Rafael Villalongak eta Jose Maria Basterrak ez dute lortu brontzezko domina belar hockeyan. Carlota Zigandak 47. postuan bukatu du golfeko bigarren jardunaldia.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.
Golfa
Kolpearekin asmatu ezinik jarraitzen du Carlota Zigandak golfean. Bigarren jardunaldia bukatu du gaur, eta parraren gainetik zazpi kolpe eginda dago, 47. postuan. Bihar goizean ekingo diote hirugarren jardunaldiari.
Belar hockeya
Rafael Villalonga eta Jose Maria Basterra getxoztarrak dominarik gabe geratu dira. Indiaren aurka jokatu duten neurketan brontzeko domina zegoen jokoan, baina galdu egin dute. 1 eta 0 aurreratu da Espainiako selekzioa bigarren zatian, baina berdindu egin du Indiak zati hori amaitzerako. Hirugarren zatian, ostera, Indiako selekzioak bigarren gola egin du, eta aurretik jarri da. Laugarren zatian, markagailuan ez da aldaketarik izan. Basterrak partida osoa jokatu du; Villalonga, berriz, amaieran sartu da. Biek ala biek diploma olinpikoarekin konformatu beharko dute.