«Lasai nentorren, baina ezusteko batekin topo egin dut iritsi naizenean, eta, egia esan, egoerak gainditu egin nau. Ez nuen espero honelako egun garrantzitsu bat bizi izango nuenik». Hizketan hasterako malkoei eutsi ezinik, agur hunkigarria izan zuen atzo Josetxo Romero Osasunako jokalari eta kapitain izandakoak. Hemezortzi urte igaro ditu Iruñeko taldean. «16 urterekin iritsi nintzen, eta 34rekin noa». 314 partida jokatu ditu Lehen Mailan, eta Osasunaren atzeko lerroan erreferentzia nagusia izan da denboraldi askotan. «Egindakoarekin oso harro nago».
Josetxok aitortu zuen «oso pozik» dagoela Osasunan igaro ahal izan dituen urteekin. «Eta pertsona eta jokalari gisa lortu dudan guztiarekin. Talde honetan hazi naiz jokalari eta pertsona gisa. Osasunari esker naiz orain naizena». Malko artean bustita, atzoko eguna inoiz ez duela ahaztuko aitortu zuen. «Niretzat futbola polita izan da beti, atsegina, eta agian ez diot eman zeukan garrantziarik. Gaur ari naiz konturatzen horretaz».
Hori bai, atzokoa ez zen izan futbol jokalari gisa agur esateko eguna. «Jokatzen jarraitu nahi dut, ondo eta gogotsu sentitzen naizelako». Kirol arloan denboraldia zaila izan da Josetxorentzat. «Eta arantza hori atera nahi nuke». Baina lasai hartu nahi ditu erabakiak. «Mahai gainean aukeraren bat daukadanean, ondo aztertuko dugu niretzat eta familiarentzat onena zer den. Izan ere, ez daukat asmorik jokatzen jarraitzearren nire emaztearen etorkizuna hipotekatzeko». Aterik ez du itxi, baina ez du erotu nahi.
Partida asko jokatu ditu Josetxok Osasunan, baina uneren bat aukeratzeko eskatuta, ez zuen zalantzarik izan. «Zoragarria izan zen Espainiako Kopako finala barru-barrutik bizi ahal izatea. Finalaren eguna, aurreko egunetan Iruñean eta Nafarroa osoan izan zen mugimendua... Zorionekoa naiz hori guztia bizitzeko aukera izan nuelako; barruan gordeta edukiko dut betiko». Egin ez duenaz galdetu, eta umore puntu batekin erantzun zuen. «Tira, gustatuko zitzaidakeen gol bat sartzea, baina...». Hori bai, berehala argitu zuen, momentu txarrak ere igaro dituen arren, «onekin bakarrik» geratuko dela.
Atzera begira jarrita, ordea, zintzo onartu zuen 1999-2000 eta 2000-2001eko denboraldietan dena uzteko zorian egon zela. «Eibarrera joan nintzen lehenengo, utzita, eta Osasuna B-ra itzuli nintzen gero. Eta aitortu beharra daukat buruari buelta asko eman niola». Ez zitzaion askorik falta izan alboratu samar zeuzkan ikasketei heldu, eta futbola ahazteko. «Baina zortea izan nuen. Gauzak ondo irten zitzaizkidan, eta nire kirol ibilbideak erabateko aldaketa eduki zuen. Horri esker iritsi naiz honelako egun bat bizi izatera. Eibarren eta Osasuna B-n ikasi nuen egoera zailei buelta emateko aukera badagoela. Zaildu egin nintzen».
Agurreko egunak egokiak izaten dira eskerrak emateko, eta zerrenda luzea zeukan prest Josetxok. «Hasteko, Oberenakoekin gogoratu nahiko nuke». 16 urte bete arte jokatu zuen han. «Familia baten gisakoa zen, eta aholku onak ematen jakin izan zuten». Osasunan, berriz, hasteko, Javier Mena eta Jose Manuel Etxeberria lehen entrenatzaileak ekarri zituen gogora. «Izugarri zaindu gintuzten, eta asko erakutsi ziguten». Martin Monreal, Paquito Garcia, Javier Aguirre... «Entrenatzaile guztiek erakutsi didate zerbait, eta denekin geratuko naiz».
Zelaian agurtzerik ez
Josetxok Osasunako zaleak ezin izan zituen agurtu zelaian bertan. «Gustatuko zitzaidakeen, noski. Baina Osasunari ez diot ezer leporatuko edo eskatuko. Alderantziz, eskertu beharrean nago». Josetxorekin, jokalari garrantzitsu bat galtzeaz gain, kapitain bat ere galduko du klubak. Baina bere ondorengoa zein izan daitekeen galdetuta, ez zuen izenik eman nahi izan. «Hori eurek ikusi beharko dute. Nik ez dut izenik botako». Prentsaurrekoa hasi eta bukatu, barrua mugituta eduki arren, aitorpen irmoa bota zuen: «Osasunak nahi duenerako nauka». Txalo zaparrada handi batekin agurtu zuten kazetariek.
«Nahi dutenerako naukate»
Osasunan hemezortzi urte igaro ondoren, erabat hunkituta eta guztiei eskerrak emanez agurtu da Josetxo RomeroEgindakoarekin «harro», Iruñeko taldea beti bihotzean eramango duela aitortu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu