AIZKORA

Nafarroako onenen txanda finalera sartzeko jokoan

Bederatzi aizkolarik Maila Nagusiko kanporaketa jokatuko dute Etxarri-Aranatzen; Mindegia eta Jaunarena ez dira ariko

DONOSTIA
2004ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Urriaren 31n jokatuko da Nafarroako Maila Nagusiko finala, Donezteben (12:00). Aurrez, ordea, kanporaketa jokatu beharko dute bederatzi aizkolarik, eta bost txartel izango dituzte jokoan, bihar, Etxarri-Aranazko pilotalekuan (13:00). Bestalde, aizkolariren batek aurten maila galduko duen edo ez erabakitzeko heldu den urtean Maila Nagusian jarraituko duten aizkolarien kopurua izango du kontuan Nafarroako Federazioak.

Biharko kanporaketan hamaika aizkolari ziren aritzekoak, baina Mindegia katarroarekin dago eta Jaunarena ere pattal dabil osasunez. Beraz, aukera gehiago izango dute hautagai nabarmenak ez direnek finalera sailkatzeko. Hiru txandatan lehiatuko dira.Iaz Vicente lau segundogatik geratu zen finaletik at. Otsagikoak iazko arantza sartua du. Gainera, aurtengo Euskadiko II. Mailako finaletik kanpo ere geratu zen, txapela janzteko hautagaietako bat zenean. Hain zuzen, bihar ariko diren hiru aizkolari sailkatu ziren bere aurretik: Aitor Senosiain, Erdozia eta Kañamares. Beraz, badu arrazoirik behingoz pozaldi bat hartzeko.Nazabal, Barberena eta Larretxea Euskadiko Maila Nagusiko finalean ere ariko dira, eta pentsatzekoa da Nafarroakoan jarduteko ere aukera guztiak dituztela. Antonio Senosiain iaz baino hobeto ari da aurten, eta ez zuen urrun izan Euskadiko Maila Nagusiko finalera sartzea. Bistan da gutxienez bi txartel irabazteko oso lehia polita izango dela.

Egur Sporten Etorkizuneko Aizkolarien Ligako finala

Murgian (Araba) jokatuko da final hori, bihar, 12:30ean, eta lau aizkolari gazte ariko dira lehian: Ugaitz Mugertza eta Arkaitz Iriarte Igertza gipuzkoarrak, Jose Angel Zubiaga arabarra eta Xabier Mindegia nafarra. Aitor Senosiain aritzekoa zen final horretan, baina ia ordu berean Nafarroako Maila Nagusiko kanporaketa jokatu behar du, eta horretan ariko da.

Bost proba izango dituzte Murgiako finalean eta 36 enbor ebaki beharko dituzte. Xabier Mindegiak du aitzakiarik onena ongi prestatuta egoteko igandean Nafarroako II. Mailako finala irabazi zuelako. Gainera, Urrezko Aizkolarien Lehiaketako Gazteen finalerdia jokatu zuen. Mugertzak Euskadiko Gazteen Txapelketa irabazi zuen.Iriartek ere jokatu zuen finalerdia Arria V.aren aurka. Zubiagak, berriz, Iriarteren aurka galdu zuen kanporaketa. Egur Sporten onenen zerrendan 3. da Mindegia, 4. Iriarte 5. Mugertza eta 9. postuan Zubiaga. Bestalde, Igantzin (Nafarroa), sei aizkolari gaztetxo ariko dira lehian, gaur, herriko jaiak direla baliatuta (19:00).

Biharko saioa





Txapelketa: Nafarroako Maila Nagusiko kanporaketa.

JAizkolariak: Donato Larretxea (Arantza), Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz), Joxejuan Barberena (Beruete), Antonio eta Aitor Senosiain (Olague), Daniel Vicente (Otsagi), Juan Jose Lopez (Lezaun), Juanjoxe Erdozia (Etxarri-Aranatz) eta Manuel Kañamares (Arostegi).

Lana: bost pago-enbor, hots, bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat.

Lekua: Etxarri-Aranazko pilotalekuan.

Ordua: 13:00.



-

Iazko denborak





1. Floren Nazabal 12 min 18 s2. Miel Mindegia 13 min 14 s3. Joxejuan Barberena 14 min 55 s4. Antonio Senosiain 15 min 17 s5. Donato Larretxea 15 min 36 s6. Daniel Vicente 15 min 40 s7. Juan Jose Lopez 17 min 00 s8. Aitor Senosiain 17 min 14 s9. Antonio Jaunarena 17 min 14 s10. Juanjoxe Erdozia 18 min 55 s
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.