Andres Chapu Nocioni lanean hasi da. Azterketa medikua pasa zuen astelehenean, taldekideekin batera lehen lan saioa burutu atzo goizean, eta komunikabideen aurrean hitz egin, ondoren. Argentinarrak hogei minutu luzeko prentsaurrekoa eman zuen, Gasteiz zergatik hautatu duen azaltzeko, eta bere etorkizuna Euskal Herrian egon daitekeen edo ez argitzeko. Europara itzultzeko gogoa zeukala esan zuen aurrena, aspertu egin dela NBAn aulkiko txoko batean egonda, zenbaki soil bat izanda: «Chicagoko bost urteak ederrak izan ziren, Sacramentokoak ez hainbeste, eta Philadelphiako azken hilabeteak nahiko txarrak».
Kirol erronkak edukitzea eta Londresko Olinpiar Jokoek eraman dute Nocioni AEBetako bidea bukatutzat ematera: «Jokatzen ez baduzu, motibazioa galtzen da pixkanaka, eta nik kirol erronkaren bat behar dut. Caja Laboralek eman dit aukera hori, liga lortzeko aukera hor dago, eta horregatik etorri naiz». Hirira eta taldera moldatzeko arazorik ez duela izango esan zuen: «Ezagutzen dut kluba, jendea, Ivanovic... Hiria dezente aldatu da, baina azkar moldatzea espero dut».
Denboraldi bukaerara arte sinatu du, eta Olinpiar Jokoen ostean erabakiko omen du non jokatu hurrengo sasoian: «Bistan da, lehen aukera Baskonia dela, baina baldintza asko daude. Zorionez dagoeneko dirua ez da lehentasuna niretzat. Proiektuak, nire familiak eta beste, horiek ere garrantzitsuak dira. NBAra itzul naiteke, eskaintza onen bat jasotzen badut, edo Europako beste talderen batera, baina Josean Kerejetarekin bilduko naiz aurrena».
Eman dezakeen errendimenduaz zalantza guztiak uxatu nahi izan zituen: «Orain dela zortzi urteko jokalari bera naiz. Agian fisikoki ez nago hain ondo, baina grina eta borrokarako prestutasunean, jokalari bera naiz. Jaurtiketa batzuk huts egingo ditut, baloiren bat eman, baina 24 urteko Nocioni eta oraingoa nahiko antzekoak dira, ez naiz asko aldatu». Atzo egin zuen lehen lan saioa, eta nekatuta bukatu zuela aitortu zuen: «Ez nago ohituta. NBAn ez da entrenamendurik egiten, partidek ez dute tarterik uzten, baina jarriko naiz puntuan, aste pare batean edo».
Prigioni taldekide eta herrikidearekin mezu asko trukatu dituela esan du, eta haren errua ere badela Gasteizera etorri izana. Ez dio, ordea, 5 zenbakia eman, eta horregatik aukeratu 55a, bost bikoitza: «Energia bikoitza». Bere etorrerarekin Baskonia liga irabazteko hautagai bihurtu ote den galdetu zioten, eta baietz adierazi zuen: «Igandeko partida ikusten egon nintzen, eta ondo ikusi nuen taldea. Zergatik ez?».
Nocioni: «Aspertu egin naiz NBAn»
Kirol erronka erakargarriak faltan bota dituela aitortu du Caja Laboraleko jokalari argentinarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu