Futbola

AEBek bikain ekin diote Munduko Kopari, Paraguairi nagusitasunez irabazita (4-1)

Etxeko taldea bizi eta eraginkor aritu da partida hasi eta buka, eta ez dio aukera txikiena eman aurkariari. Lehen zatian jada erabakita utzi du neurketa, hiru golen aldea lortuta. Balogunek bi gol sartu ditu.

FOLARIN BALOGUN. OMAR ALONSO / EFE
Folarin Balogun AEBetako aurrelaria, Paraguairi sartutako bi goleko bat ospatzen. OMAR ALONSO / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 13a
09:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxekoen festa izan da Los Angelesko estadioan (AEB): festa, harmailetan, eta, festa zelaian. AEBetako selekzioak era ikusgarrian ekin dio Munduko Kopari, nagusitasunez irabazi baitio Paraguairi D multzoko lehen neurketan: 4-1 hartu du mendean. 

Emaitza argigarria da: AEBek ez diote aukerarik eman Paraguairi. Oso ondo jokatuz egin dute, bizi eta eraginkor arituz. Horri esker, lehen zatian jada erabakita utzi dute norgehiagoka, hiru golen aldea lortuta: 3-0. Hasi eta gutxira hasi dira bideratzen lehian, zazpigarren minutuan Damian Bobadilla Paraguaiko erdilariak bere atean sartu du gola. Gol horrek etxekoen nagusitasuna besterik ez du egin, eta atsedenaldia iritsi bitarte beste bi gol sartu ditu: Folarin Balogun aurrelariak sartu ditu biak. 

Bigarren zatian ere nagusi izan dira etxekoak. Hala ere, Paraguaik asmatu du lehenbizi, eta, 73. minutuan Mauricio Magalhaes erdilariak aldea murriztu du, baita emaitza txukundu ere. Baina estatubatuarrek ekinean jarraitu dute, eta norgehiagoka amaitzear zela Giovanni Reyna erdilariak AEBen laugarren gola sartu du. Horrela amaitu da partida. Etxeko taldeak oso itxura ona eman du. Paraguaik, aldiz, eskasa.

(ID_16176433) FIFA WORLD CUP 2026
Tajon Buchanan kanadarra, Sead Kolasinac bosniarra gainditu nahian. EDUARDO LIMA / EFE

Kanadaren lehen puntua

Atzo, berriz, B multzoko lehen partida jokatu zuten Kanadak eta Bosniak. Bana berdindu zuten Toronton (Kanada). Etxeko taldea nagusitu zen zelaian, baina Bosnia aritu zen eraginkorren: aukera garbi bakarra izan zuen, eta aprobetxatu egin zuen. Jovo Lukicek sartu zuen partidako lehen gola, 21. minutuan. Buruz errematatu zuen baloia korner batean, eta Maxime Crepeau Kanadako atezainak huts handia egin zuen.

Gola sartu eta gero, Bosniak atzerapauso bat eman zuen, eta defentsan adi egotera mugatu zen. Kanadak, ordea, erasora jo zuen, berdindu nahian. Aukera garbiak izan zituen: besteak beste, Bosniako atzelariek bitan atera zuten baloia atepetik. Azkenean, ahaleginaren saria jaso zuen, eta 79. minutuan, zelaira irten berritan, Cyle Larinek banakoa sartu zuen, baloia arearen mugan jaso, ondo jarri eta jaurtita. Horrela bukatu zen partida.

Berdinduta, Kanadak bolada txarra eten du, eta lehen puntua lortu du Munduko Kopa batean: sei partida jokatuak zituen bi ekitaldietan, eta guztiak galdu zituen. Bosnia, berriz, pozik egon daiteke puntuarekin, sari ona baita egin zuena kontuan hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE