Pronostiko guztiak hautsiz, Oihana Fernandez de Barrenak (Heredia, Araba, 1999) irabazi zuen Donostiako Urrezko Kopa, joan den igandean, San Tomas egunez. Hasieran probarako sailkatzerik lortu ez bazuen ere, beste aizkolari batzuen lesioek zabaldu zioten atea, eta, parte hartu ez ezik, irabazi egin zuen. Oso denbora ona eginda, gainera: hamabi minutu pasatxo behar izan zituen bost enbor ebakitzeko. «Egun batzuk igaro diren arren, kopari begiratzen diot, eta ez dut sinesten nire etxean daukadanik». Aizkolari handiak gainditu zituen arabarrak: Nerea Arruti, Nerea Sorondo, Uxue Ansorregi eta Karmele Gisasola, hurrenez hurren. Aizkora uztear egon zen, motibazio faltagatik, eta, orain, berriz, kirol ibilbideko garaipenik handiena eskuratu du, eta pozak zoratzen dago. «Egon zitekeen oparirik onena ekarri dit Olentzerok».
Proba abiatu baino lehen, adituek faboritoen zerrendan sartu ere ez zuten egiten Fernandez de Barrenaren izena. «Normala da, azken ordura arte ez bainintzen parte hartzekoa. Inork ez zuen gauza handirik espero nigandik. Hiru aste lehenago abisatu zidaten antolatzaileek parte hartuko nuela». Ondorioz, presiorik gabe atera zen plazara. «Txikitatik izan naiz oso urduria, eta entrenamenduetako lana plazan erakutsi ezinda aritu izan naiz beti. Baina egun horretan lasai nengoen, eta lan txukun bat egitea nuen helburu. Eguraldi txarra egiten zuen, eta nire gorputzak bikain erantzun zuen. Denborak ikusita, garaipena nire meritua izan zen, eta ez besteen meritu falta». Faboritoen artean ez egoteak lagundu zion. «Lanak amaitzean ezin nuen sinetsi irabazi egin nuela. Harro nago garaipenak balio izan zuelako hainbat aho isiltzeko. Lezioa eman nien bati baino gehiagori. Nire ibilbidean gauza asko entzun behar izan ditut».
«Txikitatik izan naiz oso urduria, eta entrenamenduetako lana plazan erakutsi ezinda aritu izan naiz beti. Baina egun horretan lasai nengoen»
OIHANA FERNANDEZ DE BARRENAÂ Aizkolaria
Ondo gogoan du finalaren bilakaera Fernandez de Barrenak. Ansorregi salbu, beste lau aizkolariak paretsu hasi ziren. «Laurok batera eman genuen buelta lehen egurrean, baina, gero, Arrutik eta biok aurrea hartu genuen. Konfiantzaz sentitzen nintzen». Hirugarren egurrera arte pare-parean ibili ziren Arruti eta Fernandez de Barrena. «Berdintasun hori laugarren enborrean hautsi nuen. Aurretik jarri nintzen, eta ikusten nuen gero eta alde handiagoa neukala. Azkenerako egur erdi bat kendu nion, eta luzitzeko eta gozatzeko aukera izan nuen. Egun biribila tokatu zitzaidan. Pentsa: aizkora berarekin aritu nintzen hasi eta buka». Lanak amaitutakoan ez zuen sinesten irabazi zuenik. «Entrenatzaileari galdetzen nion ea irabazi egin nuen. Arruti egungo aizkolaririk indartsuena da, eta hitz handiak dira hari irabaztea».
Arabarra izanagatik, Gipuzkoako lizentzia dauka Fernandez de Barrenak. Izan ere, Araban bera da emakume aizkolari bakarra. «Ez dago beste inor herrialdeko txapelketa antolatu ahal izateko». Bada, orain arteko balentriarik onena aurtengo Gipuzkoako Txapelketan zeukan lortua: bigarren postua. «Zorrotz prestatu nuen txapelketa hori, eta gero ez nion entrenatzeari utzi. Batez ere teknika lantzen jarraitu nuen, eta eskerrak. Ustekabean harrapatu ninduen Urrezko Kopan parte hartzeko deiak». Lanak fruituak eman dizkio. «Astean bitan joaten naiz entrenatzera Berastegira. Kilometro asko egiten ditut, eta aizkora kirol garestia da. Egurrak erosteko diru asko behar da. Baina beste kirol batzuk probatua naiz: atletismoa, igeriketa eta futbola, esaterako. Baina benetako ilusioa aizkorak pizten dit».
Gorabehera handiak
Dena den, guztia ez da urre izan Fernandez de Barrenarentzat. Aizkora uztear egon da aurten, motibazio faltagatik. «Zuloan sentitzen nintzen. Motibazioa galduta neukan, eta gorputzak ez zidan onartzen aizkoran aritzea. Euskal Herriko kanporaketa ez gainditzeak min egin zidan, eta neure buruari galdetzen nion ea balio ote nuen kirol honetarako. Neure burua zalantzan jarri nuen». Gorabehera horiek gaindituz joan zen pixkanaka, ingurukoei esker. «Psikologo batzuk probatu nituen, baina inork ez zidan behar nuen konfiantza transmititzen. Familiartekoekin eta lagunekin hitz egiten hasi nintzen, jarrera irekiagoa azaldu nuen, eta buelta eman diot egoerari. Haiei esker nago nagoen tokian».
«Baserriari lotuta bizi naiz erabat. Aitaren erreleboa hartzea erabaki dut, eta, abere pixka bat gehiago jarrita, nire bizimodua hortik ateratzea da asmoa»Â
OIHANA FERNANDEZ DE BARRENA Aizkolaria
Familia aipatuta, Afrikatik ere heldu zaizkio zorion mezuak. «Harrituta nago zenbat zorion mezu jasotzen ari naizen ikusita. Ama afrikarra dut, Cabo Verdekoa, eta haraino iritsi da nire garaipenaren berri. Baita Lisboara eta Londresera ere, senitartekoak baititut bertan». Fernandez de Barrenaren ustez, nahasketa bikaina dauka, eta genetika onekoa da. «Ama afrikarra da, eta aita, Herediakoa. Beti esaten da arraza mestizoak indartsuak izaten direla, eta nire kasuan hala izango da. Oso harro nago naizen bezalakoa naizelako». Gainera, baserri lanetan ohituta dago, eta aizkorarako ongi datorkio bizimodu hori. «Baserriari lotuta bizi naiz erabat. Aitaren erreleboa hartzea erabaki dut, eta, abere pixka bat gehiago jarrita, nire bizimodua hortik ateratzea da asmoa. Ardiak, behiak, behorrak eta txerriak ditugu. Abeltzaintzaz gain, nekazaritza ere lantzen dugu. Bertako produktuekin lan egiten dugu. Baserritik bizi naiz gaur egun».