Arrauna

Mutriku: berriz itsasoan, bi urteren ostean

Bi denboraldi lehorrean egon ondoren, berriro itsasoan da Mutriku arraun taldeko trainerua. Egoitz Elezgarai entrenatzaile eta arraunlariak «pozik» dabilela adierazi du.

Mutrikuko trainerua, itsasoan. JOSE A. RODRIGUEZ
Mutrikuko trainerua, itsasoan. JOSE A. RODRIGUEZ
Mutriku
2026ko uztailaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Poza ematen dit trainerua berriro atera izanak. Asko bizi dut arrauna, eta herriko jendearekin taldea osatzea sekulakoa da». Horrela mintzatu da Egoitz Elezgarai (Mutriku, Gipuzkoa, 1992) Mutriku taldeko arraunlaria eta entrenatzailea. Bi denboraldi lehorrean egon ondoren, trainerua uretaratzea lortu dute, eta KAE 2 ligan ari dira.

Aurretik zenbaitek erakutsi zuten arraunerako asmoa eta gogoa. Hala azaldu du Elezgaraik: «Herriko Kalbario jaietan, urtero jendeak arraunean aritzera animatuko zela esaten zuen, baina azkenean ez zen taldea ateratzen». Aurten, baina, ezberdina izan da: «Batzuek zuzendaritzarekin hitz egin, eta arraun egingo zutela esan zuten. Hasieran, lau edo bost lagun hasi ziren, eta laguntza eskatu zidaten. Ondoren, jende gehiago animatu zen». 22 arraunlari dira taldean, eta entrenatzaileak taldeak duen herri izaera azpimarratu du: «Hamasei arraunlari herrikoak dira. Gainontzekoak, Ondarroatik, Zumaiatik eta Getariatik heldu dira. Trainerua uretan badago eta herritarrak bertan badaude, jendea begira egongo da».

Taldekide gehienak, gainera, beste kirol batzuetan aritzen ziren, eta utzi egin dituzte arraunean hasteko; beraz, asko lehen aldiz ari dira traineruan. Talde hasiberri batean funtsezkoa da taldekideen artean harreman ona egotea, eta horren inguruan aritu da entrenatzailea: «Giro bikaina dago taldean. Aisialdian ederki pasatzen dugu elkarrekin, baina uretara irteten garenean serio jartzen gara; lehiakorrak gara».

«Hamasei arraunlari herrikoak dira. Gainontzekoak, Ondarroatik, Zumaiatik eta Getariatik heldu dira. Trainerua uretan badago eta herritarrak bertan badaude, jendea begira egongo da»

EGOITZ ELEZGARAI Mutrikuko arraunlaria eta entrenatzailea

Taldean herritar ugari daudenez, harrobiko arraunlari asko dituzte traineruan. Aurreko aldian, ez zen horrela izan, eta zer arazo izan zituzten kontatu du Elezgaraik: «Trainerua atera zen aurreko aldian, bost arraunlari ziren soilik herritarrak. Ondorioz, arazo gehiago zeuden hamalaukoak egiteko garaian».

Trainerua lehiara itzuli izana herriarentzat «pizgarria» izan dela nabarmendu du entrenatzaileak. Dena den, trainerua geldirik egon bada ere, arraun taldeak ez du etenik izan: «Arraun taldeak bere horretan jarraitzen du. 50 emakume daude infantil, kadete eta jubeniletan». Trainerua, trainerilla eta batela lehian egoteak garrantzia du herria arraunera lotuta edukitzeko garaian: «Batelak eta trainerillak neguan lehiatzen dira, eta traineruak udan. Ondorioz, urte osoan dago arraunari lotuta egoteko aukera». 

Hasiberria izaki, oraindik egokitze prozesuan dago Mutriku taldea. Horrelakoetan, beti dago hobetzeko zerbait. Elezgaraik, hala ere, alde positiboak nabarmendu ditu: «Jarrera aldetik ezin zaio gehiago eskatu taldeari. Konpromisoa erakusten dute, eta hobetzeko gogoz daude». Esperientzia lortzeko, entrenatzaileak esan du uretan eta lehiatzen ordu gehiago egin behar dituztela, baina, neguan egindako eguraldia tarteko, azaldu du itsasoan ez zituztela «nahi bezainbeste» entrenamendu egin. Ondorioz, oraindik «ikasten» ari dira.

Elezgarai entrenatzaile eta arraunlari aritzen da Mutrikuko ontzian. Gustura dagoela aitortu du, baina ez du uste bere profila entrenatzailearena denik. Hamar urte daramatza arraunean, eta laguntzeko eskatu zioten. Arraunlari eta entrenatzaile izatearen zeregina nolakoa den kontatu du: «Arraunlaria zarenean, egiten duzun horretan soilik jartzen duzu arreta. Entrenatzaile gisa, berriz, talde oso bat dago zure esku, eta hori kudeatzen jakin behar duzu».

Ligan seigarren

Hamar estropada jokatu dira KAE 2 ligan, eta Mutriku seigarren lekuan dago sailkapenean —zortzi talde dira guztira—. Elezgaraik orain artekoaren balorazioa «positiboa» dela esan du: «Hasierako helburua talderen bat atzetik uztea zen, eta biren gainetik egon gaitezkeela erakutsi dugu». 

Ez da erraza lehiakorrak izatea; are gutxiago taldekide ugari hasiberriak izanda. Hala ere, entrenatzaileak azpimarratu du ari direla lortzen: «Lagunartean sortutako taldea da, eta pozgarria da ikustea itsasoan lehiakorrak izan gaitezkeela. Maila eman dugu arraunean eskarmentua dutenen aurka, eta txandak irabaztea lortu dugu».

Hasieran ezarritako helburuak betetzen ari da, beraz, Mutriku. Lau estropada geratzen dira denboraldia amaitzeko, eta bukatu bitartean zer lortu nahi duten kontatu du entrenatzaileak: «Sailkapenaren goiko aldean dauden taldeak estutu nahi ditugu. Pixkanaka euren mailara hurbiltzen ari gara, eta alde horretatik ongi ari gara lanean».

Bide onetik doa trainerua, eta Elezgaraik etorkizunaz ere hitz egin du: «Espero dut traineruak etorkizuna edukitzea. Zazpi urteko beste aro bat egitea zaila iruditzen zait, baina hiru urterako badago trainerua. Emakume arraunlariak ere egon badaude, baina hainbati oraindik bi urte geratzen zaizkie traineruan hasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA