Gaurko partida egokiena al da gorantz egiten hasteko edo txarrena plazarik zailenetakoa delako?
Hasiera batean zailenetakoa da. Gainera, aurreko zapatuan etxean galdu egin genuenez, kanpoan ere puntuak atera behar ditugu. Beherantz goaz poliki-poliki, eta larritasunetan ez sartzeko, puntuak behar ditugu. Plaza zailenetakoa da baina, irabazten badugu oso ona litzateke, zelai handi batean irabazteak konfiantza handia emango ligukeelako.
Betiko esaldi honen arabera, irabazteko asko eta galtzeko gutxi daukazue gaur. Baina galtzeko ere ez al daukazue asko?
Bai. Gure egoeran puntuak hirunaka batzen hasi behar dugu, partida asko goazelako irabazi gabe. Gainera, behekoak ere hasi dira irabazten.
Etxetik kanpo nahiko ausart aritu izan zarete orain arte, eta gaur ere halako Eibar ikusiko al da?
Nik uste dut orain arte bezala jarraitu behar dugula, baina ñabardura batzuekin. Vallecasen, esaterako, lotsagabe jardun genuen, baina haiek kontraerasoan harrapatu gintuzten, eta normalean kanpoko taldea izaten da kontran aritzen dena. Joan zen zapatuan ere Las Palmasek harrapatu gintuen jokaldi mota horretan. Baina emaitzak dira azterketak baldintzen dituztenak; berdin jokatu eta emaitza ona atera izan bagenu, ondo ariru ginela esango zen.
Zer esan nahi duzu, taldeak une jakin batzuetan burua galtzen duela?
Burua galdu baino gehiago, uste dut anbizio gehiegirekin jokatu izan dugula une batzuetan, eta partidak hozten ikasi behar dugula. Batez ere, gu irabazten ari garela jakin behar dugu komeni zaigun partida egiten. Bigarren golaren bila itsututa joaten gara, eta atzera begirako lanari ez dio ezer laguntzen gero.
Atzelaria izanik, beste partida batzuetan baino kezka handiagoa eragiten al dizu Zaragozako Oliveirak eta gainerakoek?
Ez. Teorian besteak baino hobea dira, baina gure maila berean daude. Gure lana egiten badugu, ez dute beren ohiko jokoa egiterik izango. Gainera, denekin ibili behar da adi, gutxien uste duzunak egiten dizulako minik handiena.
Eibarrek zertan eman diezaioke min Zaragozari?
Elkartuta jokatu behar dugu, tarte handirik utzi gabe geure artean. Haiek baino gehiago borrokatu behar dugu, eta taldeko lana egitea ere ezinbestekoa izango da. Hortik aurrera, baloiarekin badakigu min ematen, eta izango ditugu gure aukerak ere. Zelai handia da, haiek asko mugitzen dira, eta guk itxi egin beharko dugu, baloia berreskuratu eta zabaltzen joateko; kontraerasoan min eman diezaiekegu.
Lehen aipatu duzu sailkapenean beherantz zoaztela, baina Eibar ez al dago berez dagokion lekuan?
Nik uste dut bere lekuan dagoela. Mendilibarren denboraldian izan ezik, beste guztietan sufritu egin da mailari eusteko. Aurreko sasoian ere oso ondo genbiltzan, baina azkenenan 52 punturekin gelditu ginen. Hau laugarren denboraldia dut hemen bi garaitan banatuta, eta aurreko hiruretan, Ziarretarekin, Amorrorturekin eta Manixekin, 52 puntu atera genituen. Guk badakigu nor garen eta non gauden, eta jendea apur bat emozionatzen badaere onerako eta txarrerako, guk argi daukagi zer helburu daukagun. Gainera, oraingoa bezalako egoeretan zer egin behar den badakigu, eta beste taldeekiko abantaila apur bat bada.
Kostatzen ari zaizue bizpahiru emaitza on elkarren segidan kateatzen, baina gaitz hori bera ez al dute beste guztiek ere?
Bigarren Mailan zaila da hiruzpalau partida jarraian irabaztea. Gainera, talde asko etxean indartsuak dira, baina kanpoan ez horrenbeste. Hala ere, ona da hiru partidatik bat irabaztea, bestela beherantz zoazelako poliki-poliki.
Kanpotik begiratuta ematen du jokatzeko estiloa aurkitu ezinda zabiltzatela. Hala al da?
Ez dut uste. Garbi daukagu zer nahi dugun. Partidetan, aurkaria agintzen ari den momentuetan lerroak elkartuago egotea eta gainera datorkigunari hobeto eustea falta zaigu. Momentu zail horiek pasatzea garrantzitsua da, bi jokaldirekin buelta ematen diozulako segituan. Gol dezente sartu izan dizkigute une txar horietan. Baloiarekin, bestela, txukun ari gara.
Zure lanari dagokionez, gustura egoteko moduan zara: partida guztiak jokatu dituzu.
Alde horretatik gustura nago, baina gol asko ari gara jasotzen, eta atzelariontzat gogorra da. Hala ere, ez gabiltza jendeak esaten duen bezain gaizki atzealdean.
Zenbait partidatan golik jaso gabe ere amaitu duzue.
Baina bitxia da. Golik egin ez diguten partida horietan, golak jaso ditugun beste partidetako hutsegite berberak egin ditugu, baina aurkariak asmatu ez duenez, ematen du atzelariak hobeto ibili garela. Jendeak begiratzen dio ea golak sartu dizkiguten edo ez dizkiguten. Partidaren azterketak hori baino askoz sakonagoak dira, eta guk badakigu zer egiten dugun gaizki, eta ez gaude larregi kezkatuta.
Klubak sekulako konfiantza daukazurekin, hurrengo sasoirako kontratua duzulako eta beste urtebetez jarraitzeko aukera ere badagoelako.
Aurreko sasoian partida asko jokatu nituen, eta berritu nahi zidaten kontratua. Baina kanpora joateko aukeraren bat ere izan nuen, eta azkenean, berritu egin nuen. Gainera, egun ez da samurra kanpora joatea. Taldeak oso gaizki dabiltza diruz, eta agindu, agintzen dizute, baina gero...
Halakorik bizi izan al duzu?
Vecindarion (Kanariar Uharteak) larri ibili ginen. Burgosetik (Espainia) behera, klubetako presidente gehienak eraikuntzako enpresariak dira, eta azkenean, krisi garaietan, nahiago izaten dute enpresa salbatu klubaren aurretik. Larr dabil jendea hor zehar. Hemen askoz lasaiago gaude, eta gainera, etxean. Asko balio du horrek.
Emaitza onalortu nahi badu, Eibarrek ezin dio aurkariari erreparatu
Zaragozan jokatuko du gaur, eta puntuak pilatzen hasi beharra dauka beheranzkojoera etetekoA. Manterola
Futbolean eta beste kirol guztietan izaten dira talde edo kirolari indartsuak, eta Bigarren Mailan, Zaragozak dauka ezaugarri hori sasoi honetan. Haren aurka jokatzeko, baina, ezinbestekoa da beldurrik ez izatea. Espainiarren aurka kokilduta ateratzen den taldeak nekez lortuko du emaitza onik. Hortaz, gaur, Eibarrek badaki zer ez duen egin behar. Ezin du Zaragozari begira zelairatu, ezin du zeinen onak diren pentsatzen hasi.
Eibarrek jarrera oldarkorra izan behar du zelaian, eta Carlos Pousok atzo esandako hitz hauek bide horretatik doaz: «Ea pronostikoak hankaz gora botatzeko gai garen. Kiniela egin dut, eta gure aldekoa da apustua». Ez da abiapuntu txarra. Gero, futbolean edozer gerta daiteke, baina Zaragozak irabazten badu, ez dadila izan eibartarrek partida aldez aurretik galdutzat emateagatik. Entrenatzaileak argi eta garbi esan du ez dela hala izango. Komeni, gainera hala ez izatea, Eibar puntu premian joan delako Zaragozara. Pixkanaka beherantz doa sailkapenean, eta larritzeko kontua ez bada ere taldea behealdean ibiltzea, emaitza onak azkar eskuratu behar ditu.
Zaragozatik gustura itzuli ahal izateko zer hamaikako aterako duen ez zuen esan Pousok, baina baztertu egin zuen erdiko hiru atzelari zelairatzea. Deialdiari dagokionez, deigarriena izan da Tiko etxean uztea.
Etxekoen aldetik ez da hutsune garrantzitsurik, eta Marcelino entrenatzaileak onenak aterako ditu: Ayala, Oliveira, Zapater, Ewerthon... Baina Eibarrek ez die beldurrik izan behar.
ZARAGOZA-EIBAR
Zaragoza. Lopez Vallejo; Chus Herrero, Pulido, Ayala, Paredes; Jorge Lopez, Zapater, Gabi, Caffa; Ewerthon eta Oliveira.
Eibar. Zigor; Raul Garcia, Urzelai, Alaña, Ivan Romero; Carmelo, Lombraña; Carlos Ruben, Sutil, Codina; Yague.
Epailea. Teixeira Vitienes.
Lekua. La Romareda futbol zelaia (34.500 ikusle).
Ordua. 18:30 (ETB 1)