Futbola

Nortasuna erakutsita menderatu du Realak Ajax

Garaipen garrantzitsua lortu du Realak Europa ligan arazotan ez sartzeko. Lehen zatian hobeak izan dira bisitariak, baina Kubok desorekatu du balantza bigarren zatian.

Realeko jokalariak elkarri besarkatuta, goletako baten ostean. JON URBE / FOKU
Realeko jokalariak elkar besarkatuta, goletako baten ostean. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko azaroaren 28a
23:20
Entzun

Garaipen ezin garrantzitsuagoa lortu du Realak Anoetan. Ajaxek hamasei partida zeramatzan galdu gabe, eta, lehen zatian txuri-urdinak baino hobeak izan diren arren, esku hutsik itzuliko dira etxera. Take Kubo izan da Realaren izarra: hark eman dio Barrenetxeari lehen golaren pasea, eta harena izan da 2-0ekoa. Zazpi puntu ditu orain Realak, eta hiru puntura dauka zortzigarren postua.

Realak gogotsu ekin dio lehiari. Imanol Alguacilenek argi zuten partidako plana: presioa oso goian egitea eta Ajaxi baloiaren jabetza kentzea. Baina Ajaxek berehala erakutsi du txuri-urdinen huts bakoitza zigortzeko asmoa, eta donostiarren alarma guztiak piztu ditu lehen hamar minutuetan. Brobbeyk bi aldiz barkatu du ate aurrean. Lehen aukeran, oso gaizki aritu da Remiroren aurrean bi baten aurka gelditu diren unean. Eta bigarrenean, zutoinera bidali du baloia, dena alde zuela. Huts larria egin du Sucicek baloia jokatzerakoan, eta aurrelaria bakar-bakarrik gelditu da Remiroren atean.

Hortik aurrera, partidari neurria hartu ezinda aritu da Reala. Ajax erosoago aritu da lehen zatian, eta arriskuarekin iritsi da Remiroren area ingurura. Reala, berriz, tantaka-tantaka gerturatu da beste areara; hegaletatik ahalegindu da gehienbat, Take Kuborekin eta Beckerrekin. Baina hegalekoen erdiraketek ez dute errematatzailerik aurkitu. Gainerakoan, baloia bereganatu bai, baina Ajaxen defentsako lerroak gainditu ezinda ibili da Reala. Amsterdamgo taldeak presio ona egin du, eta Zubimendiri ez dio partidan sartzen utzi. Hargatik aritu da noraezean Imanolen taldea, iparrorratza aurkitu ezinda.

Ajaxek bereari eutsi dio, eta beste hainbat aldiz iritsi da Remiroren ate ingurura. Hala ere, markagailuan aurreratzeko aukera paregabea izan du Realak atsedenaldia iritsi aurretik. Kubok eta Beckerrek ondo ulertu dute elkar, eta Surinamekoaren erdiraketa Oiartzabali iritsi zaio, area txikian. Eskuinarekin egin beharreko errematea zen, baina ezkerrez egin nahi izan du Eibarko aurrelariak, eta kanpora joan zaio baloia.

Lehen zatiaren hondarrean, Aritz Elustondok orkatila bihurritu du; min handiko keinuak egin ditu, eta Jon Mikel Aramburu zelairatu da haren ordez. Partida ondorengo agerraldian, Imanol Alguacil entrenatzaileak ezin izan zuen zehaztu lesioaren neurria.

Kuboren errebeldia

Atsedenalditik bueltan hobera egin dute txuri-urdinek. Take Kubo izan dute itsasargi, japoniarraren buruz buruko jokaldietan topatu baitute min egiteko bidea. Haren ekinak Anoetako harmaila ere piztu du, eta taldeak nabaritu egin du. Azkenean, haren erdiraketa baten ostean iritsi da lehen gola; bat eta bikoa egin du Arambururekin, eta japoniarraren erdiraketa Barrenetxeak bidali du sareetara. Zelairatu berria zen donostiarra.

Kubok desorekatu du balantza txuri-urdinen alde, baina aldaketek ere izan dute zerikusirik. Imanolek Turrientes, Aramburu eta Barrenetxea zelairatu ditu, eta hirurak izan dira garrantzitsuak txuri-urdinen hobekuntzan; azken biak batez ere. Ajaxek, berriz, behera egin du aldaketekin. Zenbait jokalari Amsterdamen gelditu dira, ondoezik, eta Brobbey aurrelariak min hartu du lehen zatian. Hala, minutu gutxiago jokatzen dituzten jokalariak zelairatu ditu Fariolik.

Kuboren erakustaldiak, ordea, ezin zuen golik sartu gabe amaitu. Buruz buruko jokaldi bikaina egin du eskuin hegalean, eta bi aurkari atzean utzi ostean egin du errematea. Aurkari baten gorputzean jo ondoren sartu da baloia Pasveerren atean, eta zoramena piztu da Anoetan. Hurrengo jokaldian aldatu du Imanolek, eta zutik agurtu dute zaleek, txalo zaparrada batekin.

REALA-AJAX
Reala. Remiro; Aritz (Aramburu, 45. min), Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Brais Mendez, Sucic (Turrientes, 45. min); Becker (Barrenetxea, 65. min), Take Kubo (Sergio Gomez, 86. min) eta Oiartzabal (Sadiq, 87. min).
Ajax. Pasveer; Rensch, Sutalo, Youri Baas, Jorrel Hato (Wijndal, 74. min), Berghius (Van den Boomen, 65. min), Henderson; Kian Fitz-Jon (Hlynsson, 74. min), Chuba Akpom, Bertrand Traore (Jaydon Banel, 65. min), Brobbey (Rasmussen, 34. min).
Golak. 1-0. Barrenetxeak (68.  min). 2-0. Take Kubok (85. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.