Futbola. Europako Ligako finalerdiak: Sporting Lisboa-Athletic

Muniain bai, Gurpegi ere bai

Sei hilabete min hartuta egon ondoren, Sporting Lisboaren aurkako partidarako deialdian sartu du Gurpegi entrenatzaileakEzker begiko ubeitisa gaindituta, ziurrenik hasierako hamaikakoan izango da Muniain

jon eskudero
Bilbo
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Aspaldian zorioneko dira Lezaman. Emaitzak aldeko ditu Athleticek, eta atzoko lan saioan Carlos Gurpegik eman zuen eguneko poza. Iazko urriaren 23an, ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen Valentzian, eta bazirudien sasoi honetan ez zuela gehiago jokatuko. Bada, uste guztiak hankaz gora bota ditu nafarrak. Gainontzeko taldekideekin aritu zen normal-normal, eta Marcelo Bielsak biharko partidarako deialdian sartu du. Ez dirudi Sporting Lisboaren aurka minuturik jokatuko duenik, baina prest dago, behintzat.

Athleticek neurketak bata bestearen atzetik dituen garai honetan, albiste bikaina da Gurpegi jokatzeko moduan egotea. Izan ere, jokalari batzuk kili-kolo dabiltza, eta Bielsak eskertuko du nafarraren itzulera. Iker Muniain da, esaterako, azken partidan kale egin zuenetako bat. Erdilariari buruko min franko eman dio ezker begiko ubeitisak, baina taldearekin bidaiatu zuen, eta, ondo bidean, hasieratik ariko da. Atzo partida txiki bat jokatu zuen ordezkoekin, eta itxura ona eman zuen.

Gurpegiren presentzia kenduta, Bielsaren deialdian ez dago aparteko berritasunik. Iñigo Perez etxean geratu da min hartuta dagoelako, eta egoera berean daude Igor Martinez, Xabi Castillo eta Aitor Ocio. Harritzekoa da 22 jokalariko zerrendan Javi Martinezen izena ikustea. Atzelaria zigortuta dago, eta ezin izango du jokatu. Ekiza ariko da haren lekuan.

Hasierako hamaikakoan izango den bestea Ander Iturraspe da. Erdilaria taldeko birika bihurtu da, eta haren lana funtsezkoa da Bielsak nahi duen jokoa egiteko. Hain zuzen ere, Sporting Lisboa menderatzeko joko horri eustea beharrezkoa dela esan zuen bizkaitarrak atzo, lan saioa amaitu berritan: «Euren arma nagusia kontraerasoa da. Hori antzeman dugu orain arte ikusitako bideoetan. Horrek ez du esan nahi, ordea, gure jokoa alde batera utzi behar dugunik. Orain arteko nortasun bera erakutsi behar dugu».

Portugalgo taldea zerbaitegatik nabarmendu bada, defentsako lanagatik nabarmendu da. Europako Ligan sei partida jokatu ditu etxean, eta guztiak irabazi ditu, soilik bi gol jasota. Athletic, baina, ongi dabil aurkariaren ate inguruan, eta, horregatik, lehia orekatua espero du Iturraspek: «Finalerdietan badaude, gauzak ongi egiten ari direlako daude. Jokalari bikainak dauzkate, baina inori ez diogu presio berezirik egingo. Hobeak garela zelaian erakutsi behar dugu».

Taldea urte magikoa bizitzen ari dela garbi dauka erdilariak, baina ametsarekin jarraitzeko gogotsu dago: «Aldageletan bizitzen ari garen giroa aparta da. Elkarren artean harreman bikaina daukagu. Badakigu historia egiteko zorian gaudela, baina futbolari profesionalak gara, eta biharko partidan kontzentratuta gaude». Urduritasuna etxean utziko dutela agindu zuen.

Izan ere, lasaitasunik eza izan daiteke Athleticen etsai nagusia, Iturrasperen arabera: «Minutu guztietan partidan zentratuta egon behar dugu. Orain arte sekulako neurketak jokatu ditugu, eta konfiantzaz gainezka gaude. Badakigu gauzak ongi eginez gero aukera asko izango ditugula kanporaketa gainditzeko». Fisikoaren garrantzia handia izaten ari da Europako Ligako partidetan, eta, alde horretatik, arduratzeko arrazoirik ez dagoela gogorarazi zuen bizkaitarrak: «Betiko kezka da nekearena. Nire ustez, fresko gaude, eta galduko bagenu, ez litzateke hori izango aitzakia».

Jose Alvalade Sporting Lisboaren zelaian presio handia egiten dute etxeko zaleek, baina erdilariari ez dio askorik ardura: «Guk ere izango ditugu jarraitzaileak, eta ez gutxi, gainera. Eskertzekoa da euren portaera». Athleticek gaur egingo du lan saioa bihar jokatuko duen zelai berean (20:00).

Koparako 22.000 eskaera

Iturraspek ez ezik, Raul Fernandez ordezko atezainak ere hitz egin zuen atzo, eta taldearekin beste hiru urterako kontratua luzatu duelako pozik dagoela aitortu zuen: «Eskaintzak izan arren, nire nahia beti izan da Bilbon segitzea, eta, horregatik, pozik nago. Bielsa da nire erabakiaren errudun nagusia».

Bestalde, Espainiako Kopako finalerako bazkideen 22.000 eskaera jaso ditu oraingoz Athleticek. Taldeak 17.000 soilik dauzka, eta, beraz, zozketa egingo du, igande honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.