Finalerdietako ligaxkako azken partidan hartu zuen min Jorge Nagorek. Miguel Capellanen kontra aritu zen Eibarren, sumatu omen zuen izterrean ziztadaren bat orduan, baina ez zion aparteko garrantzirik eman. Partida bukatu ondoren ez zeukan izterra guztiz ongi, baina uzkurdura txikiren bat edo gainkargaren bat zela pentsatu zuen pilotariak hasieran, eta agujetak zirela ere bai uneren batean. Joan den aste hondarrean Labriten egindako entrenamenduan ohartu zen hura ez zela normala eta medikuarenera joan zen.
Asteburuan atsedena hartzeko agindu zion Urrutiak, eta atzo egin zioten erresonantzia. Ez uzkurdurarik, ez agujetarik: haragi etena ezkerreko izterreko kuadrizepsean. «Nagorek bere kirol ibilbidean izan duen lehen lesio muskularra da. Ez du hanka asko behartu eta izterrean duen edema aste batean xurgatuta gelditzea espero dugu», aitortu zuen orduan Aspeko medikuak. Horrelako lesioak erabat noiz osatuko diren jakitea, ordea, ez dela batere erraza izaten nabarmendu zuen hurrena.
Esku-huska