Munduko Kopa

AEBak final-hamaseirenetarako sailkatu dira, eta Marokok eta Brasilek eskura dute aurrera egitea

Etxekoek 2-0 irabazi diote Australari. Maroko 0-1 gailendu zaio Eskoziari, eta Brasil 3-0 Haitiri. Paraguaik, berriz, 0-1 hartu du mendean Turkia.

AEBetako Freeman, Australiari sartutako gola ospatzen. STEPHAN BRASHEAR / EFE
AEBetako Freeman, Australiari sartutako gola ospatzen. STEPHAN BRASHEAR / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 20a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurrera doa Munduko Kopako multzoen fasea, eta horrekin batera hasi dira hainbat selekzio final-hamaseirenetarako sailkatzeko. Zerrenda horretara batu den azkena izan da AEBak, orain arte jokatutako bi partidak irabazi baititu, eta sei puntu ditu. Brasilek eta Marokok ere ia ziurtatuta dute tokia kanporaketetan, lortu duten garaipenarekin lau puntu baitituzte. Paraguai borrokan sartu da;  Haitik eta Turkiak, aldiz, etxerako bidea hartuko dute. 

AEBak 2-0 AUSTRALIA 

D multzokoa izan zen atzo jokatu zuen lehen partida, AEBen eta Austrailaren artekoa. Etxekoak gailendu ziren, 2-0, eta dagoeneko final-hamaseirenetarako sailkatu dira. Lehen bi jardunaldietan oso itxura ona eman du Mauricio Pochettinok zuzentzen duen selekzioak. Atzoko bi golak Burgessek bere atean (11. min.) eta Freemanek sartu zituzten (43. min.)

Australia atzean sartuta irten zen. AEBek, berriz, erasora jo zuen, hegaletatik min eginez, eta erdiraketa batean ostean iritsi zen Burgessek bere atean sartutako gola. Pochettinok zuzentzen duen selekzioak bere horretan segitu zuen, eta aurrean dituen jokalarien abiadura eta mugitzeko gaitasuna baliatu zituen arriskua sortzeko. 

Dena den, ura edateko geldialdia baino lehenagoko minutuetan Australia saiatu zen aurkariaren atera gerturatzen. Hortik aurrera, ordea, berriro ere etxekoek hartu zuten jokoaren ekimena, eta bigarren gola sartuz biribildu zuten lehen zatian egindako lan ona. Epaileak VARean konstultatu eta gero eman zuen ontzat Freemanen gola. Bigarren zatian AEBek aukeraren bat izan arren, Australia izan zen gora  egin zuena, eta izan zuen aukeraren bat gola sartzeko, eta aldea murrizteko. Baina ez  zuen asamatu, eta hasi bezala amaiatu ziren bigarren 45 minutuak. 

TURKIA 0-1 PARAGUAI

Lehen jardunaldian galdu eta gero, multzo horretan, irabazi beharreko partida zuten Turkiak eta Paraguaik. Azkenerako, goizalean, Ameriketako selekzioa izan da garailea, 1-0 irabazi du. Horrenbestez Turkia txapelketatik kanpo geratu da. Paraguaik 2. minutuan sartu du hiru puntuak eman dizkion gola. Presioan fin aritu da, Turkiak baloia galdu du, eta Galarzak baliatu du jaurtiketa on batekin aurkariaren atea zulatzeko.

Gustavo Alvarok zuzentzen duen taldeak espero baino askoz lehenago lortu du bilatzen zuena. Gol horrekin baloiaren jabe izaten utzi dio Turkiari, atzean sartu da eta kontraerasoan saiatu da errenta handitzen. Turkiari argitasuna faltatu izan zaio, eta ez du zulorik topatu Paraguairen defentsaren egituran. Aukerarik argiena 35. minutuan izan du Turkiak, falta batean. Baina Akgunek egin duen errematea langara joan da.  Luzapenean, berriz, epaileak Paraguaiko jokalari bati txarte gorria atera dio: Almironi. FIFAren araudi berria aplikatu du. Izan ere, falta baten ostean Almironek ahoa estali du eskuarekin, eta zerbait esan dio Akguni. Epaileak ez du bitan pentsatu eta gorria atera dio. Bigarren zatian, zelaian jokalari bat gehiago eduki arren, Turkiak ez du argitasunik izan, eta izan duenean ez du asmatu. Adibidez, 89. minutuan aukera bikoitza izan du baina ezin izan du neurketa berdindu.

(ID_16200376) FÚTBOL MUNDIAL 2026Matias Galarza Paraguaiko jokalariak partida hasi eta berehala sartu du gola. MIGUEL GUTIERREZ / EFE

ESKOZIA 0-1 MAROKO

C multzoan Marokok hasi eta berehala bideratu du neurketa, 2. minutuan gola sartu baitu. Brahimek pase bikaina eman dio Saibariri, eta aurrelariak ez du huts egin. PSVko jokalariak gola sartu zuen baita ere lehen jardunaldian, Brasilen aurkako partidan, eta egiten ari den lan ona tarteko Bayern Munichek fitxa dezakeela aipatu da. 

Neurketan ez da gol gehiago izan, baina Marokok kontrolpean izan du neurketa, hasi eta buka.  Errenta txikia izan arren, ez du aparteko estutasunik izan hari eusteko. Bigarren zati hasieran pare bat aukera izan ditu bigarrena sartzeko; argiena Salibarik. Baina errematea langara joan zaio. Baina berehala Marokok partida kontrolatzearen alde egin du berriro ere, baloiaren jabetza izan eta jokaldi luzeak landuz. Eskoziak partida eskasa jokatu du, arriskurik hartu gabe, eta azken txanpan baino ez da estutu Maroko. Lau punturekin Morokok ondo bideratuta du sailkapena, azken jardunaldian Haitiren kontra jokatuko baitu, multzoko selekziorik ahulena. Haitiarrak txapelketatik kanpo daude dagoeneko. Eskoziak, berriz,  punturen bat batu beharko du Brasilen aurka, gutxienez hirugarren postua ziurtatzeko, eta Munduko Kopan jarraitzeko aukera izateko.

(ID_16199793) FIFA WORLD CUP 2026
Maroko jokalariak garaipena ospatzen. GREG M. COOPER / EFE

BRASIL 3-0 HAITI

Multzoko beste partidan Brasilek 3-0 irabazi dio Haitiri. Carlo Ancelottik zuzentzen duen taldeak lehen zatian sartu ditu hiru golak: Cunhak bi sartu ditu (23. eta 36. min), eta Viniciusek beste bat atsedenaldia iristear zela, 48. minutuan. Marokoren aurkako partidan ateratako hasierako hamaikakoarekin alderatuz Ancelottik sartu duen berritasunetako izan da Cunha, eta aurrelariak bikain aprobetxatu du bere aukera. 

Hala, atsedenaldirako etxeko lanak eginda zituzten brasildarrek. Baina ez da izan jokoan distiratsu aritu direlako, Haitik atzean egindako akatsengatik baizik. Lehen postua lortzeko borrokan, Brasili ahalik eta gol gehien sartzea komeni zitzaion, baina bigarrenean ez du halakorik egin. Endrickek bat sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, baloia jaso duenean jokoz kanpo zegoelako. Beste pare bat aukera ere izan ditu. Haitik bigarren zatian itxura hobea eman du, eta gutxienez uneren batean Alisonen atera gerturatu da. 

(ID_16200111) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Cunha eta Paqueta elkar besarkatuta. DAVID TORO / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE