Nahi zuen tokian

Lehen Mailako zelairik zailenetakoan ekingo dio Realak bigarren itzuliari, gaur, Getafen lorturiko konfiantzarekinElustondo gaixotu egin da azken orduan, eta Zurutuza eta Martinez ere ez dira ariko

Mikel Labaka, buruz errematatzen saiatzen, Realak Sevillaren aurka jokaturiko partidan. Atzelaria hasieratik ariko da gaur. JUAN CARLOS RUIZ / A.PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Askotan partida batek jokoan dauden puntuak baino esanahi sakonagoa du. Realak, esaterako, Vila-realen aurka jokatu zuen duela zenbait hilabete. Bigarren Mailako infernutik ateratzeko gorriak ikusi ondorengo aurreneko norgehiagoka zuen Lehen Mailan, eta ikusmin eta ilusio handia piztu zuen. Baina zalantzak ere bazeuden jarraitzaileen artean. Eta jokalarien artean. Guztiek aitortu dute kezka txiki bat bazutela, ez zekitelako taldeak nola erantzungo zuen. Ez zen gutxiagorako, erronka berriek eta ezezagunek beti sortzen dutelako ziurgabetasuna. Eta Lehen Maila, orduan, aspaldian edo sekula zapaldu gabeko eremu bat zen jokalari askorentzat.

Itzuli osoa igaro da, eta Reala nahi zuen tokian dago. Sailkapeneko ur epel eta lasaietan. Denborak erakutsi du meritu handikoa izan zela Anoetako norgehiagoka hura irabazi izana (1-0). Izan ere, hirugarren sailkatua da Vila-real oraintxe bertan, Real Madril eta Bartzelona ahalguztidunen ondoren. Askok espero zuten behera egingo zuela denboraldi honetan, fitxaketa gutxi egin zituelako udan eta jokalari berri gehienak bigarren taldetik igotakoak zirelako. Usteak, erdiak ustel. Realakerakutsi du ez zela kasualitatea Vila-real mendean hartu izana, gauzak behar bezala egiten dituenean gai delako edozeinekin lehian aritzeko.

Martin Lasartek hala adierazi zuen herenegun: «Reala bat gehiago da Lehen Mailan». Hala ere, beharbada hobe da halako hausnarketak denboraldi bukaerarako uztea, bigarren itzulian denetariko gorabeherak egon daitezkeelako. Zenbait taldek fitxaketak egingo dituzte, lesioek eragin handia izan dezakete, eta orain lur jota diruditen aurkariak edozein unetan susper daitezke. Realak berean jarraitu behar du, abantaila ederra izan arren, lauzpabost jardunalditan xahutu dezakeelako. Konfiantza eman behar dio orain arte egindako lan onak, baina oraindik ere bost garaipen beharko ditu, gutxienez, mailari eusteko.

Erronka zail ugari ditu zain taldeak. Hasteko, gaurkoa. Vila-real inoizko denboraldirik onena ari da egiten etxean. Bartzelonak lortu ez duena lortu du: han partidarik ez galtzea. Oraintxe, Ligako sendoena da etxean, bederatzi partida irabazi eta bakarra berdindu duelako, Valentziaren aurka —Real Madril bere esku dauka marka hori hobetzea, Mallorcari irabazten baldin badio—. Asko hitz egiten da haren joko alai eta arinaz, bat-biko azkar eta motzetan sakontzeko gaitasunaz, baina sendotasunagatik ere nabarmentzen da, bere zelaian bost gol baino ez diotelako sartu. Realari baino sei gutxiago. Hamar partidetatik, seitan utzi du atea hutsean. Eta guztietan zulatu du atea. Defentsan hortzak estutu beharko ditu Realak.

Getafen lortutako garaipen argiak arnasa eman dio taldeari. Hala ere, hobe gehiegizko konfiantzarik ez edukitzea. Gehienetan, hobeto aritu da galdu edo bolada txar bat izan ondoren, irabazi ondoren baino. Puntu bakoitzak balio handia dauka, eta behar handia balu bezala jokatu behar du taldeak. Baloirik gabe hainbatetan eskatzen zaizkion dohainak erakutsi beharko ditu: presioa, kontzentrazioa, laguntzak, lerro arteko koordinazioa… Getafen aurrerapausoa eman zuen alor horietan, baina gaur gehiago beharko du, oldarkorragoa delako Vila-real, jokalari erabakigarriak dauzkalako, eta geldikako jokaldietan ere arriskutsua delako, atzelarien garaierari esker. Galde diezaiotela Osasunari.

Baloiarekin, berriz, bide berriak topatu beharko ditu taldeak, Zurutuza faltatzeaz gain Elustondo ere faltako baitu Lasartek, azken orduko gastroenteritisa dela eta. Bi aukera ditu: zelai erdia guztiz birmoldatu, edo hiru erdiko atzelarirekin jokatu. Ostiralean aitortu zuen bigarren aukera aztertzen ari zela, eta baliteke Elustondoren hutsuneak horretara bultzatzea. Demidov eta Illarramendirekin osatu du deialdia. Vila-realen, berriz, jokatzeko moduan daude Marchena eta Cazorla, baina beste jokalari garrantzitsu batzuk faltako ditu Garridok, hala nola Senna eta Nilmar. Dena den, Ruben ondo ordezkatzen ari da azken hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.