Nico Williamsek 2027era arte berritu du Athleticekin

Athleticen jarraituko du Lezamako azken harribitxiak. Ez dute zehaztu zenbatekoa izango den etete klausula berria.

Williams anaiak
Nico eta Iñaki Williams ATHLETIC CLUB.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abenduaren 01a
11:10
Entzun

Uxatu dira mamuak San Mamesen. Nico Williamsek Athleticen jarraitzea erabaki du. 2027ra arte berritu du kontratua zuri-gorriekin. Gaur egun taldeko izar nagusietako bat bilakatu da, eta Espainiako selekzioaren deialdietan ohiko jokalaria da. 21 urte besterik ez duen arren, 96 partida jokatu ditu jada elastiko zuri-gorriarekin, eta Espainiako Ligan asistentzia gehien banatu dituen jokalaria da; bost guztira. Hamahiru gol sartu ditu Athleticekin; horietako bederatzi aurreko denboraldian sartu zituen. Oso mugimendu garrantzitsua da Athleticentzat, Europako talde boteretsuenak haren atzetik baitzeuden. Orain arte 50 miloi euroko etete klausula zeukan. Kontratu berriarekin, berriz, ez dute argitu zenbatekoa izango den. Zuzendaritza berria iritsi zenetik, hala izan ohi da.

Bide luzea egin du dagoeneko jokalari gazteak. 2021eko apirilean egin zuen debuta lehen taldearekin (Athletic 2-2 Valladolid), Marcelino García Toral entrenatzaile zela. 20 urterekin jokatu zuen iazko Munduko Txapelketa, eta etorkizun handiko jokalaria da. Gaur goizean sinatu du kontratua, San Mamesen, eta bertan egon dira Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendaria. Bertan izan da haren anaia Iñaki ere.

Zurrumurru ugari izan dira azken hilabeteetan Bilbo aldean Nico Williamsen inguruan. Premier Leagueko talde ugari, Bartzelona, Bayern Munich... talde ugarirekin lotu dute Williams anaietan txikiena. Azken asteetan, zaleak kezkatzen hasiak ziren, zazpi hilabete soilik gelditzen baitziren jokalariaren kontratua amaitzeko, eta ez zekiten San Mamesen jarraituko zuen edo ez. Asteon, baina, asko lasaitu zituen Williamsen beraren hitzek: «Zaleak lasai egon daitezke; pozik nago Bilbon», esan zuen astelehenean, Gironaren aurkako partida amaitu berritan. Bilbotarren futbol zuzendariak ere lasaitzeko moduko hitzak izan zituen: «Jokalari batek klubean geratu nahi duenean eta klubak geratzea nahi duenean, dena ondo amaitzea da ohikoena».

Gaur, kontratua sinatu berritan, esker oneko hitzak izan ditu Nicok Athleticentzat: «Oso pozik nago nire kideekin jarraituko dudalako, Athletic den bezalako familia handi batean. 11 urterekin iritsi nintzen Lezamara, eta bide luzea izan da honaino iristeko. Orain klubak dituen helburuak betetzea da helburua». Pozarren ageri da zuri-gorriek sare sozialetan zabaldu duten bideoan. Bertan Lezamako harrobian izandako entrenatzaileak ere izan ditu gogoan: «Ez ditut nirekin izan diren entrenatzaileak ahaztu nahi; gaur egun naizena izaten asko lagundu didate».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.