Lo gutxi eginda azaldu da elkarrizketara Jon Lizarralde Orioko arraunlaria (Orio, Gipuzkoa, 1999), baina, Donostiako kaira joan aurretik, denbora eman dio itsasoan bainatzeko eta bezperako estropada ikusteko. Gustura dago egindakoarekin, eta pozik lortutakoarekin. «Askok zoriondu gintuzten, eta eskerrak ere eman zizkiguten. Egun handia izan zen. Gustura egin genuen arraun, eta gozatu egin genuen».
Ikusi duzu estropada dagoeneko. Zer iruditu zaizu?
Uretan bizi nuena islatuta ikusi dut. Astean zehar lehen igandean egindako akatsak aztertu genituen. Tokiak eta Donostiarraren mailak eraginda, presaka aritu ginen, eta erritmotik kanpo ibili ginen. Ez genuen horretara moldatzen jakin. Nahiz eta umil jokatu, hain faborito zarenean, gerta daiteke hori: udako joera aintzat hartuta, pentsatzen genuen noizbait estropada puskatu egingo zela, eta, hala gertatu ez zenez, apur bat urduri jarri ginen. Baina, gero, lan ona egin genuen aste osoan, eta atzo lortu genuen landutakoa estropadan islatzea. Telebistaz ere horixe ikusi dut.
Itsasoa nola zegoen kontuan hartuta, teorian behintzat kale txarra tokatu zitzaizuen, laugarrena. Urduritu zineten?
Zintzoa izango naiz: kalea tokatu zitzaigunean, gustura geratu ginen. Gerora entzun ditugu komentarioak telebistan eta kalean, eta jendea ez zen konforme geratu. 12:30ean marea baxua zegoen, eta orduan lehiatzen ginen gu. Marea biziak zeudenez, litekeena zen laugarren kalean ur gutxi izatea. Baina konforme geunden. Lehengo asteko esperientzia tarteko, nahiago genuen lehen eta bigarren kaleak saihestu. Hala izan zen. Baina ez dut uste halako alderik egon zenik.
Tarte batez bi segundora eutsi zizuen Donostiarrak, baina gero lortu zenuten estropada haustea.
Bagenekien aurkariak indartsu aterako zirela, batez ere Donostiarra. Eta jakitun geunden guri eustea lortzen bazuten hauspoa emango ziela horrek. Astean zehar hori landu genuen, aurrez egindako akatsak berriro ez egiteko. Indartsu atera ginen, baina Donostiarrak lan oso ona egin zuen. Baita beste aurkariek ere: Hondarribia eta Zierbena ere oso ondo atera ziren. Laurok lehia bizia izan genuen. Tartean-tartean istriborreko arraunlariei eskatzen genien erreferentzia emateko, eta parean kantatzen zuten. Gero, sentipena izan nuen kanporako luzeko bigarren erdia oso ona egin genuela. Gezurra dirudi, baina kanporantz ere olatu asko hartu genituen, eta une horretan pentsatzen nuen aurrera egiten aritu behar genuela, derrigor. Apurka, istriborrekoak eta patroia hasi ziren aldeko erreferentziak ematen: hiru segundoko errenta, gero gehixeagokoa... Ziaboga egin eta Donostiarrari alde pixka bat atera genionean, jakin genuen banderak ez zigula ihes egingo.
Aste osoan batez ere lan psikologikoa egin duzue?
Bai. Fisikoki oso-oso ondo gaude, eta teknikoki ere urte guztian landu dugun arraunkerari leial aritu behar dugu. Baina, noski, lehian gauzak ondo egin behar dira, eta lehen igandean agian ez genituen oso ondo egin. Gerta zitekeena ikusarazi genuen, eta asmatu genuen.
«Gure zaleengatik, taldeagatik eta gure alde lan egiten duten guztiengatik irabazi behar genuen, eta lortu dugu»
Bigarren aldiz jarraian irabazi duzue Kontxa. Diferente bizi izan dituzu?
Bai... Taldean asko geunden iaz Kontxa inoiz irabazi gabeak, eta, nolabait, bagenuen arantza hori. Esaten ziguten gazteak ginela eta izango genuela aukera, baina urteak aurrera zihoazen, eta ez genuen irabazten. Denok irabazi nahi izaten dugu Kontxa, eta ez dakizu biharko egunean zer gertatuko den. Beraz, lehenbailehen irabaziz gero, askoz hobe. Iker Zabala entrenatzailea etorri berria zen, taldea ere berria zen, eta ilusioz beteta geunden. Grina hori bagenuen. Eta aurten ere berriro irabazi nahi genuen, anbizio handiko taldea baikara, baina zama hori kenduta geneukan gainetik. Uda joan den bezala, neurri batean, behartuta geunden irabaztera. Gure zaleengatik, taldeagatik eta gure alde lan egiten duten guztiengatik irabazi behar genuen, eta lortu dugu. Bigarren urtez irabaztea izugarria da.
Bi banderak anaiarekin irabazi dituzu. Etxean arraunzale sutsuak zarete, ezta?
Familiatik datorkigun herentzia da arraunarena. Atzo galdetzen zidaten ea zenbateraino zen polita anaiarekin irabazi izana, eta erantzun nien kontziente garela biok, eta oso polita dela, baina segur aski askoz politagoa izango dela gerora, biotako batek uzten duenean edo biok uzten dugunean: atzera begiratu eta ohartzea zer egin dugun. Orain, neurri batean, beste taldekide bat bezala ikusten dugu elkar, baina etxe bateko bi ume gara, amets horrekin hazi ginen, eta herriko traineruan punta-puntan aritzea eta Kontxako Bandera bi urtez erreskadan irabaztea... Ez dago gehiago eskatzerik.
Liga bukatzeko bi jardunaldi falta dira, baina txapeldun zarete jada. Markak hautsi eta hautsi ari zarete.
Kontxako Banderak xurgatu digun energia oraindik ez dugu guztiz errekuperatu, eta aje emozionala ez zaigu guztiz pasatu. Kontxako Banderak ospe eta karga handia du Orion, eta burua hor genuen. Baina gaurtik aurrera, ezinbestean, asteburuari begira jarri behar dugu. Badakigu asteazkena, osteguna eta ostirala iristen diren heinean ezinbestean irabazi nahiko ditugula azken bi banderak. Larunbatean, gainera, Iker Zabala entrenatzailearen herrian jokatuko dugu. Nahikoa dugu bi estropadetako bat irabaztea lehengo urteko marka hobetzeko, baina biak irabaztera aterako gara, eta liga ahalik eta ondoen bukatu.
Irabazi gosez segitzen duzue, beraz.
Bai, bai, noski. Esaten digute gehiegi ari garela irabazten eta uzteko besteei ere. Gu beste aldean ere egon gara. Urteetan eta urteetan gure onena eman, bandera bakar bat irabazten saiatu, eta lortu ezin. Hori bizi izan dugunez, orain egiten ari garena bikoitza baloratzen da. Gainera, umiltasun nahikoa badugu, eta kontziente gara berriro bueltatuko garela lehengo egoerara. Ez dakigu epe motzean edo luzean izango den, baina helduko dira berriro urte luzeak. Oraintxe, olatu gainean gaude, eta ahalik gehien luzatzen saiatuko gara. Gozatzen ari gara, eta zenbat eta gehiago irabazi, herriaren eta klubaren zorionerako izango da. Irabazten dugun guztia hortxe geratuko da.