Olaetxeak eta Albisuk bi estiloren arteko partida jokatuko dute Tolosan

2. Mailako txapeldunak ataundarraren kolpeari egin beharko dio aurre gaur, eta irabazleak Retegi Bi izango du zain

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Jon Ander Albisuk eta Mikel Olaetxeak buruz buruko txapelketako lehen faseko partida jokatuko dute gaur, Tolosako Beotibar pilotalekuan (16:30). Bi estiloren arteko borroka espero da, ataundarra atzelari jotzailea delako, eta lizartzarra airez ondo defendatzen den aurrelaria. Txapelketako partida jaialdiko hirugarrena izango da, eta irabazleak Julen Retegire aurka jokatuko du.

Buruz buru ondo moldatzen diren bi pilotari gazteren arteko partida da, eta gainera lagun onak dira. Olaetxea iaz 2. Mailako txapeldun izanda lortu du txapelketarako txartela eta Lehen Mailakoan ere bidea egin dezake. Halere, bere urtea ez da ona izan, eskuko minek ez diotelako jarraikortasunik izaten utzi. Berak onartu duenez, baina, dagoeneko sendatu ditu eta bere onena eman ahal izango du.

Albisuk ere iaz erakutsi zuen buruz buru jokatzen badakiela. Aurtengoa bere bigarren urtea du Lehen Mailakoan eta binakako txapelketan maila bikaina eman ondoren ekingo dio buruz burukoari. Iaz lehen kanporaketan galdu zuen, baina partida gogoangarria jokatu zuen Merino II.aren aurka (22-21). Gaur litekeena da apustuak bere alde irtetea. Bestalde, jaialdiko lehen partidan Mendizabal II.ak eta Untoriak 2. Mailako txapelketako partida jokatuko dute. Irabazlea final-laurdenetarako sailkatuko da eta Aspeko aurkari bat izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.