Auschwitz Memorialak bota du galdera: zein da Realaren eta Txekoslovakiaren arteko lotura? Ba al dago beste erakunderik antzeko ikurrik duenik? Lehen galdera zaila da erantzuten, baina bigarrenaren erantzuna argi dago: ez. Auschwitzeko kontzentrazio eremuko museoak txio batean nabarmendu duen gazte juduak soinean daraman pina Donostiako futbol taldearena da, Realarena. Erantzun horrek, ordea, galdera asko uzten ditu airean. Eta nagusia: nolatan ageri da Realaren pin bat 1930eko hamarkadako gazte txekoslovakiar judu baten soinean?
Jiri Popper da argazkiko gaztea, eta holokaustoa gogoratzeko Txekiar Errepublikaren webgunean dago irudia. Atzoko egunez jaio zen Popper, Txekoslovakian (Txekiar Errepublikaren eta Eslovakiaren arteko batasuna), 1923. urtean. Karel (1893-1941) eta Marie (1895-1943) zituen gurasoak. Amarekin batera, naziek Jiri semea Terezingo (Txekiar Errepublika) kontzentrazio esparrura deportatu zuten 1943ko uztailean, eta bi hilabete geroago, 1943ko irailaren 6an, Auschwitzera. Terezinerako bidean, beste 837 lagun izan zituzten bidaide amak eta semeak; 196k lortu zuten bizirik irautea. Auschwitzerakoan, berriz, 2.484 lagun joan ziren ama-semeak zenbatuta, eta 32 soilik atera ziren bizirik.
Jiri Popper eta Marie ama ez ziren bizirik atera Auschwitzetik, beste milioika judu, ijito, komunista eta gay —beste batzuen artean— atera ez ziren bezala. Aitaren izena ez dago jasota Jad Vashem holokaustoak hildakoen izenak gordetzeko erakundean, eta litekeena da 1941ean heriotza naturala izan izana. Jirik bazuen anaia bat ere, eta hura bizirik atera zen.
Pinaren inguruko hipotesiak asko dira. @atotxaorg Twitterreko erabiltzaileak azaldu du 1923an Realak lagunarteko bi partida jokatu zituela Pragako judu alemaniarrek sortu zuten talde baten kontra: Praga Futbol Klub Alemaniarra (DFC Praga). "Oroigarri bat izan daiteke. Jiri 1923an jaio zen. Agian senideren batengandik lortu zuen? Jokalari batengandik agian? Istorio txiki zirraragarri bat da", dio Auschwitz Memorialak.
.@atotxaorg found that @RealSociedad in 1923 played two games in San Sebastian against Deutcher Fußball-Club (a club founded by German Jews in Prague). It could be a souvenir. Jiri was born in 1923. Perhaps he got it from a family member? Maybe a player? Fascinating micro-story.
— Auschwitz Memorial (@AuschwitzMuseum) July 21, 2020
Reala da, hain zuzen ere, lagunarteko partidak jokatzeko nazioarteko bira bat egin duen lehen taldea. Lippo Hertzka entrenatzaile hungariarraren eskutik egin zuen, 1924ko udan, eta Hungarian, Alemanian eta Austrian jokatu zuen. Ez, ordea, Txekoslovakian. Essener Turnerbund Alemaniako taldeak Donostian jokatu zuen lagunarteko batean ezagutu ondoren fitxatu zuen Realak Hertzka, eta txuri-urdinak entrenatu ondoren (1923-1926), Athletic ere entrenatu zuen (1926-1928).
Reala, bira hartan, Pragan aritu ez bazen ere. Hertzkaren bitartez, ezagun egin zen Donostiako taldea Europa erdialdean, eta DCF Praga taldea Donostian izan zen 1923ko abenduan, bi lagunarteko jokatzeko. Pragako taldeak irabazi zuen lehena, 1-3, eta Realak bigarrena, 0-3. Litekeena da argazkian ageri den Realeko pin hori orduko oroigarri truke batean eskuratzea Popperren senideren batek, eta gazteari ematea.
'SS' hizkiak, armarrian
Beste hipotesi batean, Memorialak berak dio Reala Euskal Herriko talde bat denez, eta 1936ko gerrarekin lotutako adierazpen politiko gisa izan zitekeela ikurra, Euskal Herriaren zati bat, tartean Gipuzkoa, faxisten aurka borrokatu zelako. Auschwitzeko museoak berak, ordea, aitortzen du hipotesi hori ez dela hain sinesgarria.
Another (seems less likely) theory is that it could have been some hidden political statement linked with the Spanish Civil War as San Sebastian is in the Basque Country. Yet, we found no links between. An expert historian on pre-war Czechoslovak society could perhaps help.
— Auschwitz Memorial (@AuschwitzMuseum) July 21, 2020
Ander Izagirre kazetariak detaile interesgarri bat gehitu du eztabaidara: Popperren argazkian ikusten ez den arren, garai horretan ere Realaren armarriak SS hizkiak zituen, Donostiaren erdarazko izenaren laburdura. Halaber, Schutzstaffel Alemaniako alderdi naziaren talde paramilitar garrantzitsuenaren akronimoa ere bada SS. Hitlerrek sarraski esparruen ardura eta konkistatutako herrialdeak kontrolatzeko lana eman zien, eta milioika ijito, judu, poloniar, komunista eta partisano hil zituzten, sarritan era basatian.
1910eko edo 1923ko ikurra, edo 1940koa edo 1942koa
Misterioa argitzeko, Auschwitz Memorialak II. Mundu Gerraren aurreko Txekolovakiako gizartean aditua den soziologoren baten laguntza eskatu du hurrena. Terezin, 1939tik aurrera, Bohemia eta Moraviako protektoratuaren barnean egon zen, eta nazien esku zegoen; Theresienstadt esaten zioten naziek. Auschwitz Memorialak egunero egun horretan jaio ziren presoen argazkiak ipintzen ditu sarean, eta horrela sortu da misterioa.
Ikurraren benekotasunaren inguruko eztabaida ere piztu da Twitterren. Auschwitz Memorialak ere honela galdetu du: zein zen klubaren ikurra 1930eko hamarkadan? Benekotasunaren eztabaidak, ordea, ez du bide luzerik. Realaren armarriaren bilakaerari erreparatuta, bi aukera daude, argazkia gutxienez 1943. urtea baino lehenagokoa dela aintzat hartuta: 1910eko edo 1923ko ikurra izatea edo 1940koa edo 1942koa. Tartean, Espainiako errepublika garaian Espainiako erresumaren koroa kenarazi zioten Realari, eta izena ere aldarazi zioten, faxistek Espainiako Gerra irabazi zuten arte: Donostia Foot-ball Club.