Olatu gainean, hegan doaz

Haizea lagun, laugarren posturaino igo dira Xabi Fernandez eta Iker Martinez Bartzelona World Race proban

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Traineruak olatu gainean nola, hala doa Xabi Fernandez eta Iker Martinez euskal marinelen Mapfre ontzia Bartzelona World Race proban. Gipuzkoarrek makal antzean ekin zioten probari, joan den abenduaren 31n, baina azken bi egunotan abiadura markak lortuta, laugarren posturaino igo dira. Eta hirugarrena ere eskura daukate, Michel Desjoyeaux eta Francois Gabart frantziarren Foncia ontziko brankaren kanpoko babesgarria hautsi egin baita. Uretan zegoen objekturen bat jo zuen ontziak, eta Brasilen, Recifeko portuan, geldialdi bat egin beharko dute frantziarrek branka konpondu eta ibilbideari ekiteko.

Proban jarraitzen du Foncia ontziak, erritmo onean, gainera —bigarren doa—, baina etzi gelditu egin beharko du. Izan ere, Recifera etzi iritsiko direla aurreikusi dute taldekideek, eta ordurako ontziarentzat beste babesgarri bat prestatzeko lanean ari dira.

Baina gainerakoen zorte txarrak ez, euren erabaki onek igo dute Fernandez eta Martinezen ontzia laugarren posturaino. Atzo goizaldeko datuen arabera, 424 milia egin zituen Mapfre ontziak azken 24 orduetan; atzo 13:30eko erreferentzien arabera, 405 milia; eta 18:30eko datuen arabera, 395 milia. Datu ikusgarriak dira guztiak, liderrek eurek ere ez baitute lortu hain abiadura handirik.

Jean Pierre Dick eta Loick Peyron frantziarren Virbac Paprec 3 ontzia dago lasterketa buruan. Fernandezek eta Martinezek 232,7 miliara daukate ontzi hori, 167,1 miliara Foncia ontzia, eta 41,4 miliara Pepe Ribes eta Alex Pella kataluniarren Estrella Dam ontzia. Atzo goizean pasatu zuten gipuzkoarrek Dominique Wavre eta Michele Paret suitzarren Mirabaud ontzia, eta dagoeneko 15,1 miliara utzi dute atzean.

'Imoca Open 60', etxera

Meritu handia dauka Xabi Fernandezen eta Iker Martinezen atzetik aurrerako lasterketak, oso gogorra delako Bartzelona World Race proba. Horren erakusgarri, Jean Le Cam frantziarraren eta Bruno Garcia kataluniarraren Imoca Open 60 President ontzia etxerako bidean da, herenegun iluntzean Cabo Verde uharteditik 50 milia mendebaldera zeudela ontziaren masta hautsi ondoren. Arazoa konpondu ezinik, erretiratu egin dira.

Xabi Fernandezek Mapfre ontzitik bertatik atzo ezustean hartu zuen albistea. «Bagenekien arazoren bat edo beste zeukatela, baina pena handia eman digu masta hautsi zaiela jakiteak. Besarkada bat bidaltzen diegu hemendik». Eurak «pozik eta lasai» daudela jakinarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.