NIRE VUELTA. NIRE VUELTA

Frantsesen keriak...

Mikel Astarloza.
2006ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Zutabetxo hau jende dezentek irakurtzen duen susmoa daukat. Ez dira gutxi izan sakelakora mezua bidali, eta zein ederki bizi naizen iradoki didaten lagun eta ezagunak. Nahiko ondo egon gara Mijasko hotelean, baina egun pare bat izan dira, eta bukatu da. Vuelta hasiko da gaur eta akabo oporrak. 21 egun dozenaka kilometro ziztu bizian egiteak oporralditik gutxi dauka.

Aurkezpeneko gunetik Mijasko hotelera noa, eta aurkezpeneko xehetasun batzuk azalduko dizkizuet. Tourrekoarekin konparatuko dut, Tourrekoa delako erreferentzia. Donostiako Konstituzio plaza baino txikiagoa zen plazan egin dugu aurkezpena. 200 bat lagun egongo ziren gu ikusten, eta tranpaldora igo, minutu bat egon bertan eta autobusera igo gara berehala hotelera bueltatzeko. Telebistak aurkezpena eskaini du, baina komunikabideen presentzia ez zen handi-handia. 15 bat kazetari, lau argazkilari... Tourrean dozenaka dira, eta ezin dira zenbatu. Vueltan bai.

Bueltakoan taldeko txirrindulari frantsesak-eta barrez sumatu ditut, aurkezpen apala aitzakia zutela, eta ez zait ondo iruditu. Jakina da Vueltak ez diola Tourrari itzalik egiten, baina errespetua eduki behar da. Frantsesak, frantseskeriatan, eurena goratzen eta besteena gutxiesten...

Frantzian askoz hedatuagoa dago kirolak jarraitzeko joera, Espainiarekin alderatuta, eta ni bien tartean nago, Euskal Herrian. Futbola erabat nagusi da Espainian, baina ez hainbeste Frantzian. Han tenisa, 1 Formula, neguko kirolak, errugbia eta beste jarraitzen dituzte, eta horrek aurkezpenera bertaratu den jende kopuru txikian eragina duela uste dut.

Vueltako hasieraren guneak ere ez du gehiegi lagundu. Malaga hiri polita da, baina oporrak pasatzeko. Hona etortzen den jendea egunerokoa ahaztera etortzen dela uste dut, eta litekeena da Vuelta Malagan hasten zela ere ez jakitea. Ostegunean, kostako bidetik entrenatzen gindoazela, sentsazio hori eduki nuen. Jendea etzanda, lasai. Alegia, inguruan lanean zebiltzan bakarrak txirrindulariok ginela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.