Olaizola II.ak eta Beginok lan eskerga eginda irabazi zuten atzo binakako ligaxkako lehen partida. Lehia gogortzea erabaki zuten, eta Gonzalezek eta Laskurainek ondo eutsi zieten azken txanpara arte. Soraluzeko atzelaria izan zen laukoteko onena, bikain defendatu zen, eta leher eginda bukatzeraino egin zion aurre zaparradari. Baina ez zuen etekinik lortu. Azken txanpan Gonzalez, jokoan sartu beharraren poderioz, huts asko egin zituen, eta gorriek lortu zuten puntua.
Labritekoa txapelketa partida petoa izan zen. Gonzalez eta Laskurain hobeto aritu ziren hasieran, eta azkaindarrak errematearekin asmatu zuen (13-17). Ordura arte Olaizola ez zen fin ibili, eta hutsak egin zituen erasoan. Halere, kantxan ondo mugitu zen, eta lesioaren ondoren apurka bere mailara itzultzen ari da.
Partida luzatu ahala gorrien estrategia etekina ematen hasi zen, eta Laskurain nekatuz joan zen. Gonzalez gehiago sartu zen jokoan, eta huts asko egin zituen. Horietako bi jarraian, gutxigatik kale eginiko erremateak.13-19koa eta 15-17koaren arteko aldea zen. Azkainekoa hamar huts egin zituen.
Azken txanpan Olaizolak ondo baliatu zuen Beginoren kolpea. Gonzalezek apur bat atzeratu behar izan zuen, eta Goizuetakoak hobeto aurkitu zituen zuloak (21-17). Azkainekoak susperraldi txikia izan zuen, eta arriskatuz gerturatu zen (21-19), baina emaitza atontzea baino ez zuen lortu.
Olaizola II.a eta Beginok gogor lan eginda lortu dute aurreneko puntua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu