SASKIBALOIA. EUROLIGAKO HASIERA

Nork kenduko dio txapela CSKAri?

Tau Baskonia bezain onak edo hobeak diren talde asko daude, baina arabarrek Lauko Finala jokatu nahi dute lehen aldiz

Jon Rejado.
2004ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Aurtengo Euroliga galdera edo zalantza nagusi batekin hasi da. Norbaitek kenduko al dio txapela CSKA Moskuri? Eta kentzen badio, nork kenduko dio? Azken bi denboraldietan, Lauko Finala etxean eta zaleen epelean jokatu duten taldeek jantzi dute txapela, Bartzelonak (Katalunia) eta Tel Aviveko Maccabik (Israel), eta errusiarrek hori lortzeko moduko taldea egin dute, beriz ere. Dena den, oraindik talde bakoitza zer moduz ariko den ikusteko badago ere, askok eman nahi diote ezustekoa Ivkovicen taldeari.

Espainiako ACB Ligako, Italiako Legako eta Turkiako hainbat talde Maccabi eta CSKA erraldoiak mendean hartzen saiatuko dira, Euroligan aurten txapelketa sisteman egin dituzten berrikuntzez baliatuz. Aurrekoetan ez bezala, Top 16aren eta Lauko Finalaren artean final-laurdenak egingo dira, ikuskizuna bermatu eta talde gehiagori txapela janzteko aukera emateko.

Irabaztea, nahitaezkoa Taurentzat

Tauri dagokionez, gaur arratsaldean ekingo dio lehen faseari, ustez C Multzoko talderik apalenetako baten etxean, Pau Orthezen kontra (20:30ean, Sportmania). ACB Ligan hartutako azken bi kolpeek eragina izan dezakete Tauren jarreran, baina arabarrek euren handitasuna erakusten saiatu beharko dute, aurkariaren egoeraz baliatuz. Pau Orthez gaizki hasi zen, eta hobetzen ari bada ere, hilabete barru izango duen mailatik urrun dago oraindik. Foirestek eta Thierry Gadouk taldeari bultzada eman dioten arren, oraindik ez dutelortujokoa biribiltzerik.

ACBko azken bi partidetako defentsa asko hobetu beharko du Baskoniak, batez ere Thierry Gadouren lana eteteko. Saskipetik urrun joka dezaketen jokalari garaiek min egiten diote Tauri, Valladolideko Rejonek azken lehian erakutsi zuen bezala. Esan beharrik ez dago, gainera, defentsan lan ona egiten denean erasoan errazago jokatu ohi duela Baskoniak.Defentsaren gainetik gasteiztarrek adorea berreskuratzea dute, dena den, lehenengo lana. Dena irabazteko borrokatu nahi duen talde bat ezin da kantxatik nola hala desagertu, Real Madrilen edo Forumen kontra gertatu zen bezala.

-

Euroligako lau talde indartsuenak



 

CSKA MOSKU





Alde: Aukera ezin hobea dute txapela janzteko, Lauko Finala haien etxean jokatuko delako, eta lorpen hori erdiesteko moduko taldea dutelako. Holden, Brown, Papaloukas joko banatzaile hirukoa mantentzen du, Europako zitalena. Ivkovic aulkian edukitzeak joko ona bermatzen du.

Kontra: Saskipea errotik aldatu dute, eta Turckan, Tarlac eta Alexanderren tokian jokalari gazteak jarri. Gaztetasunak eta helburuak bete beharrak taldearen jokoa baldintza dezakete.

MACCABI TEL AVIV





Alde: Azken denboraldian txapela jantzi zuen taldearen oinarri antzekoa du. Euroliga barruan indar handiena duten klubetako bat da, eta horrek ere eragina izan dezake une zehatzetan. Jasikevicius, Vujicic, Parker eta bestelako jokalari erabakigarriak ditu.

Kontra: Etxean ia garaiezinak diren arren, kanpoan arazo gehiago dituzte. Bluthentalek, Europako seigarren jokalari garrantzitsuenetako bat alde egin du, eta aldaketak egitean maila gal dezake.

BARTZELONA





Alde: Euroliga orain dela bi urte irabazi zuen, eta eskarmentu handiko jokalariak ditu postuz postuko azterketa egin ostean. Jokalari erabakigarriak ditu, Bodiroga barne, une erabakigarrietan ardura bere gain hartu eta garaipena ziurtatzeko.

Kontra: Jokalariek Euroliga bikain ezagutu arren, Joan Montes teknikariak lehen urtea du Europan. Askotan Bodiroga-Navarro bikoaren menpekotasunak gehiegi baldintzatzen du jokoa.

MONTEPASCHI SIENA





Alde: Urtero-urtero eman ditu aurrerapausoak Euroligan, eta azken bi urteetan Lauko Finalean sartu da. Iragan denboraldiko oinarria mantentzen du, eta kalitateko jokalariekin bete ditu joan direnen hutsuneak. Oso talde orekatua da, joko banatzaile bikainak buru dituela.

Kontra: Aurreko bi urteetan ilusio handia eta presio gutxi izan arren, aurten gora begira daude hasieratik, horrek dakarren erantzukizunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.