Hernanin eta Lizarran jokatu ziren joan den asteburuan III. Berria Txapelketako lehen bi kanporaketak. Hernanin eta Altzan dira partida guztiak jokatzekoak, baina talde bakoitzak badu aukera bere partida erosi eta antolatzeko. Hori egin zuen Lizarrako San Miguelek, eta horregatik jokatu zen igandeko jardunaldia Remontival pilotalekuan. Nafarrek indartsu ekin diote txapelketari: Burlatako Zugarralde eta Lizarrako San Miguel sailkatu dira.
ZUGARRALDE (BURLATA) 52; ARKUPE (GERNIKA) 49
Kadeteak: Ansotegi-Kortabarria 22; Soler-Vega 6.
Gazteak: Idoate-Soroa 22; Aiesta-Ibarra 21.
Nagusiak: Arraztoa-Irazeburu 8; Oar Arteta-Apraiz 22.
Modu ikusgarrian hasi zen txapelketa Hernanin. Beste behin, lehiaketa sistemak jarri zuen emozioa, tantoak kontatzen aritu baitziren azken partidan, eta une batez larri antzean ere ibili ziren Zugarraldekoak, errenta jatekotan izan zirelako Arkupekoak. Ez zuten lortu.Kadeteetan, erraz irabazi zuten Zugarraldekoek. Bi atzelarien artean ez zen alde nabarmenik izan, baina Ansotegikegin zuen aldea, aurreko koadroetan, mota guztietako tantoak eginda.Gazte mailakoa izan zen partidarik onena. Bi bikoteek ondo zekiten zer egin behar zuten: nafarrek tantoak aurrean eta bizkaitarrek tantoak atzean. Mikel Idoateren abiadura baliatu batzuek aurrean, eta Eder Ibarraren indarra besteek atzean. Lehiatua izan zen oso norgehiagoka, eta nafarrek tanto bakarreko aldeaz atera zuten aurreraIbarrak dejada huts egin zuen 21na ari zirela.17 tantoko errentarekin hasi zuen Zugarraldek nagusien partida. Bost tanto eginda, kanporaketa irabazita zeukan, baina 14-1 hasi ziren nafarrak galtzen. Presioa eta nerbioak nafarren aldean, eta Alexis Apraizen beso freskoa bizkaitarren aldean.Oar Artetak egindako falta batek eraginda, pilota aldatu zuten nafarrek eta 8 tantotaraino joan. Eskerrak. Hurrengo tantoa egin, euren pilota atera, eta 22raino joan ziren bizkaitarrak.
SAN MIGUEL (LIZARRA) 66; ANAITASUNA (AZKOITIA) 40
Kadeteak: Peñas-Lana 22; Epelde-Zendoia 15.
Gazteak: Maestresala-Nubla 22; Andreu-Andueza 8.
Nagusiak: Zufiaurre-Girones 22; Goenaga-Arrieta 17.
Erraz nagusitu ziren Lizarrakoak, eta kadeetakoa izan zen partida onena. Bi atzelariak ez dira kolpe handia dutenak, baina oso seguruak bai. Aurrelarietan, Harkaitz Peñas, gutxi arriskatuz eta egin behar zuena eginez, Oier Epelde baino hobeto aritu zen, azkoitiarrak asko arriskatu eta tanto batzuk galdu baitzituen. Azken hiru tantoak Peñasek egin zituen, saketik, zabalean.
Gazteetan, Anaitasunakoak ziren faborito, baina Xabier Andreuk, maila horretako pilotaririk onenetakoa izan arren, egun txarra izan zuen eta Maestresalas izan zen onena.Nagusien partidan, dena erabakita egon arren, pilotariak serio aritu ziren. Arrietak huts asko egin zituen. Goenagak ondo dagoela erakutsi zuen, nahiz eta oraindik ere tantoa bukatzea kosta egiten zaion.
Nafarrek primeran ekin diote BERRIA txapelketari
Zugarraldek eta San Miguelek egin zuten aurrera lehen jardunaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu