Estibalitz Sagardoi (Ororbia, Nafarroa, 2001) sei urte zituela hasi zen larunbatero bizikleta gainera igotzen, herriko klubean. Gaur egun ere hor dihardu, Saltoki-Conor taldean. Familiatik datorkio zaletasuna: aitak eta anaiak ere betidanik egin dute mendiko txirrindularitza. Aurten bigarrenez irabazi du Espainiako Txapelketa, eta Europakoa ere jokatu du; irailean Munduko Txapelketan hartuko du parte.
Berriz ere Espainiako txapeldun izan zara kross modalitateko txirrindularitzan. Nolakoa izan zen lasterketa?
Oso gogorra izan zen. Granadako (Espainia) herri batean izan zen, eta, hasieran bero handirik egiten ez bazuen ere, tenperatura igoz joan zen. Hasieratik erritmo indartsua jarri nuen, eta bigarren itzuliko jaitsieran aurkariei distantzia pixka bat ateratzea lortu nuen. Alde horri eutsi nion, eta baita handitu ere. Ia minutu bat atera nion bigarren sailkatuari.
Bi aldiz jarraian irabazi duzu Espainiako Txapelketa, eta beste lau aldiz Espainiako Opena. Zer esaten dizute aurkariek?
Aurkari handienetako bat Nuria Bosch da. Lehia ona daukagu: batzuetan nik irabazten dut, baina berak ere aurten Espainiako Kopa irabazi du. Oso harreman ona daukagu.
Aurten ere Europako Txapelketa jokatu duzu. 27. egin zenuen...
Lasterketa horietan maila oso handia dago. Ostiralean errelebo lasterketan bira bat eman nuen, eta oso ondo egin nuen. Igandean gogotsu atera nintzen, baina itzuli batzuen ondoren gaizki sentitzen hasi nintzen, indarrik gabe, eta ahal izan nuena egin nuen. Etxera itzulitakoan sukarra nuen. Emaitza ez zen hain garrantzitsua, helburua lasterketa ona egitea zen, eta gorputzaldi onarekin bukatzea. Europan maila askoz handiagoa dago. Bosch eta biok 25. postu inguruan geratu ginen. Lehenengo hamar txirrindulariak oso azkarrak dira; gehienak, Suitzakoak eta Frantziakoak.
Oso gaztetatik hasi zinen irabazten, bai Euskal Herrian, baita Espainian ere.
Betidanik hartu dut parte lasterketetan. Hogei urte nituela, serioago hartzen hasi nintzen, eta, ondorioz, emaitza hobeak lortzen. Egia esan, egunez egun joan naiz: badakit lan asko egin behar dela hemen jarraitzeko. Buruan beti daukat gehiago lortzeko helburua. Adibidez, niretzat helburu handia zen Espainiako Txapelketa lortzea, eta bi aldiz irabazi dut.
Nola azalduko zenuke zer den kross txirrindularitza?
Mendiko txirrindularitza da, baina lasterketak ordu erdikoak dira. Zirkuituaren distantziaren arabera, bost bira inguru egiten ditugu, eta normalean bost kilometroko zirkuitua izaten da. Ezaugarririk nabarmenenak hauek dira: bizitasun handiko kirola da, igoera eta jaitsiera asko daude, eta erritmo handia ezartzen da.
Zer da modalitate honetako onena? Eta zer zailena?
Nire ustez, onena da ez dela maratoi bat; nahiz eta erresistentzia kirol bat izan, ordu erdikoa da. Zailena, berriz, teknika lantzea da: zirkuituak geroz eta teknikoagoak dira, salto gehiago jartzen dituzte... Maila handia behar da parte hartzeko. Hemen nahiko ondo moldatzen naiz, baina kanpoan askoz ere zailagoak dira. Hor dago alderik handiena: beste batzuek askoz azkarrago pasatzen dituzte zona tekniko horiek.
«Europan maila askoz handiagoa dago. Lehenengo hamar txirrindulariak oso azkarrak dira»
Nola entrenatzen zara? Zer ariketa egiten dituzu?
Entrenamendu gehienak bizikletan egiten ditut; teknika lantzeko, askotan igotzen gara mendira, jaitsierak egitera. Errepideko bizikletan, berriz, entrenamendu espezifikoak egiten ditut, eta gimnasioko ariketak ere egiten ditut, indarra lantzeko.
Teknikoki zertan sumatzen zara indartsu?
Espainian ondo moldatzen naiz teknikoagoak diren zirkuituetan. Jaitsieretan ere ondo moldatzen naiz; aurkariei jaitsieretan ateratzen diet alderik handiena. Oso konstantea naiz lasterketa guztietan, ez ditut akats handiak egiten.
Eta zertan hobetu dezakezu?
Espainiatik kanpo zirkuituak askoz zailagoak dira, eta hor hobetu egin nahi dut. Lasterketa horietan ere erritmoari eutsi nahi diot.
«Jaitsieretan ondo moldatzen naiz; aurkariei jaitsieretan ateratzen diet alderik handiena»
Zer helburu dituzu etorkizunerako?
Espainiako Txapelketa gehiagotan irabazi nahi dut, eta Munduko Kopan eta Europako Txapelketetan erritmo hobea izan nahi dut, orain arte lortutako emaitzak hobetzeko.
Nola ikusten duzu mendi txirrindularitzaren egoera Euskal Herrian? Eta emakumeen egoera zure kirolean?
Geroz eta talde gehiago daude, eta maila handiko lasterketa gehiago daude. Nabaritzen da taldeetan geroz eta neska txiki gehiago daudela. Ni umea nintzenean oso gutxi ginen, eta mutilekin lehiatzen nintzen. Lortu behar dena da neska horiek maila altuetako kategorietara iristea. Nahiko maila ona dago Euskal Herrian, eta taldeek lan handia egiten dute maila horri eusteko eta lasterketak aurrera ateratzeko.