Ofizialki, denak pozik

Sebastian Vettel aurrenekoz izan da munduko txapeldun, Ferrarik azken sari nagusian egindako huts larria baliatuta

Laurentzi Garmendia
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Hauteskunde astelehena zirudien atzokoak: Red Bullen, guztiak pozik; Ferrarin, guztiak pozik, eta McLarenen ere, guztiak pozik. Baina, FIAk esandakoaren arabera, Red Bulleko Sebastian Vettel birritan izan zen garaile igandean. Abu Dhabiko Sari Nagusia irabaziz lehenbizi, eta munduko titulua irabaziz gero, Fernando Alonso zazpigarren helmugaratu zenean. Batzuek galdu, besteek irabazi, hori da errealitatea. Ikusleek irabazi dute aurten, azkenera arte gozatuz.

Lasterketa asko izan ditu denboraldiak, hemeretzi guztira. Hego Korean ere korritu zen azkenean, eta a zer nolako astindua eman zion sailkapenari. Kolpe horixe jaso zuten bueltan Ferrarikoek igandean, urduritasunak eragindako huts garestian erorita. Behin baino gehiagotan esan izan da estrategia batek garaipena eman diola bati edo besteri. Ross Brawn eta Michael Schumacherrek bikote paregabea osatzen zuten horretarako, elkarrekin Ferrarin zirenean. Igandean, ordea, estrategiak titulu bat galbidean jarri zuen.

Esaerak dio ikusi eta gero denak direla jakintsu. Hori diote behintzat Alonsok eta Ferrariko arduradunek, aldi berean ez zutela asmatu onartuz. Taldeek lasterketa ingeniariak dituzte, hain zuzen ere estrategia egokiena kalkulatzeko. Lasterketaren egoera edozein unetan zeharo alda daitekeenez, teknikari horiek etengabe ari dira estrategia kalkulatzen. Edozein gertaeratan zer egin jakin behar dute, eta, horretarako, software bikainak dauzkate garatuta. Programa hauek gero eta osoagoak dira, gidari guztien tokia, haien erritmoa eta geldialdiak ere kontuan hartzen baitituzte.

Okerra da, halere, programa horrek erantzun guztiak emango dituela pentsatzea. Ferrarin beldur ziren, Webberrek pneumatikoak aldatu ostean erritmo hobea zeramalako. Ez ote zuen Alonso gaindituko honek aldaketa egitean? Espainiarra itzuli batzuk geroago sartu izan balitz, egoera are okerragoa izango zen, Webber bera ere aurretik izango baitzuen. Weberrek tituluari agur esan zion hain azkar boxetan sartuz. Ferrarik, jakin gabe, gauza berbera egin zuen bi itzuli geroago. Red Bullek amua bota ote zuen? Ez dirudi nahita bilatutako efektua izan zenik, baina emaitza bikaina jaso zuten.

Vettel irabazle izan den modua aztertuta, galtzaileak topatzen hasteko ez da asko urrundu behar. Taldean bertan du lehena: Mark Webber. Australiarrak esan dezake lehen aldiz benetako aukerak izan dituela titulua irabazteko, puntakoen artean agertu dela haiei konplexurik gabe aurre eginez. Burumakur amaitu zuen, baina, pasatutako guztia aste batzuen buruan ahazteko gogoz. Ez baita erraza Vettelek une gakoetan zein garbi gainditu duen barneratzea. Alemaniarra askoz gehiago izan da azken lasterketetan, eta ezin izan dio erantzun.

Lehen galtzailea deitzen zaio bigarren sailkatuari, eta Alonso da hori. Modu mingarriagoan, gainera, Korean gauzak oso alde jarri ondoren eskuetan baitzuen titulua. Espainiarrak jarrera ona izan du une oro, garai batean falta zuen heldutasuna erakutsiz. Kalkuluetan ere ez zebilen oker, baina podium bakarrak alde egin dio azken sei lasterketetan. Hori ere behar zuen, ordea. Petrovi lasterketa amaieran kontuak eskatu zizkion, eta horrek lausotu du ordura arte izan duen portaera zuzena.

Hamiltonek lasterketa bizitu zuen, espero bezala. Webberrengandik bi puntura amaitu du, eta Vettelengandik hamasei puntura. Estuagoa ezin zen izan denboraldia. Gora eta behera etengabea izan da txapelketa. Askok ahaztuta edukiko dute jada Bahraingo lehen lasterketa hura zein aspergarria izan zen. Aurreratzerik ez zen izan pistan, eta prozesio moduko lasterketen beldur, kezka sortu zen. Egiari zor, lasterketek badute zer hobetu emozio aldetik, eta Herrmann Tilkek diseinaturiko zirkuituetatik urruntzea mesedegarria litzateke.

Dena den, eta zirkuitu horiekin ere, urte ahaztezina izan da zaleentzat. Hiru taldetako lau gidari azken unera arte aritu diralehian. Hemeretzi lasterketa nahikoak dira emaitza justua izan dela ziurtatzeko. Garrantzitsuena ez baita nola hasten den, baizik eta nola bukatzen den.



Soslaia

Sebastian Vettel

Gazteago heldu da

D enbora kontua zen. Eta ez zirudien aurten titulua lortzeko prest zegoenik, aurrera adina atzera eman baititu pausoak urtean zehar. Iaz tarteka erakutsi zuen abiadura aurten ia iganderoko kontua izan da. Baina abiadura basati hori batzuetan kontrolatu ezinean aritu da, txapeldun batek egiten ez duen moduan. Agian, horrek bere alde jokatu du azken proban, heldutasuna eta buru hotza bereizgarri izan direnean.

Baina Abu Dhabin hutsik egin ez duen bakarra izan da kasik, eta tituluak beste lasaitasun bat emango dio, behar zuena. Abiadura beti izan baitu, txikitatik. Ia 1 Formulara iritsi diren gidari guztiek bezala, kategoria xumeetan aurkariak birrindu egin zituen. Mugarri dotorea du, adibidez, 2004ko BMW Formulan: hogei lasterketak podiumean amaitu zituen, hemezortzi irabazita. Horrek eman zion 1 Formulako lehen proba egiteko aukera, Williams FW27 autoan.

Hurrengo urtean Lewis Hamilton delako batek irabazi zion 3 Formula kategorian, baina ordurako BMW bere talde propioa osatzen ari zen 1 Formulan, Sauber erosita, eta Vettel gaztea fitxatu zuen 18 urterekin. Oraindik gazteegi ikusi zuten eta World Series-etara trebatzera bidali zuten. Txapelketako buru zela jaso zuen 1 Formulako deia, Kubicaren ordez. Poloniarrak istripua izan zuen aurreko lasterketan, Kanadan, eta Vettel eseri zen monopostuan. Lehen lasterketa puntuetan amaitu zuen, eta punturik lortzen duen gidari gazteena bilakatu, 19 urterekin.

Urte horretako udan BMWk damutu zitzaion erabakia hartu zuen: Vettel Toro Rossori saltzea. Italiarrek gaizki amaitu zuten Scott Speedekin, eta gidari gazte baten bila zebiltzan. Vettel betidanik izan da Red Bullek babestutako kirolaria, eta bat egiten zuen edariaren irudiarekin. Gaztea, alaia, arrakastatsua eta... azkarra! Izan ere, Vettelek hasieratik transmititu du segurtasuna, nolabaiteko patxada. Lehen egunean ere aspaldidanik zirku honetan zebilela zirudien: begirada zorrotza, hizkera pausatua...

Toro Rossorekin egin zuen lehen erakustaldia, Japonian. Ordura arte Liuzzi taldekidea berdindu ezinik zebilen, baina euripean hirugarren jarri zen Hamiltonen eta Webberren (Red Bull) atzetik. Segurtasun Autoaren atzetik zirela, Webberren autoa jo eta biak erretiratu ziren. Bi taldeentzat aukera paregabea pikutara bota zuen, Webberrek irabazteko aukera baitzuen, eta Toro Rossorentzat lehen podiuma izango zelako. Webberrek «esperientziarik gabeko umea» deitu zion.

2008an sekulakoa egin zuen: Toro Rosso autoa Italiako Sari Nagusiko pole-an ezarri eta lasterketa irabazi. Garaipen garbia izan zen. Horretan ere gazteena izan zen. Saria jaso zuen: Red Bullen eserlekua 2009an. Iaz hasi zen benetan ona den auto bat gidatzen, baina betidanik hor dagoen itxura dauka. Igandeko tituluarekin, ordea, historiako txapeldun gazteena bilakatu da. Hamiltoni kendu dio marka.

Azken bost urteetan hiru aldiz hautsi da errekor hori. Gidari gazteen belaunaldien moda den honetan, Vettelek aurrea hartu du zentzu guztietan. Ez da hor geldituko, hemendik aurrera hobera besterik ezin baitezake egin. Schumacher berria deitu diote batzuek, baina Vettelek ez du besteen abizenik behar.





Nortasun agiria

Izena. Sebastian Vettel.

Jaioterria. Heppenheim (Alemania).

Jaioteguna. 1987ko uztailak 3.

Garaiera. 1,76 metro.

Pisua. 64 kilo.

Estreinako Sari Nagusia. AEBetako Sari Nagusia (2007).

Ibilbidea. BMW Sauber (2007ko uztaila), Toro Rosso (2007ko abuztutik 2008ko azarora) eta Red Bull (2009tik).

Sari Nagusiak. 62.

'Pole'-ak. 15.

Podiumak. 19.

Garaipenak. 10.

Itzuli azkarrak. 6.

Tituluak. Behin izan da munduko txapeldun (aurten).

Bestelakoak. Munduko Txapelketa irabazi duen gidaririk gazteena da (23 urte eta 154 egun). Halaber, pole-a, puntuak, podiuma eta garaipena lortu dituen gidaririk gazteena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.