egin dute aurrera, pasioz eta kemenez. Ingalaterrari garesti ordainarazi zioten 1-0 ipini ondoren egin zuen atzerako urratsa, eta 85. eta 92. minutuetan atea zulatuta, finalerako txartela eskuratu zuten. Kanporaketetan 11 gol sartu dituzte orain arte, eta horietatik bederatzi 76. minututik aurrera sartu dituzte.
Bi estilo aurrez aurre
Erdilarien arteko lehia
Baloia nahi duten bi selekzio dira Argentina eta Espainia, baina ezberdina da bakoitzaren funtsa. Scalonik Messiren eskuetan utzi ditu Argentinaren giltzak, eta jokaldi gehienak haren baitan antolatzen dira. Espainia, ordea, ez dago jokalari bakarraren menpe. Adimen taktiko eta gaitasun tekniko handiko jokalariak elkartu ditu De la Fuentek, eta bere filosofia barreneraino txertatu die. Bi hiruki dira Espainiaren jokoaren ardatza: bata, Cubarsik, Laportek eta Rodrik osatzen dute, defentsan; eta bestea, Rodrik berak, Fabianek eta Dani Olmok, zelai erdian. Gaur, Argentinak zailtasunak izango ditu aginte makila hartzeko, zelai erdian goi mailako hiru jokalari dituen arren: Enzo, Mac Allister eta Paredes. Scalonik beste erdilari bat ere zelairatu izan du, De Paul, baina Ingalaterraren aurka Simeone ipini zuen hasieratik, eskuinetik jokoa sakontzeko.
Espainiak aurrerantz defendatzen du beti, eta behin baloia hartuta, ez du askatzen. Gauzak hala, ikusteko dago Argentinak non paratzen dituen lerroak, eta nola egiten duen presio. Geldikako jokaldiak baliatzen saiatuko da, alor horretan arriskutsua baita.
Messi eta Lamine
Maisua eta ikaslea
Marka da, baina Messi 39 urterekin ari da jokatzen bere Munduko Koparik onena. Zortzi gol sartu ditu orain arte, eta goleko lau pase eman. Eta estatistikez harago, harrigarria da ikustea nola menderatzen duen jokoa, trebe eta adimentsu. Gauzak okerren izan direnean, barrutik eskuinerantz egin du, eta katramila askatu. Gaur finala irabaziz gero, Maradonak baino Munduko Kopa bat gehiago izango luke, eta askok amaitutzat emango lukete Argentinako bi ikur historikoen arteko eztabaida.
Espainia gailenduko balitz, ordea, Lamine Yamalek Messiren lekukoa hartuko luke, Bartzelonan egin duen bezala. Kataluniako taldean 10. zenbakidun elastikoa oso astuna da Messik erantzi zuenetik, baina Laminek airoski darama. Munduko Kopara ez da sasoi betean iritsi, baina, halere, oso garrantzitsua izan da Espainiak finaleraino egin duen bidean. 19 urte bete berria da, eta munduko txapeldun gazteenetan laugarrena izan liteke, Pele eta Ronaldo brasildarren eta Giuseppe Bergomi italiarraren atzetik.