Euskal Herriko Itzulia. Azken etaparen kronika

Ohorea izan da, Andreas

Tony Martinek irabazi du azken erlojupekoa, eta Kloedenek Itzulia, Hornerren eta Gesinken aurretik

unai zubeldia
Zalla
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Aurrez aurrekoan isila da Andreas Kloeden (RadioShack). Kalkulatzaile beti. Serio beti. Zaleekin distantzia mantenduz beti. «Alemaniarra», laburbilduko dute askok. Gazteagoa izandakoa da. Baina barrua gazte mantentzen du oraindik. Arrateko etaparen bezperan elkarrizketa egiteko eskatu, eta, mesedez, Arrateko etaparen ondoren egiteko bere erantzuna. Etapa nagusiko igoera nagusian zeukan burua. Kontzentratuta iritsi zen Euskal Herrira. Eta kontzentrazioak eman dio garaipena. Kontzentrazioak, eta Zallako erlojupeko dotoreak. Tony Martin (Highroad) soilik izan zen hura baino hobea atzo, 24 kilometroko erlojupekoan. Baina bizikletako galgei helduta sartu zen Kloeden azken bi bihurguneetan. Garaipena dastatuz. Aldea kudeatuz. Orain 11 urteko balentria berdintzera zihoala barneratuz.

Izan ere, 2000. urtean ere Kloeden bera igo zen Euskal Herriko Itzuliko podiumeko koskarik altuenera. 24 urterekin. Danilo Di Luca eta Laurent Jalabert izan zituen orduan ondoan. Chris Horner taldekidea eta Robert Gesink (Rabobank) atzo. Palmares bikaina pilatu du 1998an debuta egin zuenetik. Frantziako Tourreko bigarren postua bi aldiz (2004an eta 2006an), Paris-Niza (2000n), bi Euskal Herriko Itzuli (2000n eta 2011n), Tirreno Adriatikoa (2007an), Alemaniako Errepideko Txapelketa (2004an)... Izar handien bidea egin du alemaniarrak, baina izar handiagoen itzalean geratu da gehienean.

Besteren artean, Jan Ullrichen garairik onenek mugatu egin zutelako Kloedenen askatasuna. Gaia bazeukan. Eta badauka. Erakusten jarraitzen du. Baina itzaleko lana onartuta, lanean jarraitu zuen berak. Isilik. Kontzentratuta. «Alemaniarrek bezala», esango dute askok. Markel Irizar oñatiarrak aste honetan BERRIAri azaldu dion moduan, begiratu hutsarekin nabaritzen da gentleman-a dela Kloeden. 35 urte beteta ere, erakutsi beharrekoak erakutsita ere, dena eman du Euskal Herriko Itzulian. Hunkidura puntu batekin onartu du aste osoan nabaritu duela zaleen berotasuna eta ez dela ahaztuko Arraten gora pilatu zen jende oldearekin. Baina zale guztiena da ohorea; 35 urteko gentleman handia bertatik bertara ikusi izanaren ohorea.

Aurtengo Euskal Herriko Itzulia RadioShack taldeko txirrindulari batek irabaztea zen Kloedenen ilusioa. Hornerrek irabazita ere gustura egongo zen. Horrelakoa da bera. Taldekide lehiala. Fina. Baina Zallako haizete handiak lagunduta, hegan ibili zen atzo alemaniarra, eta aurkari guztiei ia minutuko aldea aterata eskuratu zuen itzulia. Aurreko etapetako lan kaskarraren erruz (edo horri esker), oso garaiz irten zen atzo Tony Martin, eta, haizea hain harrotuta ez zegoela baliatuta, denbora bikaina lortu zuen: 32.16. Alberto Contadorrek orain bi urte lortu zuena baino hamazazpi segundo kaskarragoa. Baina atzoko baldintzekin, denbora ona.

Intxausti bikain, laugarren

Irten zen Aleksandr Vinokurov (Astana), irten zen Beñat Intxausti (Movistar), baita Robert Gesink (Rabobank), Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) eta Horner ere. Baina lehen erreferentzian eman zuen kolpea Kloedenek. 7.44. Tony Martinena baino hiru segundo hobea; Hornerrena baino hamazazpi hobea; Sanchez eta Intxaustirena baino 22 hobea. Erabakita zegoen dena. Bezi gainean are denbora hobea lortu zuen: 19.25. Zazpi segundora zeukan Tony Martin, 32ra Intxausti, 39ra Horner, 47ra Gesink, 52ra Samuel Sanchez...

Ez zeukan arriskatu beharrik. Eta ez zuen arriskatu. Etapa garaipena kendu zion amaierako lasaitasun horrek. Baina itzulia irabaztea zen bere helburua. Garailearen izena argituta, ezker-eskuin zein eduki zituen zehaztea falta zen. Eta Intxaustik, iaz bezala, gertu eduki zuen balentria. Baina Gesinkek utzi zuen saririk gabe. Erlojupeko bikaina egin zuen Rabobankeko taldeburuak, eta esku-eskura eduki zuen bigarren postua ere. 176 ehuneneko aldea atera zion sailkapen nagusian Hornerrek. Iazko garaileak. Goraipatzekoa da, hala ere, Muxikakoaren lana. Aste osoan ibili da bikain, eta erakutsi du oso txirrindulari erregularra dela.

Xavi Tondok (Movistar) ere erlojupeko bikaina egin zuen, baina, Intxaustiri gertatu bezala, hustuta iritsi zen azken kilometroetara. Nahi eta ezinean, berriz, Samuel Sanchez ibili zen. Kloedenekiko 1.08 galdu zuen etapan Euskaltel-Euskadikoak, eta seigarren amaitu zuen itzulia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.