Neurketa zailak jokatuko dituzte gaur Gescrap Bizkaiak eta Baskoniak. Bizkaitarrek ACB ligako liderrari egingo diote bisita, eguerdian, eta arabarrek Valentziako Fontetan jokatuko dute, zazpigarren jardunaldian. Euroligako jardunaldiak eragin handia izango du bi partidetan. Real Madrilek apenas edukiko duen tarterik partida prestatzeko, ostiral gauean Ljubljanan, Esloveniako hiriburuan jokatu zuelako. Handik hegazkina hartu eta Madrilera bueltatzerako, atzoko eguna bukatu zen. Ez zuten neurketa zailik izan, halere. Aise menderatu zuten Union Olimpija, eta pentsatzekoa da Pablo Lasok jokalari garrantzitsuenen nekea kudeatu duela.
Antzeko egoeran dago Baskonia, baina buruz askoz ere zigortuago. Izan ere, Gasteizko taldea burua altxa ezinik ari da Euroligan, eta Zagrebeko porrotari biharamuneko buru jana eta bidaiaren nekea gehituta, ondorioa argia da: sekulako muturrekoa Valentzian. Besteak beste Velimir Perasovicek gidatzen duen taldea bikain ari delako liga hasiera honetan. 5-1eko balantze bikaina du, eta Eurokopa txapelketan Turkiako Banvit jipoitu zuen joan den asteartean.