Azken urteetan, ezustekoen estropada eremua izan da Ondarroakoa. 2022an, etxeko taldeak irabazi zuen, lehen txandatik; 2023an, Oriok, bigarren txandatik; eta iaz, Getariak, bigarrenetik. Aurten, ordea, sorpresarako tarterik ez du utzi San Nikolas ontziak, eta bere nagusitasuna berretsi du.
Garaipen gozoa eskuratu dute, eta denboraldiko 11. bandera irabazi —jokatutako hamabost estropadetatik hamabitan izan dira nagusi, Zarauzko bi jardunaldiak irabazi baitzituzten—. Errekor bat daukate begiz jota oriotarrek: Eusko Label ligako garaipen marka. Iaz hautsi zuen Urdaibaik, hamalau bandera eskuratuta.
Liderrak ez du aurkaririk izan gaur, batez ere txanda erditik aurrera. Marea bizietan, bizi-bizi egin dute arraun mirotzek. Hala ere, Zierbenak gauzak zail jarri dizkio hasieran. Lehen luzean lehia estua izan dute. Aurreneko ziabogan, segundo baten aldea zuten bi traineruek. Donostiarrak erritmoa bizitu du bigarren luzean, eta harrapatu egin ditu. Ez luzerako: atzean geratu da denbora gutxira, Oriotik bost segundora. Zierbenak bira segitu die oriotarrei, baina haiek ere ezin izan diote eutsi.
Lan erdietarako, horrela zeuden kontuak: Orio buruan, Zierbena lau segundora, Donostiarra zortzira, eta Urdaibai hemezortzira. Hortik aurrera, ez da bandera irabazteko lehiarik izan, nahieran ibili baitira oriotarrak. Ia 11 segundo atera dizkiote azkenean bigarrenari, Zierbenari. Hirugarren Donostiarrak egin du, ia hemezortzi segundora, eta laugarren Getariak, bigarren txanda irabazita.
Lehen kalean arraun egin duten ontziak izan dira makalenak, nabarmen. Ohorezkoan, Urdaibai; bigarrengoan, San Juan; eta lehenengoan, Kaiku.
Getaria, ondo
Ondo ibili da Getaria iaz bandera irabazi zuen estropada eremuan. Lehen luzean hartu du sailkapenaren burua. Hondarribiak gertu segitu dio; Isuntza, berriz, lehia horretatik kanpo geratu da nabarmen; bigarren luzerako, hamar segundo pasa ateratzen zizkioten bi ontziek. Eta zer esanik ez San Juan. Pixkanaka, baina, getariarrek tartea atera diote Ama Guadalupekoa-ri ere, eta, bukaerarako, dezentekoa: hamabi segundora helmugaratu da Hondarribia. Ondarroa lehen txandako irabazleari, berriz, 29 segundo atera dizkiete getariarrek. Konfiantzaz helduko dira etxeko estropadara; bihar jokatuko dute.
Lehen txandan, berehala geratu da atzean Kaiku. Ez da fin ibili Bizkaitarra ontzia. Lan erdietarako, Ondarroa txandako irabazleak hogei segundoren aldea ateratzen zion. Eta, metroak aurrera egin ahala, murriztu ez, zabaldu egin da alde hori: azkenean, ia 48 segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko.
Antiguako Ama etxeko trainerua nagusi izan da lehen txandan, eta hura izan da garaile zaleen aurrean. Ia 11 segundo atera dizkio ondorengoari: Cabori. Bigarren txandan aritutako Isuntza eta San Juan taldeen aurretik amaitu ditu lanak.
Galiziako taldeak, nolanahi ere, lan ona egin du. Haiek ere San Juanen aurretik bukatu dute: bederatzigarren. Sailkapen nagusian behean daude galiziarrak, baina ondo sentitu dira gaur.
Dena dela, sailkapenaren goialdea bezala, nahiko erabakita dago behealdea. Kaikuk jokatu beharko ditu kanporaketa estropadak, eta Cabo zuzenean jaitsiko da. Presioa alde batera utzita, beraz, ahalik lan onena egiten saiatuko da aurrerantzean Galiziako taldea, eta Bizkaikoa, berriz, kanporaketetarako prestatzen.