Okerrago ezin delako

Lehen jardunaldiko jokoa hobetu eta denboraldiko lehen puntuak eskuratu gura ditu Athleticek Malagaren etxean

haritz gallastegi
2008ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Athleticek bi lan ditu Rosaledan. Batetik, sasoiko lehen garaipena eskuratzen ahaleginduko da. Bestalde, Almeriaren aurka emandako itxura penagarria istripu bat izan zela erakustea du xede. Bigarren helburua lortzea ez da gaitza izango. San Mamesen egindakoa hobetzea ez, behintzat. Athleticek oso itxura kaskarra eman baitzuen ligako lehen jardunaldian. Zaleek sasoi hasiera guztietan izaten duten ilusioa kolpetik kentzeko moduko neurketa jokatu zuten zuri-gorriek. Sarri askotan ezinezkoa dirudiena gertatu zen norgehiagoka ostean: zaleek, zuzendariek, teknikariek, jokalariek eta hedabideek bat egin zuten partidaren irakurketa egiterako orduan. Gauzak okerrago egitea ia ezinezkoa dela nabarmendu dute alde guztiek amaigabeak ziruditen azken aste bietan.

Athleticek zerotik hasi beharko luke. Liga gaur hasten dela pentsatzea izango du onena. Almeriaren aurka defentsan egin ziren akatsak denboraldi-aurreko partidetako kontuak direla pentsatzea izango da onena. Bestalde, zelai erdian baloiarekin eta baloi gabe nora ezean ibiltzea ere ez dela ohikoa pentsatu beharko dute. Kasu horretan zerikusi handia du taldeari oreka ematen dioten euskarrien aukeraketak. Mementoz ezin zaie ezer aurpegiratu zelai erditik aurrera aritzen direnei. Baloia usaindu ere ez zuten egin. Sarri gertatzen zaie. Azken denboraldiotako Athleticen ez da erraza errematatzeko aukera asko izatea. Sortzen dituzten aukera apurrak aprobetxatzera behartuta daude. Eta horrela gaitza da nabarmentzea. Goi mailako jokalaria izan behar da.

Rosaleda leku aproposa izan daiteke egoerari buelta emateko. Beste edozein zelai ere bai, noski. Baina Malaga ez da beldur handien ematen duen aurkaria. Andaluziarrek mailari eustea dute xede. Zalantzaz beteriko denboraldi-aurre egin ondoren, azken unean jokalari zenbait fitxatzea erabaki du.

Txapelketa ofizialerako prestatzen ari zirela egin zuten topo talde biek, hain zuzen ere. Athletic nagusitu zen. Jokalari bat gutxiagorekin, gainera. Baina gaurko Malagak ez du zerikusirik izango ordukoarekin. Gaurko partidan puntuak daude jokoan. Beraz, aurkaria oldarkorragoa izango da. Zer esanik ez zaleen aurrean jokatuta. «Lehen Mailara itzuli denetik lehen partida jokatuko du etxean. Jokalariek izan dezaketen motibazioak kezkatzen nau», esan zuen Javi Martinezek. Ez zen bakarra izan. Athleticek giro beroa espero du Rosaledan. Baina ez beste zelai batzuetan baino beroagoa. Beraz, sasoi hasieratik lotuta eta emaitzen menpe egon aurretik ezinbestekoa izango da puntuak batzen hastea. Irabazitako puntuak are eta garrantzitsuagoak izango dira aurkari zuzen baten kontra eskuratutakoak izango direla kontuan hartuta. Goiz da horrelako kontuetan pentsatzeko,baina egungo Athleticek ez du beste ezertan pentsatzeko aukerarik ematen.

Aldaketak hamaikakoan

Zuri-gorrien hasierako hamaikakoan ez dira nobedadeak faltako. Atzeko lerroan bi berritasun egongo dira. Fernando Amorebieta izango da ezkerreko erdiko atzelaria. Iurretakoak ezin izan zuen lehen neurketan parte hartu. Partida bezperako entrenamenduan kolpe bat hartu zuen eta Ustaritzek bete behar izan zuen bere lekua. Gaur, okerrik ezean, joan den sasoian maisutasunez defendatu zuen postura bueltatuko da. Athleticek egun duen erdiko atzelaririk onena da.

Amorebietaren ezkerrean Mikel Balenziaga arituko da. Joaquin Caparrosek Koikili eta Casasen jokoan zuen konfiantza apurra galdu du. Beraz, Balenziaga gazteak debuta egingo du Lehen Mailan. Teknikari espainiarrak aste bi izan du atzelari gipuzkoarraren dohainen berri jakiteko -Athleticek fitxatu aurretik ez zuen ezagutzen jokalaria- Ikusi duena gustatu zaiola dirudi. Beraz, ezker hegalekoak 2. B Mailatik gorengo mailara egingo du salto. Sekulako aukera dauka.

Zelai erdian ere egon daiteke aldaketarik. Caparrosek Ander Iturrasperi eman diezaioke Athleticen jokoari zentzua emateko ardura. Euskarri bizkaitarrari esperientzia eta indarra falta zaizkio, baina baloiaren jabe denean erabaki egokiak hartzeko gaitasuna dela erakutsi du. Orbaiz min hartuta dagoenez, berak izan dezake talde zuri-gorria zuzentzeko ardura.

Halaber, taldeak baloia hanketan duenean gauza gehiago egiteko eta erabaki zuzenak hartzeko Yesteren postua aldatzea hausnartzen ari da Caparros. Basauriarrak ezer gutxi egiten du ezker hegalean, beraz, baliteke bere ohiko postura bueltatzea. Yestek erdilari aurreratu gisa jokatzen badu Gabilondo arituko da ezkerrean. Bestalde, Llorente osatu da eta bera izango da zuri-gorrien erreferentzia erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.