ATHLETIC 2-1 REALA

Olatuan jarraitzen dute zuri-gorriek

Garaipen landua eta merezitakoa eskuratu du Athleticek San Mamesen jokatutako derbian, eta bederatzi puntura urrundu du Reala sailkapenean. Berenguerrek lehen zatian sartu ditu etxekoen bi golak, eta Oiartzabalek Realarena azken txanpan.

(ID_13491562) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Alex Berenguer, bigarren gola ospatzen. Kieran Tierney ageri da ondoan, etsita. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2024ko urtarrilaren 13a
21:13
Entzun

Ez dago Athletic geratuko duenik. Ez horixe. Realak berak ere ez du gaitasunik izan San Mamesen punturik urratzeko. Azken urte luzeetako sasoirik onenean dira zuri-gorriak, hamahiru partida daramatzate-eta jarraian galdu gabe, eta gaur ere ongi merezita eskuratu dituzte hiru puntuak. Benetako derbia jokatu dute Athleticek eta Realak, intentsitate eta lehiakortasun handikoa, eta inork merezi izan badu irabaztea, etxeko taldeak merezi izan du. Besteak beste, lehen zatian bideratu du partida Ernesto Valverderen taldeak, Berenguerrek sartutako bi golei esker, eta, azken txanpan Oiartzabalek 2-1ekoa egin badu ere, Bilbon geratu dira hiru puntuak. Sailkapen nagusiari begira garrantzi handiko lehia zen bi taldeentzat, eta Athleticek bete du helburua, bederatzi puntura urrundu baitu Reala. Hala, Europari begira aurrerapauso handia eman dute zuri-gorriek. 

Partidaren garrantziaz jabetuta, azken jardunaldietako apustu bera egin dute bi entrenatzaileek, ia ez baitute aldaketarik egin hasierako hamaikakoan. Intentsitatez josiak izan dira lehen minutuak, lehiakortasun handia nabaritu baita jokaldi bakoitzean. Zelaian tokirik ez galtzea izan dute xede bi taldeek, eta erasoan zerbait gehiago erakutsi du Athleticek, aurkarien bizkarrera baloiak bidalita, zehazki. Partidaren ordu laurdena betetzean jaso du arratseko lehen albiste txarra Realak, Odriozolak min hartu eta zelaia utzi behar izan baitu. Aritz Elustondo zelairatu da haren ordez, eta lan nekezak izan ditu. Nico Williamsen hegala defendatu beharra ez da samurra, eta alde horretatik iritsi da etxekoen lehen gola. Williamsek eta Yurik jokaldi ona josi dute, eta zarauztarraren erdiraketa sareetara bidali du Berenguerrek, 29. minutuan. 

Golak ez du partidaren gidoirik aldatu. Realak ezin izan du ohiko joko lasaia eta eraginkorra egin, Merinok eta Brais Mendezek arnasa hartzeko betarik ere ez baitute izan. Hein handi batean, Ruiz de Galarretaren meritua izan da hori. Unai Simonen areara gerturatzea ere kosta egin zaio Realari, eta, hori gutxi ez eta, defentsan ere bigun aritu da. Bigarren golean ederki antzeman da txuri-urdinen biguntasuna. Vesgak pase ederra bidali dio hutsunera Williamsi, eta, bizpahiru jaurtiketaren ondoren, azkenean Berenguerrek berak lortu du 2-0ekoa, atsedenaldiaren atarian. Golari begira inspirazio handia azaldu du Athleticek. 

Bigarren zatian zerbait aldatu nahian zelairatu da Reala, baina Athleticek ez dio utzi Imanol Alguacilen esanak praktikan jartzen ere. Lehia hoztea izan da zuri-gorrien nahia. Akaso, Athleticen nekea baliatuta, gora egin du Realak 60. minututik aurrera, eta aldaketek ere mesede egin diote Imanolen taldeari. Hala, 2-1ekoa egin du Oiartzabalek 87. minutuan, jokaldi trabatu batean baloia bularrarekin saretara bidalita. Gol horrek itxaropena piztu du txuri-urdinengan, baina Athleticek ongi asmatu du aldeari eusten. 

Garaipenari esker, pozik agertu da Ernesto Valverde. «Ohiko jarrerari eutsi diogu San Mamesen. Presioan fin ibili gara, eta oso ongi ari gara golak egiten. Liga luzea da, eta lanean segi beharra daukagu». Kritikoagoa izan da Imanolen irakurketa. «Gehiago izan da Athletic, eta zoriondu egiten dut, baina minduta nago golak nola jaso ditugun ikusita. Bigarren golean ez dakit zertan ibili garen. Haien presioa ezin izan dugu gainditu, eta garai bateko derbien antzekoa izan da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.