Uztailaren 27an hasiko dira Londresko Olinpiar Jokoak, eta Berria.info-k, Berria TBren bitartez, zuzeneko telebista saioa egingo du, batik bat, euskal kirolarien ibilbidea aztertzeko, baina ez hori bakarrik. Gorka Erostarbe kazetariak aurkeztuko du saioa, eta laguntzaile izango du Alazne Salcedo. Lara Madinabeitia Berria TBko bideogileak zuzenduko du saioa.
Danel Agirre Gipuzkoako Hitza-ko zutabegileak ere kolaboratuko du saioan.
Horiez gain, BERRIAren Kirola saileko kazetariek parte hartuko dute, eta hainbat gonbidatu izango dira: kirolariak, kirolari ohiak, eta beste; betiere, Olinpiar Jokoez eta kirolaz hitz egiteko: elkarrizketak, erreportajeak, musika, umorea... Saioa eguerdian hasiko da, uztailaren 27tik abuztuaren 13ra, igandean izan ezik. Berriaren webgunean ikusi ahal izango da.
Gainera, Berria.info-n, telebista saioaz gain, webgune berezi bat ere izango da jokoen berri izateko.
Hamabi orrialdeko gehigarri berezia
BERRIAren papereko edizioan ere luze eta zabal arituko dira Olinpiar Jokoen inguruan, eta egunero hamabi orrialdeko gehigarri berezia argitaratuko da. Imanol Magro eta Unai Zubeldia kazetariak Londresen izango dira, eta handik idatziko dute; telebista saioan ere parte hartuko dute handik. Kronikak, analisiak eta erreportajeak izango dira gehigarriaren ardatza; diseinu berezi bat izango dute, Olinpiar Jokoetarako propio landua.
BERRIAren hirugarren Olinpiar Jokoak izango dira Londreskoak. 2004an Atenasen izan zen, eta 2008an, Pekinen. Euskarazko egunkariak Euskaldunon Egunkaria-n utzitako lekukoa hartu zuen modu horretan, euskal kirolarien berri zuzenean ematen; izan ere, Egunkaria 1996an Atlantan eta 2000an Sidneyn izan zen, handixe Olinpiar Jokoen kasu egiten.