Arrauna

Neguko lan isila, funtsezko

Udan izaten da arrauneko traineru denboraldia, baina udazkenean hasten dira prestaketa lanetan, bete-betean iristeko sasoi hasierara. Aurten Euskotren ligan ariko da San Juan, eta ilusio handiz ari dira: «Beste aurrerapauso bat emateko gogoz gaude».

San Juan arraun taldea, entrenatzen, Pasaiako badian. GORKA RUBIO / FOKU
San Juan arraun taldea, entrenatzen, Pasaiako badian. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Pasai Donibane
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neguko arratsalde goxo bat da, ostirala; epel dago, eta Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) kaleetan nabari da. Asko dabiltza paseoan hara eta hona, eta beste batzuek bankuan edo terrazan pausa bat egiteko aprobetxatu dute giroa. Ederra dago badia ere, barea eta hutsa; uretaratu eta arraunean aritzeko aproposa. Ez da beti hala izaten, baina eguraldia lagun dute gaurkoan.

Ateak irekiak dituzte San Juan arraun elkarteko lokalean, traineruak bistan. Hantxe elkartu dira Batelerak ontziko arraunlariak, entrenamendurako prest. Traineru denboraldia udan izaten bada ere, prestaketa lanei aspaldi ekin zion taldeak; urrian, zehazki.

Beste saio bat da, beraz, gaurkoa, eta umoretsu heldu diote. Hizketan aritu dira arraunlariak Anartz Gereño entrenatzailea azaldu den arte. Eta, agertu denean, borobilean bildu dira denak. Azalpenak eman ditu Gereñok, eta taldeak osatu: batzuk hona, besteak hara. Prest daude guztiak, eta palak eta ontziak lepoan hartuta, uretarako bideari ekin diote. Hiru ontzitan banatu dira: zortziko aulki mugikorrean, batelean eta biko scullean. Trainerua lehorrean utzi dute oraingo honetan.

GORKA RUBIO / FOKU
Bi arraunlari, palak lepoan hartuta, uretara bidean. GORKA RUBIO / FOKU

Hala ba, Lezo aldera jo dute den-denek, bakoitza bere erritmoan, bakoitza dagozkion ariketak egiten. Kazetariak eta argazkilariak katamaran batetik ikusi dute entrenamendua, Imanol Arregi arraunlaria gidari.

Zortzikoan sartu da Gereño. Arraun teknika hobetzeko modalitate egokia da aulki mugikorra, eta horretara bideratu dituzte ariketak. Lezo parean gelditu, eta palei eragiten hasi dira, palakadak simulatuz: keinua egin, geratu, keinua egin, geratu. Brankan daudenak lehenbizi, popakoak gero, eta denak batera jarraian, entrenatzailearen esanetara.

GORKA RUBIO / FOKU
Batelerak zortziko aulki mugikorrean entrenatzen. GORKA RUBIO / FOKU

Geñerok aitortu du traineruaz aparte gustatzen zaiola aulki mugikorrean aritzea, neguan batez ere: «Fisikoki eta teknikoki prestatzeko askoz hobea da aulki mugikorra. Arraunlariak txandakatu egiten dira; denak aritzen dira aulki mugikorrean eta finkoan». Ontzi desberdinetan aritzea begi onez ikusten du Laida Valderrama patroiak ere: «Modalitate batean baino gehiagotan ibiltzen gara, ez gara bakarrik traineruan oinarritzen, eta uste dut horrek negua arintzen duela».

Gainera, traineru denboraldirako ere balio die: «Ez dugu helburu jakinik ontzi horietan, baina ondo datorkigu fisikoki hobetzeko eta estropadak egiteko. Uste dut talde gisa ere ona dela guretzat, eta arraunkera ikasteko ere oso onuragarria da».

GORKA RUBIO / FOKU
Batelerak batel batean entrenatzen. GORKA RUBIO / FOKU

Baina, urtarril erdialdean, nolakoa da San Juan taldearen entrenamendu aste bat? Gereñok azaldu du: «Astelehenetan, ergometroan serie batzuk egiten ditugu: bi hamabosteko, adibidez, eta, gero, TRX edo pisuak altxatu; asteartetan ere, antzeko; asteazkenean, atseden eguna izaten da; ostegunetan, gehienbat ergometroa eta pisuak tartekatzen ditugu; eta, ostiraletan, uretara goaz, eguraldiak uzten badu. Asteburuetan, berriz, uretan entrenatu edo estropadak izaten ditugu».

Pixkanaka, geroz eta entrenamendu gogorragoak osatzen dituzte: «Orain, normalean, luze ibiltzen gara, erritmo handirik gabe; apiriletik aurrera, ordea, erritmo biziagoan entrenatuko gara, gehiago exijitzen hasiko gara».

Den-denek jarraitzen dute

Sakrifizio handiko kirola da arrauna, eta, normalean, aldaketa dezente izaten dira urtero traineruetan. Ez da San Juanen kasua: guztiek jarraitzen dute. Taldearekin «oso gustura» dagoela nabarmendu du entrenatzaileak: «Etxekoak gara guztiok, eta saiatu behar dugu behetik datozenek goian daudenen erritmoa har dezaten. Bi urtean Euskotren ligara igo gara, eta horrek ematen du animo puntu hori. Aurtengoa desberdina izango da, gogorragoa eta zailagoa; baina, oraingoz, animatuta daude guztiak».

Ilusio hitza aipatu du Valderramak. «Beste aurrerapauso bat emateko gogoz gaude. Ez dugu eskarmenturik gorenean, eta beldurra ez, baina badugu jakingura edo kuriositatea. Martxa hartu arte gogorra izango da. Gogotsu gaude, disfrutatzeko gogoz, baina hankak lurrean ditugu».

«Modalitate batean baino gehiagotan ibiltzen gara, ez gara bakarrik traineruan oinarritzen, eta uste dut horrek negua arintzen duela. Arraunkera ikasteko ere balio du»

LAIDA VALDERRAMA San Juan taldeko arraunlaria

Klub historikoa da San Juan, punta-puntan aritutakoa, eta palmares bete-betea dute. 2014tik 2018ra bitartean, Batelerak trainerua izan zen ontzirik loriatsuena. Bost liga poltsikoratu zituen maila gorenean, bata bestearen atzetik, eta urte horietan guztietan Kontxako Bandera ere eskuratu zuen.

Koxka bat beherago aritu zen hurrengo denboraldietan, eta bi urtez lehorrean egon eta gero, indartsu itzuli zen taldea duela bi uda, gaztez eta herritarrez osatua. Hortxe daude emaitzak: itzulerako denboraldian bosgarren amaitu zuen, eta iaz Euskotren ligara igotzea lortu zuen. «Azken urtea eromena izan da. Asko disfrutatu eta ikasi genuen», esan du patroiak.

Eta, orain, gorenean lehiatzeko gosez daude, nola ez: «Esperientzia gabeko talde bat gara, eta guztiok ilusio edo gose berdinarekin goaz. Hori ona da. Lehenengo urtea izanda, ez dakigu ziur nola ibiliko garen, eta beste gauza batzuk ere baloratuko ditugu. Adibidez, luze onak egitea edo txanda irabaztea».

«Oso gustura nago. Etxekoak gara guztiok, eta saiatu behar dugu behetik datozenek goian daudenen erritmoa har dezaten»

ANARTZ GEREÑO San Juan taldeko entrenatzailea

Asko falta da oraindik, baina Gereñok ere erreparatu dio aurtengo sasoiari: «Denek arraun egitea nahi nuke. Ikusiko da zer ateratzen den, baina bosgarren edo seigarren ibiltzen bagara, bikain; behetik gora behintzat».

GORKA RUBIO / FOKU
Anartz Gereño 'Batelerak' ontziko entrenatzaileak azalpenak ematen. GORKA RUBIO / FOKU

Baina, urtaro bakoitzari, dagokiona. Ezkutuko lanean ari dira orain denak, buru-belarri, traineru denboraldira bete-betean iristea helburu. Eta gero gerokoak. Oraingoz entrenamenduetan dute jarria arreta osoa, eta ari dira, pixkanaka-pixkanaka, hobetzen eta kilometroak pilatzen.

Lezotik Trintxerpe aldera jo dute San Juan taldeko hiru ontziek, eta handik lehorrera, behin ostiral arratsaldeko lanak bukatuta. Uretaratzean bezala, elkarri lagunduta jaso dute dena. Ilusioa eta gogoa dute bidelagun batelerek, nabari da, eta horri eustea dute asmo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.