Neurriko aurkaririk gabe

Igandean Karrantzan egin bezala, Egoitz Murgoitiok irabazi du Muskizko proba ere, nagusitasunez gainera

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
«Batzuek zioten oker nenbilela prestaketa aurreratuta, baina emaitzak hor daude». Igandean Karrantzan nagusi, eta atzo ere Muskizen ikusgarri. Egoitz Murgoitiok (Hirumet) dotore ekin dio ziklo-kroseko euskal egutegiari. «Helburua bete dut. Inoiz ez da erraza irabaztea, eta are gutxiago Karrantzako eta Muskizko proben gisakoetan bi garaipen jarraian lortzea». Atzokoarekin alderatuta, estuagoa izan zen igandeko proba, Murgoitiok hamalau segundo eskas atera zizkiolako Javier Ruiz de Larrinagari (MMR Spiuk). Baina atzo erabat patal ibili zen arabarra, eta ez zuen proba amaitzerik ere izan. Bart Hofman belgikarra sailkatu zen bigarren, 33 segundora —Karrantzan hirugarren izan zen—, eta Isaac Suarez espainiarra (Bio Racer BH) hirugarren, denbora galera berberarekin —seigarren izan zen igandean—.

Bi probatan bi garaipen, eta hurrengo lasterketetarako UCIren sailkapenerako puntu sorta ederra, 80 hain zuzen ere. «Garrantzitsua izango da nazioarteko hurrengo probetan aurreragotik irteteko». 37. postuan dago une honetan. Atzo irteeran ez zuen arazo handirik izan, hasi eta bukatu lasterketa buruan ibili zelako bizkaitarra. David Lozano kataluniarra ez zegoen atzo irteeran, eta Ruiz de Larrinaga bere berezko mailatik oso behera aritu zen. Aurreko sasoian ere bera izan zen irabazle Muskizen, eta denboraldi honetan hiru garaipen pilatu ditu jada. Igandean jokatuko da euskal egutegiko hurrengo lasterketa, Ermuan.

Muskizko probaz gain, atzo izan zen beste lasterketa garrantzitsu bat ere, Kopperbergeko Saria, Oudenaarden, Belgikan. Denboraldi guztian desnibelik handiena izaten duen proba da Kopperbergekoa, eta atzo arte azken zazpi urteetan Sven Nys izan zen garaile. Atzo, ordea, Kevin Pauwelsek aurrea hartu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.