Gustura dago David Zurutuza (Rochefort, Frantzia, 1986). Bai zelai gainean eta bai kanpoan: «Pertsona guztiok ditugu gorabeherak, baina lanean ondo bazaude, lanetik kanpo ere hobeto egoten zara». Badaki Realak aurrerapauso handi bat eman dezakeela, bihar Anoetan Racingi irabazita, baina oinak lurretik ez ditu kendu nahi: «Hiru puntuek bizipoz handia ematen dute, eta hiru segidan irabazteak postu oso lasai batean jarriko liguke; goikoei begira, gainera. Baina garbi daukat nondik gatozen, eta gure helbururik garrantzitsuena mailari eustea dela. Hortik aurrera datorrena, primeran, baina burua galdu gabe, txarrean eta onean, kristorenak garela pentsatu gabe».
Ez da erraza izan Lehen Mailara iristea, ez zuretzat eta ez Realarentzat.
Urte gogorrak pasatu ditut, baina orain nire bizitzako aldirik onena ari naiz izaten. Lehen Mailan gaude, jokatzen ari naiz, eta taldeatxukun ari da. Realarentzat ere une ona da. Ematen du pasatu duela pasatu beharreko garai txarra ekonomikoki, eta indartzen ari dela.
Lekutan ikusten zenuen garai hau duela zenbait urte?
Denok pasatu ditugu ordu gogorrak iritsi garen lekuraino iristeko. Orain, Lehen Mailan egonda, ematen du kanpotik erraza eta oso polita izan dela, baina ez. Lesio asko izan ditut, entrenatzaile guztiek ez zaituzte aintzat hartzen, eta egoera horretara moldatu behar duzu. Jarraitu ahal izateko, zeure buruari konbentzitu behar diozu ondo ibil zaitezkeela, balio duzula, eta ez da lan samurra.
Zenbat zor diozu Marti Lasarteri?
Naizenaren zati handi bat. Jauzi bat behar nuen profesional mundura iristeko, eta berak eman zidan aukera. Konfiantza handia eman dit.
Zer iruditu zaizu Lehen Maila?
Edonork egin dezake edozer gauza, ez bakarrik goikoek, baita behekoek ere. Jokalariak hobeak dira, osoagoak, ez bakarrik teknika aldetik, baita taktika eta defentsa aldetik ere. Ez dute hainbesteko laguntzarik behar, ez defentsan eta ez erasoan. Bakarka molda daitezke egoera gogorretatik ateratzeko, gauza denetan direlako hobeak.
Punta erdian finkatuta ikusten duzu zeure burua?
Ohitzea da. Postu bakoitzak bere sekretuak dauzka, baina denbora dezente daramat hor jokatzen, hiru urte-edo bai. Lehenago gehiago kostatzen zitzaidan, baina neurria hartu diot. Atetik gertuago zaude, erasoan parte hartzen duzu, eta eroso nago. Gehiago jokatzeak hobeto sentitzea eta gauzak konfiantza handiagoarekin egitea errazten du.
Ba al zenekien Ligan falta gehien jaso dituen hirugarren jokalaria zarela, Xabi Prietorekin batera?
Orain dela gutxi esan zidaten. Normalean ez ditut halakoak begiratzen. Xabi eta bioi baloia edukitzea eta eramatea gustatzen zaigu, eta aurkariek kentzerako orduan faltak egiten dizkigute. Normala da.
Zure biguntasunaren aldeko komentarioak oinarririk gabe uzten ditu horrek?
Beti esan dut inoiz ez zitzaidala pasatu hainbeste lesio edukitzea, eta jarraikortasuna behar nuela, gorputza egiteko. Hala gertatu da. Denbora dezente daramat arazo seriorik eduki gabe, eta ea berdin jarraitzen dudan.
Prestaketa berezirik egiten duzu?
Entrenatzen hasi baino lehen beroketak egiten ditut, besteek baino lan apur bat gehiago. Gainerakoan, ezer berezirik ez
Nola ikusi duzu taldea lehen bederatzi partidetan?
Goraipatuko nuke gehienbat talde bat garela, funtsean. Ez gara puskatzen, eta gaizki edo ondo jokatu gure ideiei eusten diegu. Batek huts egiten badu, taldekidea du ondoan laguntzeko, eta laguntasun horrek gauza handiak egitera eramango gaituela uste dut. Fisikoki eta moralki ondo gaude.
Zertan hobetu behar duzue?
Eskarmentuan, gehienbat, baina hori partidekin etorriko da. Talde gaztea gara, eta lehen sasoia da gutako askorentzat.
Pisua kendu zenuten gainetik Malagari irabazita?
Erakutsi nahi genuen kanpoan ere garaipenaren bila joatea dela gure jarrera, eta gai ginela partida polita egin eta irabazteko.
Zer espero duzu bihar?
Partida arriskutsua da. Alaitasun giro batetik gatozela, etxean sendo ari garela... Baina indartsu atera behar dugu zelaira, kontzentratuta, talde gogorra delako Racing. Lagunartekoa jokatu genuen haren aurka, eta aurrean jokalari onak dauzka. Ondo mugitzen du baloia batetik bestera aukeren bila. Bere partida egitera etorriko da; ondo itxiko da, eta lehenagotik ere maiz gertatu zaigu erraz ikusten genituen lehiak konplikatzea.
Jokatzeko moduan zaude?
Bai. Deportivoren aurka kolpea jaso genuen, eta garrantzi handirik ez nion eman, baina Malagaren aurkako partidan dezenteko mina neukan. Hala ere, jada jokatzeko prest nago.
«Naizenaren zati handi bat zor diot Martin Lasarteri»
Partida guztietan aritu da hasieratik David Zurutuza, bakar batean izan ezik, eta Bigarren Mailan bere jokoak zuen distirari eusteaz gain, garrantzi handia hartu du talde zuri-gorriaren jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu