Gorka Iraizoz. Athleticeko atezaina

«Normala da etorkizunean pentsatzea, baina ez du laguntzen»

Azken hamar urtean talde zuri-gorriaren atezain nagusia izan denak natural hartu ditu denboraldi hasiera honetako txandakatzeak. Iruindarra izanagatik, ia ez du loturarik izan Osasunarekin.

haritz gallastegi
Bilbo
2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gozatzen ari da Gorka Iraizoz (Iruñea, 1981). Duela hamar urte bete zuen ametsa lehenengoz: Athleticen atea zaintzea. Baina lehen urteak ez ziren izan errazak. Haren jokoa ezbaian jarri dute sarri. Une latzak bizi izan zituen, eta hamaikakoan lekua galtzear egon zen. Baina garairik gaitzenean egoerari buelta eman, eta hazi egin zen. Azken urteotan lasai aritu da, eta, horri eskerrak, bikain aritu da. Kontua da gazteak gogor datozela bultzaka. Kepa Agirrezabalaga lan bikaina egiten ari da, eta atezainak txandakatzea erabaki du Ernesto Valverdek. Zorionez, teknikariaren lanak ez dueraginik izan haren mailan: sasoiko dago oraindik ere.

Gogotsu zaude Osasunaren kontra jokatzeko?

Derbi guztiak dira jokatzeko politak, baina sasoi honetan asko jokatuko ditugu. Hiru puntu irabazteko beste aukera bat da.

Nafarra izanik, berezia da Osasunaren aurka jokatzea, edo ez daukazu aparteko loturarik?

Berezia bada. Iruindarra naiz. Nire lehen futbol oroitzapenak Osasunarekin lotuta daude. Gertuen geneukan goi mailako taldea zen. Familiarekin joaten nintzen. Baina, era berean, Txantrean bizi ginen, eta Athleticek indar handia dauka han. Gainera, sekula ez dut jantzi haien elastikoa. Beraz, Osasunarekin izan dut nolabaiteko lotura, baina ez da Raul Garciak edo Erasok dutena bezain sendoa.

Athletic Osasuna baino talde indartsuagoa da egun, eta etxean ariko zarete. Derrigorrezkoa da irabaztea?

Azken urteotan taldeak erakutsi du edozein zelaitan irabaz dezakeela. Barneratuta daukagu gai garela edozein aurkari estu hartzeko. Mentalitate aldaketa egon da jokalarion artean. San Mamesen indartsu sentitzen gara, etauste dugu faborito garela edozein talderen aurka. Beraz, gurea ondo egiten badugu, derbia irabazteko aukera izango dugu. Goian irauteko, ezinbestekoa da lehiakorrak izatea.

Osasunaren zer duzu gustuko?

Klub gisa sasoi txarrak igaro berri ditu. Gauzak nola egin behar diren ikasi du. Etxekoen aldeko apustua egin dute, eta inor gutxik espero zuenean igo da mailaz. Era berean, uste dut entrenatzaile egokia dela Enrique Martin Monreal. Argi dauka zer egin behar duen mailari eusteko. Horrek zaildu egiten dizkio gauzak aurkariari.

Zein dira Athleticen helburuak denboraldi honetan?

Aurrean ibili gura dugu. Azken denboraldiotan asko hazi gara talde gisa. Bide beretik jarraitzen ahaleginduko gara.

Ba al dakizu etzi atean izango zaren?

Entrenatzaileak esaten duenean jakingo duzu hori.

Sekula ikusi gabeko erabakia da hiru atezain txandakatzea. Kosta egin al zaizu onartzea?

Dagoena dago. Ez da nire lana gisa horretako erabakiak hartzea, entrenatzailearena baizik. Baina gauza bat argi daukat: teknikariak ez du ezer egingo bere buruaren kontra. Erabakiak onartu eta aurrera egin behar da. Nire eginbeharra da aukera eskaintzen didatenean ongi aritzea.

Kalte ez dizu egin. Ondo aritu zara jokatu duzunean.

Ondo sentitzen naiz. Pozik nago egiten ari naizenarekin. Partidetan ez eze, eguneroko lanean ere gustura nabil. Jokatzen dudanean zein aulkian nagoenean, argi daukat taldeari laguntzea tokatzen zaidala. Neure buruarekin harro egotea dut xede.

Denboraldi honetan, gainera, Carlos Gurpegiren lekukoa hartu duzu kapitain gisa. Beraz, eredugarria izan behar duzu.

Athleticen ardura handia da kapitaina izatea. Baina atezaina naiz,eta postu horretan aritzen garenok badakigu zer den erantzukizuna izatea. Zorionez, Athleticen elkarri laguntzen diogu gauzak aurrera ateratzeko.

Aritz Adurizen bide bertsua egiten ari zara. Adinean aurrera egin ahala, hobeto ari zara. Azken hiruzpalau denboraldiak oso onak egin dituzu.

Barruan daukadan guztia ematen ahalegintzen naiz. Taldeari laguntzea dut helburu, gorputzak nahikoa dela esan arte.

Zure kirol ibilbideko garairik onenean zaude?

Sarri egin didazue galdera hori. Ez dakit zer esan. Futbolari profesional gisa azken txanpan nago, eta ahogozo ona utzi gura dut.

Datorren denboraldian Athleticen ikusten duzu zeure burua?

Ez dut begiratzen epe luzera. Normala da etorkizunean pentsatzea, baina ez du asko laguntzen. Egunetik egunera pentsatu behar da.

Beste esperientzia bat bizitzea gustatuko litzaizuke? Beste futbol mota bat ezagutzeko tentaziorik izan duzu?

Ez dut pentsatu horretan. Etorkizunean zenbat eta gehiago pentsatu, orainari are eta arreta txikiagoa jarriko diot. Eta urteek erakutsi didate burua behar den lekuan ez badaukat gauzak ez zaizkidala ondo aterako. Denboraldi honetan, aukera ederra daukat Athleticekin gozatzeko. Etorriko da galdera hori neure buruari eta ingurukoei egiteko garaia. Eta, noski, era berean, klubak ere izango du zeresana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.