Nekatuta eta kezkatuta dago Mikel Garcia (Gasteiz, 1963) Euskadiko Atletismo Federazioko jarduneko presidentea. Zuzendaritza batzordeak dimisioa eman zuen urriaren 10ean, «egiturazko arazo ekonomikoek» behartuta. «Ez zegoen beste aukerarik», aitortu du. Eusko Jaurlaritzarekin bildu eta egoera onbideratzea desio du, baina ez dago oso baikor.
Dimisioa eman duzue. Zein da egoera?
Zuzendaritzara sartu ginenean, batez ere ekonomia arloan hasi ginen lanean, ikusteko zein zen federazioaren benetako egoera. Orduan, aurrekontuetan aintzat hartu gabe zeuden ustekabeko gastuekin egin genuen topo, eta horiek handituz joan dira. Batzuk lan kontuei lotutakoak dira, itunean izandako atzerapenak-eta, eta beste batzuk Euskadiko selekzioak torneo batzuk jokatu dituelako Eivissan, Fuerteventuran eta beste. Horrek, azkenean, defizit handia eragin du; egoerak ez zuen irtenbiderik. Bi bilera egin genituen Eusko Jaurlaritzarekin, eta esan ziguten momentuz ezin zutela ezer egin. Aldarte horretan, egoera azaltzeko ohiko batzar batera deitu genuen, eta dimisioa ematea erabaki genuen. Horraino.
Zaila izan da erabakia hartzea?
Oso. Gogotsu hasi genuen agintaldia, gauzak aldatu nahi genituen, eta lan egiteko gogoz geunden. Batzorde oso ona eratu genuen, lurralde bakoitzeko bi kidek osatua, eta estamentu guztiak zeuden ordezkatuta. Baina, noski, ekonomikoki horrela egonda, ezinezkoa da ezer egitea. Ez genuen espero hau. 2025erako aurrekontuan, teorian, gastuak eta sarrerak orekatuta zeuden, zeroan. Baina kontuak aztertzen eta eguneratzen hasi ginenean, konturatu ginen gorabeherak zeudela: aurreikusi gabeko gastuak, aurrekontuetakoak baino askoz handiagoak, eta atzerapenak nominak ordaintzerakoan. Egoera, hasieran, oraingoa baino askoz larriagoa zen, baina orain ere txarra da.
Neurriak hartu zenituzten: besteak beste, atleten egonaldiak bertan behera uztea eta autonomia erkidegoetako federazioen Espainiako Txapelketa batzuetan parte hartzeari uko egitea. Hala ere, ez da nahikoa izan.
Aurretik zetorren arazo bat da. Gastuak murriztu eta murriztu egin dira, baina, une batetik aurrera, ezin duzu gehiago murriztu. Egin genezakeen bakarra federazioen torneoetara ez joatea zen. Euskadiko selekzioarekin zortzi torneotan hartu dugu parte: krosa dago, proba konbinatuak, traila, pistako probak... Zaila zen batetik edo bestetik murriztea. Gainera, gu sartu ginenerako, txapelketa batzuk jokatuta zeuden, eta beste batzuk jokatzear; bideraezina zen. Eta lan arlokoa zintzilik zegoen gauza bat da; diru kopuru nabarmen bat ordaindu behar genuen. Zulo handia eragin du horrek guztiak.
Eusko Jaurlaritzarekin bildu zarete. Ez du laguntzeko borondaterik agertu?
Bi bilera izan genituen haiekin, eta ondoren telefonoz deitu genien dimisioa eman genuela jakinarazteko. Hasieran esan ziguten ez zirela kapaz arazo ekonomikoa konpontzeko. Badirudi orain beste bilera bat egin nahi dutela gurekin, zain gaude.
Jarrera aldatu dute?
Bai. Jaurlaritzak erabaki behar du: edo esku hartu, edo desegin. Pisua du Euskadiko Atletismo Federazioak. Aurten Munduko Txapelketan hiru euskal atleta aritu dira, eta iaz Olinpiar Jokoetan beste hiru. Hau da, sei atleta behintzat ari dira elitean. Eta atzetik, ate joka, oso indartsu datoz; ziurrenik batzuek hurrengo urtean Jokoetarako gutxieneko markak izango dituzte. Atletismoa nazioarteko txapelketetan euskal ordezkari gehien duten kiroletako bat da. Maila handia dago. Beraz, Jaurlaritzak ez du nahi desagertzea. Azkenekoz haiekin telefonoz hitz egindakoan esan ziguten saiatuko direla irtenbide bat aurkitzen.
Itxaroten zaudete, beraz...
Bai, deitu eta bilera izateko zain gaude. Haiek ere proposatu beharko dute zer aukera ikusten dituzten, edo zenbateraino lagundu dezaketen. Ea zer egin dezakegun. Federazio batek torneoetan ez badu parte hartzen eta ezin badu txapelketak antolatu ere egin, ez du zentzurik existitzeak.
«Ea zer egin dezakegun. Federazio batek torneoetan ez badu parte hartzen eta ezin badu txapelketak antolatu ere egin, ez du zentzurik existitzeak»
Honek guztiak nola eragiten die atletei?
Kezkatuta daude. Haientzat torneo garrantzitsuak dira, eta eragiten die, batez ere gazteei, 16 eta 18 urtez azpikoak ere joaten baitira. Haientzat esanahi handia du halako txapelketetan Euskadiko selekzioko kamiseta janzteak. Hori da gehien gustatzen zaiguna.
Zuzendaritza batzorde berri bat osatzeko hauteskunde prozesu bat abiatuko duzue, eta, hautagaitzarik aurkezten ez bada, baliteke Euskadiko Atletismo Federazioa desegitea. Oraintxe, zer aukera daude?
Printzipioz laster abiatuko dugu hauteskunde prozesua. Apur bat luzatuko dugu, aurrez Jaurlaritzarekin elkartu eta arazoari konponbide bat bilatzen saiatzeko. Eta, bestela, abendura bitarte ezohiko batzar batera deitu beharko genuke, eta batzarra osatzen duten klubek erabakiko dute federazioarekin zer egin. Muturrekoa da egoera: edo esku hartu edo desegin, ez dago besterik.
Egoera onbideratuko balitz, segituko zenukete?
Ikusi beharko da laguntza zenbatekoa den edo hurrengo urteetarako nolako plana osatzeko moduan geundekeen. Aukera balego arazo guztiak nolabait konpontzeko... ez dugu baztertzen. Esan bezala, gogotsu sartu ginen zuzendaritza batzordera, eta kolpea izan da.
«Egunean egunekoari heldu behar izan diogu, baina, gainerakoan, ezer gutxi egin ahal izan dugu»
Hasieran, zein ziren zuen helburuak?
Euskadiko Txapelketak indartu nahi genituen, duten baino garrantzi handiagoa eman. Baita federazio autonomikoen torneoetara ahalik eta talde onenak ematen saiatu ere. Plan teknikoa ere bazegoen, epaileak, berdintasuna... Lanean hasteko puntu asko genituen. Kontua da ezin izan dugula ezer martxan jarri, ezinezkoa izan da. Egoera ekonomikoak agindu du une oro. Egunean egunekoari heldu behar izan diogu, eta tokatzen zitzaizkigun torneoak jokatu, baina, gainerakoan, ezer gutxi egin ahal izan dugu. Orain jardunean ari gara, eta lanean segitu behar dugu.
Ofizialtasunera bidean ere urratsak egin nahi zenituzten?
Guztiok dugu hor zer egin; ofizialtasuna da denok nahi duguna. Euskadiko selekzio gisa jokatzen dugu, baina autonomia erkidegoen torneoetan, nazioartekoetan ez. Talka dugu hor Espainiako Atletismo Federazioarekin.
Nola zaudete?
Emozionalki gaizki, eta fisikoi ere eragiten ari zait. Kolpe latza izan da. Bilera asko izan ditugu, kontu asko egin behar izan ditugu, egunero aritu gara hizketan ea zer egin genezakeen, eta, azkenerako, niri fisikoki ere eragin dit. Espero dut konponbide bat bilatzea. Uste dut euskal atletismoak ez duela hau merezi.