Bi gehi bat, bi. Itsusia izan zen Bilbo Basket eta Estudiantesen arteko partida, baina asko zegoen jokoan, eta halakoetan, zaila da gauzak polit egitea. Irabazi egin behar zuten bizkaitarrek, eta irabazi egin zuten. Puntu gutxiko partida, defentsa zorrotzen neurketa, baina garaile. Odolkiak ordainetan eman zizkion taldeak zaleei, Bartzelonaren aurkako porrot mingarriaren truke, Espainiako Kopa gertuago sumatzeko lorpena. Odolkiak ordainetan eman zizkioten Baskoniako Brad Oleson eta David Loganek Lagun Aroko Jimmy Baroni, eta kolpemingarria eman donostiarrei. Ezusterik ezean, Kopatik kanpo dago Lagun Aro, baina borrokan jarraitu behar da, liga erregularraren bukaeran zortzi onenen artean sailkatzeko borrokak ez duelako etenik.
Errealitate gogorra. Baskoniak Donostian lortu zuen garaipenetik arabarren baliabide aberastasunak, Esteban Batistaren berehalako eraginak eta Baroni egin zioten defentsa apartak sortu dute eztabaida gehien. Azken kontu horren inguruan, epaileei begiratu diote Donostian, Baroni bost falta adierazi eta bakarra behartu zuelako. Errespetu handiagoa eskatu zuen Pablo Lasok, baina hobe luke Baroni berari defentsan ere gehiago saiatu behar duela esatea, Oleson eta Logan herrikideek hankapean ibili zutelako erasoan, batez ere Olesonek hirugarren laurdenaren hasieran. Baron hara eta hona ibili zuen bikote horrek etengabe, korrika bizian, Baronek arnasarik har ez zezan. Lehertu egin zuten, eta defentsan dituen gabeziei etekin handia atera zien Baskoniak. Ikasiko du Baronek, baina ikasita daude, dagoeneko, Oleson eta Logan. Ez dute alferrik Baronek baino askoz soldata handiagoa, eta ez daude alferrik Lagun Aro baino talde hobe batean.
«Gehiago eman behar da». Lasok berak aitortu zuen bere taldeak ondo jokatu zuela baina Baskoniaren moduko talde handien aurka gehiago egin behar dela. Zer, baina? Defentsako errebotea hobeto babestu (zortzi hartu zituen Pape Sowek berak bakarrik). Lasok esan zuen Mirza Teletovic zaintzeko jokalari handi bat saskipetik urrundu zutela eta hortik ulertu behar dela gabezia hori. Markagailuak dioen baino errazago menderatu zuen Baskoniak Lagun Aro, eta donostiarren defentsako huts zenbait haserretzeko modukoak izan ziren. Marcelinho Huertasek Javi Salgadorekin izan zituen erraztasunak, adibidez. Sei, zortzi eta hamar punturen aldeak izan zituen Baskoniak; azkena, 38. minutuan. Lagun Aroren meritua, ez zela inoiz belaunikatu eta teorian atzean utzi duela derbiaren aurreko joko eta emaitza krisia. Zaragozan ikusiko da egia den edo ez.
Batista. Nabarmentzeko modukoa izan zen Batistak egindako lan bikaina. Hamar puntu, lau errebote (hiru erasoan) eta hiru asistentzia. Horren gainetik, sortzen dituen espazioetan da eraginkorra uruguaitarra. Olesonek, Loganek, Ribasek, Huertasek, Teletovicek eta Fernando San Emeteriok betekada handia har dezakete, pibot sendoa delako eta bi edo hiru jokalariren arreta erakartzen duelako. Batistak goitik behera aldatuko du Baskoniaren panorama, baina azkar ikasi beharko du Gasteizen bere zenbakiak bigarren mailakoak direla eta defentsan gogorrago saiatu beharko duela. Mohamed Konek haren aurpegian egin zuen txikitze ikusgarria horren erakusle.
Zenbakiak. Bi jardunaldi geratzen dira lehen itzulia bukatzeko. Banan-banan: Baskoniak zerrendaburu izan nahi du, eta nahikoa luke bihar etxean Joventuti irabaztea hori lortzeko; Bilbo Basketek geratzen zaizkion bi partidetatik bakarra irabaztea nahikoa izan dezake, puntu aldean oso balantze ona duelako —Menorcan du norgehiagoka bihar, Cajasolen aurka igandean etxean—; Lagun Arok mirari bat behar du: Zaragozari eta Bartzelonari irabazi behar die, puntu askogatik ahal bada, eta horrez gain, zain egon; oso zaila.
Zonakako defentsa
Odolkiak ordainetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu