Markel Irizar. Trek-Segafredo taldeko txirrindularia

«Nahiago dut eman, jaso baino, bai bizitzan, bai txirrindularitzan»

Gaur hasiko da UCI World Tourra, Australian. Hamar euskal txirrindulari arituko dira, azken urteetako kopururik txikiena. Markel Irizar da beteranoena eta urte gehien daramana. Litekeena da azken urtea izatea.

enaut agirrebengoa
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Bere kirol ibilbidearen azken zuzengunean sartu da Markel Irizar (Oñati, Gipuzkoa, 1980). Beste urtebeterako berritu zuen kontratua iaz Trek taldearekin, eta, haren hitzetan, «aukera asko» dago denboraldi hau azkena izateko. Nazioarteko tropeleko ziklista zaharrenen artean hirugarrena da, eta aurtengoa hamaseigarren sasoia izango du profesional legez. Oztopo gogorrak gaindituta iritsi zen elitera, eta ametsaz amaieraraino gozatu nahi du: bizipozez.

Hilaren bukaeran hasiko duzu denboraldia, Mallorcan (Herrialde Katalanak). Zer moduz joan da prestaketa?

Oso ondo. Etxean eguraldi hotza egin du, eta gogotsu nengoen berora etortzeko. Orain, Mallorcan egonaldia ari gara egiten, eta lehen egunetik nabaritu dut gorputzak beste aldarte bat duela tenperatura altuen ondorioz. Abenduan beste kontzentrazio bat egin genuen Sizilian. Denboraldi-aurrean ez dut inongo arazorik izan, eta uste dut lanak behar bezala eginda hasiko dudala sasoia.

Hiru hilabete luze daramatzazu lehiatu gabe, Espainiako Vueltaz geroztik. Itxaronaldia luze ari zaizu egiten?

Gustura egon naiz etxean. Han, beste gauza batzuei ematen diezu balioa, familiarekin eta lagunekin egotea eskertzen duzu. Baina lasterketen usaina hartzean, bizkar gainean dortsala jartzeko gogoa pizten zaizu. Orain, taldekide batzuk Australian hasiko dira lehiatzen, eta besteok inbidiaz izango gara.

Ematen du Trekek aurrerapauso bat eman nahi duela, batik bat Richie Porte fitxatuta. Zer traza hartzen diozu taldeari?

Porte eta Bauke Mollemarekin, berme handia dugu aste bateko itzulietarako. Horrez gain, ziklista indartsuak ditugu klasikoetarako: Mads Pedersen, Jasper Stuyven, John Degenkolb... Maila oso ona dugu, aurrekontu nahiko apala izan arren. Skyk 40 milioi euroko aurrekontua dauka, eta halako talde baten kontra gauzak ez ditu erraz hamabost-hamasei milioiko aurrekontua duenak. Esan daiteke gu World Tourreko batezbestekotik behera gaudela, eta hori nabaritzen da txirrindulariak ekartzean. Trekek apustu handia egin du Porterekin, baita emakumezkoen taldearekin ere.

Porte gai ikusten duzu Frantziako Tourra irabazteko?

Skyri eusteko gai den bakarretakoa da. Arazoa da Skyk hiru dituela haren modukoak, edo indartsuagoak: Chris Froome, Geraint Thomas eta Egan Bernal. Hamabosteko multzo batean bost txirrindulari dituzte, eta, ahalmen fisikoaz gain, abilezia estrategikoa ere badute. Egoera horretan, oso zaila da lasterketa apurtzea.

Nola ikusten dituzu World Tourreko gainontzeko taldeak?

Talde indartsuena Sky da, hori garbi dago. Ez dakit zer eragin izango duten babesle berria topatzeko arazoek. Movistarrek ere talde oso indartsua du, beti bezala. Ordea, Quick Stepek eta BMCk [CCC aurten] ziklista garrantzitsuak galdu dituzte, eta uste dut horri esker indarrak apur bat berdindu egin direla. Txirrindularitza lehiakorragoa ikustea espero dut. Ezustekoa, agian, Astanak eman dezake. Egitura oso sendoa du, eta taldea ondo indartu du.

Zuk zer itxaropen daukazu urte honetarako?

Itzuli handiei dagokienez, Italiako Giroko zerrendan nago. Zerrenda zabala da, eta tokia irabazi beharko dut. Mallorcan hasiko naiz, gero Arabiar Emirerri Batuetako Itzulia egingo dut, eta, egun bateko proba batzuen ostean, Kataluniako Voltan eta Euskal Herriko Itzulian arituko naiz. Giroan, Mollema izango dugu taldeburu, eta espero dut hari laguntzeko aukera izatea. Behintzat, garbi dut ez naizela Frantziako Tourrean arituko. Etapa oso gogorrak daude, 2.000 metrotik gorako mendate askorekin, eta taldeak soslai nahiko eskalatzailea duen jendea eramango du lanerako.

Iaz, hamar urteren ondoren aritu zinen berriro Giroan. Nolako esperientzia izan zen?

Asko gozatu nuen. Oso gustuko dut Italia bera eta Italian korritzea. Tourra ezberdina da; negozio bat da. Futboleko ligak dagoeneko bukatuak izaten dira; beraz, mundu guztiak ikusten du. Baina Giroan Dolomitetara doana benetako txirrindularitza zalea da. Italian erromantikoagoak dira, ziklismoa beste modu batean bizi dute; agian, Euskal Herrian edo Flandrian bezala.

Bizi beharreko ia guztiak bizi izan dituzu bizikleta gainean. Aurtengoa hamaseigarren urtea izango duzu profesionaletan. Erraz esaten da.

Urteak azkar pasatu dira. Hasi nintzenean, ez nuen esango elitean hainbeste iraungo nuenik. Nahikoa kritikarekin egin nuen salto profesionaletara. Batzuek esaten zuten errukiz pasatu nintzela, minbizia pairatu eta gero. Euskaltel Euskadin sei urtez ibili nintzen. Gero, 2010ean, Radio shackera joateko aukera sortu zitzaidan, Kepa Zelaiaren bidez, eta Lance Armstrongen onespenarekin. Nire kirol bizitzan hartutako erabakirik onena izan zen hura. Hamar urte daramatzat hemen, eta oso gustura nago.

Bada gogoan bereziki iltzatua duzun momenturen bat?

Une politena 2013an Fabian Cancellararekin Flandriako Tourra irabaztea izan zen. Babeslea kolokan zegoen, eta bagenekien Trekek apustu indartsua egingo zuela harbideetan ongi arituz gero. Azkenean, E3 Harelbeke, Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix irabazi zituen Fabianek. Ahaztezina izan zen. Horrez gain, iazko Espainiako Vueltako Oizko etapa ere ikaragarria izan zen. Oso gutxitan gozatu dut hainbeste bizikleta gainean. Egun hartako argazki bat kafetegian dut jarria.

Lider askorentzat egin duzu lan. Norekin geldituko zinateke?

Zaila da bat aukeratzea. Lancek hemen egoteko aukera eman zidan, Fabianekin harbideetako klasikoez gozatu ahal izan nuen, eta Albertorekin [Contador] aritzea ere ederra izan zen. Ni neu asko markatu ninduen Andy Schleckek. Pertsona eta lagun moduan arrastorik handiena utzi didan txirrindularia izan da. Harreman oso berezia dut harekin.

Beti besteentzat aritu zara lanean. Zeregin hori gutxietsi egiten dela uste duzu?

Bakoitzak bere mugekin bizi behar du, eta onartu denok ezin gaitezkeela liderrak izan. Nik inongo arazorik gabe egiten dut besteentzat lan. Nahiago dut eman, jaso baino, bai bizitzan, bai txirrindularitzan. Nire lana aitortua dagoela sentitzen dut, beti jaso baitut taldearen babesa. Sozialki, agian, egia da ez zaiola balio handirik ematen laguntzaileon lanari. Iruzkin batzuek min ematen dizute gaztea zarenean, baina lasaitu egiten zara pixkanaka.

Bi garaipen ageri dira zure palmaresean: 2010eko Poitouko Itzuliko laugarren etapa eta 2011ko Andaluziako Itzulikoa. Edonola ere, bizitzako garaipenik handiena ez duzu bizikleta gainean lortu.

Bizitzak proba batzuk jarri dizkit, eta, zorionez, gainditu egin ditugu. Pluralean hitz egiten dut, emaztearekin batera lortu dudalako. Lehenik, prozesu gogor batetik pasatu nintzen. Aitak bere buruaz beste egin zuen 18 urte nituenean, eta, handik gutxira, minbizia atzeman zidaten. Emazteak GALen atentatu batean galdu zuen aita, 4 urte zituenean; beraz, halako motxila bat genuen bi pertsona elkartu ginen. Bion artean, jakin izan dugu bizitzak jarritako probei aurre egiten eta zoriontsu izaten.

Gaixotasunak nola baldintzatu du zure ibilbide profesionala?

Fisikoki mugatu egin nau, garbi dago. Ez da barrabil bakarra edukitzeagatik bakarrik: kimioterapia saioak jasan behar izan nituen lehenik, eta, gero, Euskaltelen nengoela, beste tumore bat sortu zitzaidan. Jende askok ez dakien prozesu bat pasatu behar izan dut. Hori bai, psikologikoki indartsuago egin nau minbiziari aurre egin izanak. Alde batetik kendu didana bestetik eman dit. Orain, gauzak beste filosofia batekin hartzen ditut.

Bizipoz gisa ezagutzen zaitu jendeak. Zutaz asko esaten du horrek.

Hori ardura da niretzat. Bizipoza hitz oso indartsua da, kutsu oso positiboa dauka. Badakit Galiziako familia batek eta Kataluniako beste batek Markel izena jarri dietela semeei niregatik. Ardura handia da. Akats dezente ditut, baina beti baikorra izaten saiatzen naiz, eta badirudi nire esperientziak ukitu egiten duela jendea. Pribilegiatu sentitzen naiz.

Tropeleko ziklistarik zaharrenetan hirugarrena zara. Sentitzen duzu gainontzeko ziklisten errespetua?

Urte asko daramatzat tropelean, txirrindulari askoren taldekide izan naiz, eta horrek lagundu egiten dizu lasterketan beste talde batekin zerbait adostu behar duzunean. Bestelakoan, ez dut halako errespetu berezirik nabaritzen. Azken batean, errespetua txirrindulari denei zor zaie.

Urte hau izango al da azkena?

Aukera asko dago horretarako. Oraindik hainbat kontu ditut Trekekin zehazteko. Taldeak zeresan handia izango du erabaki horretan. Azken denboraldia bada, ez da asko aldatuko. Urteari ahal den gehien ateratzen saiatuko naiz, eta, azkenean erretiroa hartzea erabakitzen badut, aho zapore ona uztea gustatuko litzaidake.

Bestalde, bost urte dira Euskaltel Euskadi desagertu zela. Zer egoeratan ikusten duzu egun Euskal Herriko txirrindularitza?

Maila oso handia dago. Agian, inoizko handiena. Ordea, ikusi behar da egun punta-puntan dabiltzan txirrindulariak Euskaltelen fruituak direla. Errelebo bat izan ezean, errealitatea bestelakoa izango da etorkizunean. Polita litzateke egun dauden euskal proiektuek aurrera egitea, eta azpitik datozen txirrindulariek guk edukitako aukera izatea.

World Tourrean hamar euskal herritar ariko zarete aurten. Azken urteetako kopururik txikiena da. Belaunaldi berri baten beharra berresten du horrek.

Orain da garaia bultzada bat jasotzeko. Bestela, gerora ezingo dugu gorengo mailako txirrindularirik eduki. Urte askoan potentzia garrantzitsua izan gara nazioartean, eta, horri eusteko, babesa behar dugu derrigorrean.

Muriasek sasoi txundigarria osatu zuen iaz Kontinental Profesional mailan. Euskaltelen lekukoa hartzeko gai ikusten duzu?

Sendotasun handia erakutsi zuen, bai. Pozgarria da garatuz doala ikustea. Batek daki, agian bertatik aterako dira gaur egungo Mikel Landa, Ion eta Gorka Izagirre, Pello Bilbao, Mikel Nieve, Omar Fraile… Hori bai, uste dut ezin daitezkeela konparatu Murias eta Euskaltel. Bi dimentsio ezberdinetan daude egitura aldetik. Alderaketa hori egitea Muriasi gehiegizko presio jartzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.