Norvegiak Brasil kanporatu du, eta Ingalaterrak Mexiko

Norvegirrek 2-1 hartu dute mendean Carlo Ancelottik zuzentzen duen selekzioa, Halaandek sartutako bi goli esker. Bellingham izan da Ingalaterraren izarra, selekzioak sartutako hiru goletatik bi sartu baititu.

Haaland Brasili sartutako goletako bat ospatzen. ANGEL COLMENERA / EFE
Haaland Brasili sartutako goletako bat ospatzen. ANGEL COLMENERA / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko uztailaren 6a
10:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emozio eta lehia handikoak. Halakoxeak izan dira Munduko Kopako final-zortzirenetako Brasil-Norvegia eta Mexiko-Ingalaterra kanporaketak. Norvegiarrek 1-2 irabazi dute. Beste behin Haaland izan da Europako selekzio horren izarra, sailkapena eman dioten bi golak sartu baititu. Brasildarrek penalti bat huts egin dute, eta, beste bat sartu badute ere, berandu zen ordurako. Mexikoren eta Ingalaterraren artekoa ere lehiatua izan da. Javier Aguirrek zuzentzen duen selekzioa lan bikaina egiten ari zen. Partidarik eta golik jaso gabe zegoen txapelketan. Baina oraingoan hiru sartu dizkiote: Bellinghamek bi eta Kanek bat. Hala, Raul Jimenezen eta Quiñonesen golak ez dira nahikoa izan final-laurdenetan egoteko. Ingalaterrak jokalari bat gutxiagorekin jokatu du bigarren zati osoa. Larunbatean, 23:00etan, Ingalaterrak eta Norvegiak elkarren aurka jokatuko dute final-laurdenetan. 

BRASIL 1-2 NORVEGIA

Bizi hasi da partida. Hasi eta berehala, 3. minutuan, Bergek gola sartu du Norvegiarentzat, Sorlothekin egindako jokaldi on baten ostean. Baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako. 14.ean, Ajerrek penaltia egin dio Cunhari. Hasieran epaileak ez du adierazi, baina VAR-etik abisatu diote, eta pantailan begiratu eta gero erabakia aldatu du. Bruno Guimaraesek jaurti du, baina Nylandek gelditu egin dio.

Lehen zati horretan, Norvegiak patxadaz jokatu nahi izan du, baloia izan, eta zelaian ondo kokatuta egon. Izan ere, ez zuen nahi Brasilek leku arriskutsuetan baloia berreskuratu eta kontraerasoan ateratzea, horrela egiten baitu min batez ere Ancelottiren multzoak, jokalari biziak eta trebeak baititu goian. Minutu batzuetan lortu du. Baina Brasil esnatu egin da, eta bizpahiru kontraeraso egin ditu. Ez du asmatu, ordea. Brasildarrek lehen zatian izandako abagunerik argiena Martinellik izan du. Ia hondoko marratik, erdiraketa itxura zuen errematea egin du, eta Nylandek hanka atera behar izan du. Baloia gutxigatik ez da sareetara joan. 32. minutuan gertatu da hori. Ia segidan, Odegaardek erantzun du. Area barruan jaso du baloia; buelta eman, eta gutxiagatik bidali du kanpora. Nylandek ere gelditu ona egin dio 41. minutuan Realeko jokalari ohiari. Lehen zatiko azken abagunea Martinellik izan du Brasilentzat. Baina, bakarrik zegoela, kanpora bidali du buruz baloia. 

Bigarren zati hasieran, Ancelottik Endrick zelairatu du, eta Stale Solbakkenek, Bobb eta Schjelderup. Baina, beroa tarteko, partidak erritmoa galdu du. Dena den, Brasilek hiru aukera on izan ditu aurretik jartzeko. Aurrena Endrickek kanpora bidali duen jaurtiketa bat argi bat. Ondoren, Nylandek zapuztu ditu Ryanen eta Guimaraesen ahaleginak. Brasil hobeto zegoen, baina partida aldatu egin da Aursnes irten denean. Eskuin hegaletik pare bat erdiraketa egin ditu, eta Halaand esnatzen hasi da. 

Gainera, Ancelottik Neymar zelairatu du, eta ordu arte zuen oreka galduz joan da Brasil. Gainera, 79. minutuan Haalandek gola sartu du. Buruz sartu du, Schjelderupek egindako erdiraketa baten ostean. Handik 10 minutura beste bat sartu du ezkerrez egindako erremate gogor batekin. Hala, kanporaketa erabakita utzi du. Munduko Kopa ikusgarria egiten ari da aurrelaria, Messirekin batera txapelketan gol gehien daramatzan jokalaria baita: zazpi guztira. Brasilek norvegiarren bi golen artean izan du aukera partida berdintzeko, baina Nylandekin egin du topo. Haalandekin batera, partidako jokalaririk erabakigarriena izan da. Brasilek 100. minutuan sartu du gola, penaltiz. Neymarrek sartu du, baina ordurako berandu zen, eta Brasil etxerako bidean da. 

(ID_16255502) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Bellingham, pozarren, gola sartu eta gero, atzetik Anderson duela. ALEX CRUZ / EFE

MEXIKO 2-3 INGALATERRA

Ingalaterrak eten du Mexikok Munduko Kopan zeraman ibilbide ona, eta Javier Aguirrek zuzentzen duen selekzioa txapelketatik at geratu da, 3-2 galdu baitu final-laurdenetako kanporaketan. Zaleek hauspotuta, indartsu ekin dio partidari Mexikok, grinatsu. Harena izan da jokoaren ekimena, eta horri esker izan dute neurketako lehen abagunea. 15. minutuan izan da. Raul Jimenezek erremate ona egin du buruz, eta Pickfordek zutoin ingurura luzatu behar izan du eskua, baloia sareetarako bidea hartzen ari baitzen. 

Ura edateko etenaren ostean, Gordonek egin du Ingalaterraren lehen jaurtiketa, Rangelek aterata. Atezainak arazorik gabe geratu du. Ingalaterrak atzean sartuta jarraitu du, eta kontraerasoan ateratzen ahalegindu da. Eta plana ezin hobeto atera zaio Tomas Tucheli. Izan ere, bi minutuan bi gol sartu ditu Ingalaterrak, 36. eta 38. minutuetan. Biak Bellinghamek sartu ditu. Lehenengoan Sakaren pase bat baliatu ditu, eta bigarrenean jokaldi ona lotu du Kanerekin. 42. minutuan, ordea, Quiñonesek itxaropena piztu du berriro ere Mexikoko zaleen artean, 1-2koa sartu baitu arean jasotako aldaratze batean.

2-1ekoarekin, dena erabakitzeko zegoen bigarren zatian. 53. minutuan, epaileak Ingalaterrako Quanash kalera bidali du, Gallardori egindako sarrera gogor baten ostean. Horrek partida aldatu zezakeen, baina, 60. minutuan, Kanek gola sartu du penaltiz, eta berriro ere bi golen aldea ezarri du: 1-3. 

Aguirrek arriskatu beharra zuen, eta Santiago Gimenez eta Brian Gutierrez zelairatu ditu, aulkian zituen bi aurrelari. Ia 25 minutu falta ziren partida amaitzeko. Gutierrezi penalti egin dio Kanek 70. minutuan, eta Raul Jimenezek ez du huts egin. Hortik amaiera arte, Mexikok erasora jo du, baloi luzeen eta erdiraketen bidez. Baina egoera horretan eroso egon da Ingalaterra, eta aurrera egin du txapelketan.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA