Futbola

Norvegia final-zortzirenetarako sailkatu da, Boli Kostari irabazita

Haalandek 86. minutuan sartu du gol erabakigarria, eta 2-1 amaitu da partida. Norvegiak Brasil izango du aurkari astelehenean.

Haaland Boli Kostari sartutako gola ospatzen. CARLOS RAMIREZ / EFE
Haaland Boli Kostari sartutako gola ospatzen. CARLOS RAMIREZ / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko ekainaren 30a
21:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emozio eta tentsio handiko partida jokatu dute Boli Kostak eta Norvegiak Munduko Kopako final-hamaseirenetan, eta biek egin dituzte kanporaketan aurrera segitzeko merituak. Norvegia izan da, ordea, ate aurrean finago aritu dena: 2-1 irabazi dio Afrikako selekzioari, Haalandek 86. minutuan sartutako gol erabakigarriari esker. Boli Kostak partida amaitzeko ordu laurdena falta zela berdindu du neurketa, baina azken hitza esateko zuen Norvegiako goleatzaile nagusiak. Brasil izango du aurkari final-zortzirenetan, astelehenean.

Norvegiak hartu du hasieran aginte makila, baina ez dio asko iraun. Erasokor hasi du, eta gutxira eman dio lehen abisua Boli Kostari. Haalanden burukada, baina, defentsek urrundu dute. Eta kito. Pixkanaka, aurrera egin dute Boli Kostako jokalariek, eta aurkaria estutu.

Pareko aritu dira bi selekzioak lehen ordu laurdenean, baina zelaian geroz eta erosoago sumatzen zen Boli Kosta. Makal zebiltzan norvegiarrak, eta bizi bolikostarrak. Hegalean aritu da Sorloth aurrelaria, eta ezinean ibili da. Baloi asko galdu ditu, eta Afrikako selekzioak aprobetxatu du hori.

Dena den, Norvegiak eman du lehen kolpea, 39. minutuan. Nusak sekulako gola sartu du. Ezker hegalean baloia hartu, aurrera egin, jaurtiketa egiteko eroso jarri, eta gol ikusgarria sartu du. Aurrean maila handiko jokalariak ditu Norvegiak, eta ezer gutxi behar izan dute aurrea hartzeko. Hortik gutxira, gainera, bi aukera garbi-garbi izan dituzte.

Boli Kostak bigarren zatia zuen aurretik markagailua iraultzeko, eta oldarkor zelairatu da. Atzean kokatu da Norvegia, kontraerasorako prest. Lehen zatian baino joan-etorri gehiago izan dira, eta bi selekzioek izan dituzte aukerak. 67. minutuan esku-eskura izan du Norvegiak bigarren gola, baina ez du baloia sareratu. Bai, ordea, Boli Kostak, 74. minutuan. Area ertzean bat-biko bikaina egin du Diallok Peperekin, eta area barruan ez du barkatu. Gol ederra sartu du, kanporaketa berdintzeko. Gogoz ospatu dute, baina partida ez da hor amaitu.

Asko luzapenean pentsatzen hasiak zeudela, Norvegiak bigarrena sartu du, 86. minutuan. Haalandek egin du, nork bestela. Boli Kostak ez du jokaldia ondo defendatu, eta aurrelariak baloiari bultza besterik ez dio egin behar izan.

Bukaeraraino saiatu da Boli Kosta. Diallok gertu izan du gola falta jaurtiketa batean, baina Norvegiako atezainak urrundu du. Azkenerako, Norvegia sailkatu da final-zortzirenetarako, 28 urteren ostean. Boli Kosta, berriz, kanpoan geratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA