Olatu gorriak irentsita

Castrok nagusitasun handiz irabazi du San Miguel ligako hirugarren estropada, eta sailkapen buruan jarri da, bide batez

2009ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Castrok irabazi zuen atzo San Miguel ligako hirugarren estropada, Groven (Galizia). Hortaz, hirutik bi irabazi ditu. Gainera, nagusitasun handia erakutsi zuen atzo La Marinera ontziak, lehen estropadan egin bezala. Hirugarren txandan aritu zen, San Pedrorekin, Urdaibairekin eta Hondarribiarekin batera, eta hasieratik utzi zien argi garesti izango zutela irabaztea. Aurretik aritu zen hasi eta buka.

Palakada biziz hasi zen Castro, eta ez ziren askoz atzerago gelditu San Pedro eta Urdaibai. Libia eta Bou Bizkaia traineruek estu hartu baitzuten lehen luzean La Marinera. Hiru ontziek ia ez zuten alderik beren artean lehen ziabogan. Hiruren artean lehia estu, bizi eta zirraragarria izan behar zuela ematen zuenean gauzak goitik behera aldatu ziren. Castrok bere palakada biziei eutsi zien. San Pedrok eta Urdaibaik, berriz, ezin izan zioten gorrien erritmoari eutsi. Castrok lau segundoko tartea ireki zuen San Pedrorekin bigarren ziabogan. San Pedroren eta Urdaibairen artean ere tartea ireki zen hirugarren luzean. Azkenean, Castrok irabazi zuen bandera, erosotasun handiz, inork ezin izan baitzion jarraitu. San Pedro helmugaratu zen bigarren postuan, Castrorengandik 11 segundo pasara, eta Urdaibai izan zen hirugarren, 13 segundora. Horrenbestez, Castrok bandera eta San Miguel ligako lidergoa eskuratu zituen (35 puntu). San Pedro zegoen atzo arte sailkapeneko buruan (34 puntu).

Oriok estropada ona egin zuen, eta laugarren markarik onena ezarri zuen, Castrorengandik 18 segundora. Orio bigarren txandan aritu zen, Zumaiarekin, Pedreñarekin eta Zarautzekin batera. Hain zuzen, Zarautzek eutsi zion Oriori lehen ziabogara arte, baina, ondoren, behera egin zuen. Azkenean, Orio nagusi izan zen bere txandan eta hirugarren txandako Hondarribiak baino marka hobea ezarri zuen. Ama Guadalupekoa ontzia hirugarren sailkatu zen aurreko bi estropadatan, baina atzo bosgarren izan zen. Halere, sailkapeneko hirugarren tokian da 28 punturekin. Hiru puntu gutxiago ditu Urdaibaik (25 puntu), eta 23 ditu Oriok.

Kaikuk ere estropada aparta egin zuen, seigarren markarik onena ezarri baitzuen (19.48). Lehen txandan esku hartu zuen, Tiranekin, Meirarekin eta Arkoterekin batera. Asier Zurinagaren mutilek ongi prestatu zuten Groveko estropada, eta ondo egindako lanaren fruituak jaso zituzten. Tiranen, Meiraren eta Arkoteren aldean nagusitasun handia erakutsi zuten. Hasieratik hartu zuen aurrea Kaikuk, eta azken txanpan erritmoa bizitu zuen, gainera, marka ona ezartzeko asmoz. Helmugan, seigarren denborarik onena ezarri zuen, eta urratsa egin du aurrera. Sailkapen nagusian zazpigarren postuan dago, 17 punturekin. Horrenbestez, bigarren txandan ariko da gaurko estropadan. Pedreña zortzigarren tokian dago, puntu kopuru berarekin. Atzo Kaikuren gibeletik helmugaratu zen, zazpigarren. Txanda berean aritutako Zarautz izan zen zortzigarren. Hasieran Oriori eutsi zion Zarautzek, baina, azkenean, Pedreñak hartu zion aurrea. Meira bederatzigarren sailkatu zen, Tiran hamargarren, Zumaia hamaikagarren eta Arkote izan zen azkena, aurreko bi estropadatan bezala.

Laugarren estropada, gaur

San Miguel ligako laugarren estropada jokatuko dute gaur, 12:00etan, Pontevedran (Galizia). Atzoko sailkapenaren arabera antolatu dira gaurko txandak. Lehen txandan ariko dira Zumaia, Tiran, Meira eta Arkote; bigarren txandan, Orio, Pedreña, Kaiku eta Zarautz; eta, azken txandan, Castro, San Pedro, Hondarribia eta Urdaibai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.