Nekearen eta Atletico Madrilen aurka

Sadarren denboraldiko bederatzigarren garaipena lortzeko asmoz zelairatuko da Osasuna, baina pasa den igandean Santiago Bernabeun jokatutako partidak zenbait jokalarirengan nekea eragin duela onartu du Javier Aguirrek

2005eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Iragan igandean Osasunak egundoko indar erakustaldia eskaini zuen Santiago Bernabeu futbol zelaian, eta 80 minutuan gizon bat gutxiagorekin jokatu arren, berdinketa garrantzitsua eskuratu zuten Javier Aguirreren mutilek, Real Madril mendean hartzeko zorian egon ostean. Iruñeko taldearen prestaketa fisikoa ezin hobea dela agerian geratu zen berriro ere, eta taldeak ez zuen gehiegi nabaritu Patxi Puñalek txartel gorria ikusi ostean zelai erdian utzitako hutsunea. Puñalen zigorra eta Valdoren lesioaz gain, ordea, erakustaldi harek ondorio txarrak izan ditu Osasunarentzat: hainbat jokalari nekatuta ikusten dituela onartu zuen atzo Javier Aguirrek, eta gaur gauean Atletico Madrili aurre egiteko hamaikakoa aukeratzerakoan buruhauste dezente izan dezake entrenatzaile mexikarrak. Hargatik, denboraldia hasi zenetik etxean jokatutako partida guztiak irabazi dituzte gorritxoek, eta gaur ere garaipena lortzea izango da beren helburua. Lortuz gero, Sadarren jarraian lortzen duten bederatzigarren garaipena izango litzateke. Goraipatzeko moduko marka

«Santiago Bernabeuko norgehiagokak nekea eragin du, ahalegin handia egin behar izan genuen eta. Esaterako, Savo Milosevic nekatuta dago, Raul Garcia ere bai eta Cuellarri ere dezente kostatzen zaio giharrak osatzea. Iganderako hamaikakoa osatzeko arazorik ez nuke izango, baina partida ostegunean da, eta jokalariek eta medikuak esaten dutena entzun ostean hartuko dugu erabakia», esan zuen Aguirrek. Nolanahi ere, nekea ez da aitzakia izango, eta kasta erakustera gonbidatu zituen bere jokalariak. Gainera, Mallorcaren aurka etxean jokatutako azken partidan erakutsitako maila hobetzearen «garrantzia» nabarmendu zuen Aguirrek: «Ez dakit zelaiaren egoera aproposa izango den ala ez, baina hobeto jokatzen ahalegindu behar dugu. Nekeak eraginik izan dezake, baina aldarte ezin hobean jarraitzen dugu eta edozein egoeratan adore ikaragarria erakusten dugu», adierazi zuen.Deialdia osatzeko batere lanik ez du izango mexikarrak, dena dela. Nekatuta nabaritzen dituen jokalariak aintzat hartuta ere, 20 jokalari besterik ez ditu Aguirrek bere aginduetara Atletico Madrilen aurkako partidarako. Puñal zigortuta dago, Valdo min hartuta, eta Sosa eta Ortiz ezingo ditu erabili mexikarrak, Atletico Madrilek utzita baitaude Osasunan.

Berriak, bestalde, Javier Flañorekin hitz egiteko parada eduki zuen. Harrobiko atzelariaren esanetan, «partida zaila izango da, Atletico Madril eta Osasunaren artean lehia handia egon baita betidanik». Aurkaria, «teorian behintzat», handietako bat izan arren, talde gisa ondo ez dabilela uste du Flaño gazteak: «Talde bezala gu sendoagoak gara une honetan eta zelaian hori erakusten ahalegindu behar dugu», esan du.

Bianchiren aurka, lehendabiziko aldiz

Javier Aguirreren esanetan, «Atletico Madrilek jokalari onak izateaz gain, oso entrenatzaile ona dauka». Madrildarrak, gainera, ez datoz unerik gozoenean, eta Aguirrek badaki norgehiagoka zaila izango dutela. Carlos Bianchi entrenatzailea ezagutzen duela onartu zuen Osasunako entrenatzaileak: «Japonia eta Koreako Munduko Txapelketan aurkeztu zidaten, eta bere ibilbide ikusgarria ere ezagutzen dut. Ameriketan entrenatzaile onena dela esaten dute, hemen kritikak entzuten ari den arren. Europako futbolera jauzia egitea denoi kostatzen zaigu, niri ere kostatu zitzaidan eta baita Vila-realeko entrenatzaile Manuel Pellegriniri ere», esan zuen Aguirrek.

Hego Amerikan Bianchiren taldeen aurka inoiz ez zuela neurtzerik izan ere gogoratu zuen Osasunako entrenatzaileak. Argentinarraren eta mexikarraren arteko lehendabiziko norgehiagoka izango da gaur gauekoa, beraz.Madrildarrek Zahinos, Kezman, Galleti, Luccin, Leo Franco eta Falcon jokatu ezinda dituzte. Bosgarren atezaina ariko da hasieratik (Cuellar eta Galan ordezko atezainak ere min hartuta baitaude) Atletico Madrilen atean. Robertok Hirugarren Mailan jokatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.