Frantziako Tourra

Odolkiak ordainetan

Pogacar suspertu egin da Tourreko seigarren etapan, eta 28 segundo atera dizkio Vingegaardi, maillot horiaren jabe berriari. Hindleyk erantzi egin du

Odolkiak ordainetan.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Tourrari azkena ematen saiatu zen atzo Jonas Vingegaard (Jumbo). Pirinioetako bigarren etapa izan zen, eta, bezperan Tadej Pogacar (UAE) makal aritu zenez, hordagoa jotzea erabaki zuen iazko garaileak. Pogacar, baina, hor dago. Talentu handia eta txapeldun izaera dauka, eta buelta eman zion Marie Blanqueko ezinari. Tinko eutsi zien Vingegaarden ekinaldiei, Tourmaleten eta Cauteretsen, eta eskapo egin zuen helmugarako hiru kilometroren faltan, garaipenaren bila. Gainsariak tarteko, 28 segundo atera zizkion lider berriari. Horiz jantzi zen Vingegaard, baina bereak eta bi egin beharko ditu Pogacar azpiratzeko. Garaipenaren lehiak biren kontua dirudi. Izan ere, Jai Hindleyk (Bora) 2.39ko galera izan zuen. Egun bakarra iraun du lidergoan.

Erasoko txirrindularitzari gorazarre egin zion berriz ere Jumbo Visma taldeak. Lehenik, ihesaldian sartu zuen Wout van Aert, aurrerago Vingegaardi lagundu ahal izateko. Beste behin ere, lan aparta egin zuen flandriarrak. Harekin bat egin zuen taldeburuak, eraso egin eta gero. Arazo bat zegoen, ordea: ez zuten Pogacar atzeratzerik izan. Azken aldapan lehia ikusgarria izan zuten bi oilarrek, eta, atzo, gandorra oso tente izan zuen esloveniarrak. 25 segundo eskasera du Vingegaard. Dena zabalik dago. Hindley hirugarren dago, 1.34ra. Mikel Landari (Bahrain), berriz, utopia bilakatu zaio podiuma: 11.a da, 5.49ra.

Kalitatezko beste ihesaldi jendetsu bat osatu zen atzoko etapan. Hogei txirrindulari elkartu ziren lasterketa buruan; batzuek garaipena zuten jomugan, baina beste batzuek helburu estrategikoak zituzten: kasurako, Van Aertek eta Matteo Trentinek (UAE). Haiekin batera jardun zuten Neilson Powlessek (Education), Julian Alaphilippek (Soudal), Michal Kwiatkowskik (Ineos), Tobias Johannessenek (Uno-X) eta Ruben Guerreiro eta Gorka Izagirrek (Movistar), besteak beste.

Bora taldeak hartu zuen tropeleko aginte makila, eta hiru minutuan egonkortu zuen iheslariekiko aldea. Hiru mendate handi zituzten zain. Aspin zen aurrenekoa, eta han, mugimendu taktiko bitxi bat ikusi zen aurrean zein atzean: Van Aertek soka tenkatu zuen ihesaldian, eta, aldi berean, haren taldekideak tiraka hasi ziren tropelean, Boraren erritmoa ez baitzen komeni bezain bizia. Irudi bera errepikatu zen Tourmaleten.

Mendate mitikoaren magalera lau minutu eta erdiko aldearekin iritsi ziren ihes egindako ziklistak, Aspineko jaitsieran arrakala handitu eta gero. Haizeak asko jo zion Van Aerti, eta aurpegia emanez egin zuen Tourmaleteko igoera osoa. Soilik Kwiatkowskik, Johannessenek, Guerreirok eta James Shawk (Education) jarraitu ahal izan zioten. Ihesaldia tontorrera bizirik iritsi zedin nahi zuen flandriarrak, gero Vingegaardi zubi lana egiteko.

Zailtasunak jaitsieran

Plana erabat burutzeko, eraso egin beharra zeukan Jumboren taldeburuak, eta Pogacar atzean utzi. Helmugarako 50 kilometro luze gelditzen ziren, baina merezi zuen arriskuak; lasterketa ia erabakita utz zezakeen. Bada, gailurretik bi kilometrora iritsi zen Vingegaarden oldarra. Ordea, atzo danimarkarrari ihardesteko gauza izan zen Pogacar. Hindleyk, ordea, beste faboritoen multzoan gerizpetu behar izan zuen; Tourmalet gainean bi minutu zituzten galduak bi piztiekin.

Jaitsieran estu hartu zuen Vingegaardek Pogacar. UAEkoa ez zegoen eroso, ziur aski eskumuturreko lesioaren ondorioz. Besoa luzatzeko keinua egin zuen Van Aert harrapatu orduko. Flandriarra tiraka hasi zen berehala, eta berandu gabe egin zuten bat ihesean temati jarraitzen zutenekin.

Cauteretsen, espero zena gertatu zen: bakarrik gelditu ziren Vingegaard eta Pogacar. Danimarkarrak 4,6 kilometroren faltan piztu zuen sua, baina orduan ere ezin izan zuen Pogacar azpiratu, eta hark ordaina eman dio helmugarako 2,7 kilometro gelditzen zirela. Vingegaard 24 segundora helmugaratu da, eta Johannessen, 1.22ra, hirugarren postuan. Beste hautagaietan onenak Hindley, Carlos Rodriguez (Ineos) eta Simon Yates (Jayco) izan ziren, ia hiru minutu galduta. Landak 3.41eko atzerapena izan zuen, Pello Bilbaok (Bahrain) bezala.

Gaur atseden hartuko dute igotzaileek, 170 kilometroko etapa laua jokatuko baita Mont-de-Marsan eta Bordele artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.