Jhonatan Narvaez ekuadortarrak (UAE) irabazi du gaur Italiako Giroko laugarren etapa, ekitaldi honetan Italian jokatu den lehena. Talde lanean aritu dira UAEko ziklistak azken metroetan: lehenbizi, Jan Christenek erasoa jo du, eta nahastu egin ditu beste esprinterren taldeak; gero, Narvaezek ondo eutsi dio Orluis Aularri (Movistar), eta aurrea hartu dio. Etapa irabazita, ekuadortarrak goxatu egin du UAE, erorikoen ondorioz talde horretako hiru txirrindularik Giroa utzi behar izan baitute: Jay Vinek, Adam Yatesek eta Marc Solerrek. Â
Giulio Ciccone italiarra (Lidl) sailkatu da hirugarren helmugan, eta horri esker maglia arrosa jantzi du. Thomas Silva (Astana) zen aurreko liderra, baina denbora asko galdu du gaur. Sailkapen nagusian, Christen da bigarren, lau segundora. Atzerapen bera dute Florian Storkek (Tudor) eta Egan Bernalek (Ineos).Â
Bihar, Nafarroako Klasikoa
Aste betea da hau, ostiraletik igandera Euskal Herriko Itzulia jokatuko baitute. Bihar, berriz, horren atarikoa jokatuko dute: Nafarroako Klasikoa. Iruñean hasi eta bukatuko da. Txirrindulariek 133,4 kilometroko ibilbide gorabeheratsua egingo dute, bederatzi mendatera igoko baitira. Guztira, 2.000 metroko desnibel positiboari egingo diote aurre. Hemezortzi talde ariko dira, horietatik bost maila nagusikoak. Bi euskal taldek hartuko dute parte: Movistarrek eta Laboral Kutxa-Euskadik.