Olinpiar Jokoek zortzigarren lehiaketa eguna dute gaur, eta atletismoan ere estreinatu dira euskal kirolariak: Asier Martinezek eta John Cabangek 110 metroko hesidunetako sailkatze probak jokatu dituzte eguerdian, baina ez dira sartu finalerdietan. Maialen Chourrautek eta Miren Lazkanok, berriz, kayak-kroseko serieak jokatu dituzte; aurrera egin du Chourrautek, baina ez Lazkanok.
Jon Rahmentzat egun tristea izan da. Barrikakoa bete-betean aritu da domina bat irabazteko lehian, baina aurreko egunetan baino eskasago aritu da, eta diploma batekin konformatu behar izan du.
Taldeko kiroletan, gizonezkoen eskubaloiko jokalariak final-laurdenetarako sailkatu dira, Kroaziari justu-justu irabazita. Belar hockeyan final-laurdenak jokatu dituzte Jose Maria Basterrak eta Rafael Villalongak, Espainiako selekzioarekin, Belgikakoaren kontra. 3-2 irabazi dute, eta domina eskuratzeko lehian izango dira.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikusgai daude.
110 metroko hesidunak
Bi euskal ordezkari lehiatu dira 110 metroko hesidunetan, gizonezkoetan: Asier Martinez eta John Cabang. Ez batak ez besteak, ordea, ez dute lasterketa onik egin, eta ez dute lortu zuzenean finalerdietara pasatzea. Aurrera egiteko, euren sailkatze lasterketako lehen hiruren artean egon behar zuten; edo, bestela, sailkatutako atleten osteko lehen hiru denbora onenetako bat egin. Martinezek izan du gertuen, hemezortzi atletek egiten baitute aurrera zuzenean, eta nafarrarena denborarik onenetan hogeigarrena izan da: 13.47. Cabangek, aldiz, 13.66 egin du, eta 32. izan da. Asteartean izango dute zirt edo zarteko lasterketa (10:50). Hor, lehen edo bigarren postuan geratu beharko dute beraien sailkapen proban, aurrera egin nahi badute.
Kayak-krosa
Albiste onak eta txarrak utzi ditu kayak-kros lehiaketak, piraguismoan. Maialen Chourrautek aurkari gogorrak izan ditu bere multzoan, baina eutsi egin dio lehen metroetan hartu duen bigarren postuari. Final-laurdenak bihar izango dira, 15:30ean. Ez du halakorik lortu Miren Lazkanok. Hirugarren izan da bere txandan, eta lehiaketatik kanpo geratu da.
Golfa
Eguna hasi denean, bazirudien golfean iritsiko zela euskal kirolarien bigarren domina. Golfeko lehen hiru jardunaldien ostean, lehen postuan zen Jon Rahm. Gaur ere ondo ekin dio hemezortzi zuloko ibilbideari, eta aurreneko zatian lider tokian sendotu da. Baina hamaikagarren zulotik aurrera okertu egin zaizkio gauzak Barrikakoari. Azkenean, bosgarren izan da, Rory Mcllroy irlandarekin batera. Diploma olinpikoa eskuratu arren, burumakur azaldu da amaieran Rahm: «Postuak ez dit axola. Min handia ematen dit gertatutakoak, eskura nuelako domina. Ez dakit zer gertatu den, baina uste dut hamalaugarren zuloan egin dudan bogey bikoitza erabakigarria izan dela».
Eskubaloia
Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola arratsean aritu dira, Espainiarekin, Kroaziaren kontra. Puntu bakarraren aldearekin irabazi dute gizonezkoen eskubaloiko jokalariek Kroaziaren kontra (32-31); are, azken-azkenean lortu dute garaipena, partida amaitzeko minutu erdi falta zenean. Final-laurdenetarako sailkatu dira partida hori irabazita.
Belar hockeya
Belar hockeyan, gertu dute domina Espainiarekin ari diren Jose Maria Basterrak eta Rafael Villalongak. Final-laurdenak jokatu dituzte gaur, eta 3-2 irabazi diote Belgika faboritoari. Atsedenaldira 0-0 iritsi dira, eta jarraian Basterrak berak egin 1-0ekoa. Azken laurdenera berdinduta heldu dira, baina orduan hasi da Espainia 3-1 irabazten, eta erabakita utzi du lehia.