Olympique Marseillako zale batek San Mameseko segurtasun langile bat zauritu du, lepoan, objektu zorrotz batekin. Estadioaren 21. ate inguruan gertatu da erasoa. Zauritua 57 urteko gizonezkoa da eta Basurtuko ospitalera eraman dute. Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailak jakinarazi duenez, zauriak ez dio geruza muskularrari eragin, eta zauritua ez dago arrisku egoeran.
Ertzaintzak erasoaren berri jakin duenean —partida hasita zegoen— erasotzailea identifikatzeko joan da Olympiqueko zaleak zeuden harmailera eta zenbait ultrek istiluak eragin dituzte. Istilu horietan, beste segurtasun langile bat jo dute, eta arin zauritu dute eskuan.
Ertzaintzak hiru zale frantziar atxilotu ditu gertakarien ondorioz.
Horrez gain, Olympiqueko hainbat zalek segurtasun neurriei izkin egin eta hainbat bengala piztu dituzte estadioaren barruan.
Aurretik, estadiorako bidean ere bengala bat jaurti du Olympiqueko zaleetako batek Athleticeko zale batzuen artera. Tentsio unea izan den arren, ez da arazo larririk sortu. Estadiorako bidea istilu larririk gabe egin dute talde frantziarreko zaleek, ertzainez inguratuta. Goizean, labanak antzeman dizkiete Olympique Marseillako zale batzuei. Poliziak errepide kontrola ezarri du Zarautz eta Iurretako ordainlekuetan.
Ertzaintzak 16:00etan egina zuen hitzordua Olympique Marseillako zaleekin, haiek San Mamesera laguntzeko, eta aparteko arazorik gabe egin dute Plaza Eliptikotik estadiorako bidea. Ertzaintzak inguratuta egin dute bide osoa, eta Athleticeko zaleak segurtasun lerroaren beste aldean egon dira.
San Mames inguruan segurtasun hesi bat altxatu du gaur ertzaintzak, Spartak Moskuko partidakoen antzeko istiluak eragozteko. Joan den otsailaren 22an, Athletic eta Spartak Moskuren arteko partidaren aurretik izan ziren istilu larriak direla eta. Istilu horietan ertzain bat hil zen bihotzekoak jota. Gertakari horien ondorioz, askoren arreta jaso du gaurko segurtasun dispositiboak.
Bilboko kaleetako neurriez gai, errepide kontrolak ezarri dituzte ertzainek Zarautz eta Iurretako ordainlekuetan. Olympiqueko zale gehienak errepidez dira etortzekoak, eta hainbat autobus eta furgoneta gelditu dituzte goizean zehar. Miaketa horietan, eta Athleticek jakinarazi duenez, labanak eta istiluak sortzeko erabili daitezkeen materialak atzeman dizkiete.
600 ertzain egongo dira Bilboko kaleetan —Marseillatik sarreradun 884 zale dira etortzekoak—, eta goizetik lanean ziren. Olympiqueko zalez beterik autobus bat eraman dute gutxienez Zorrozaurrera, berriz ere miatzeko. Han atzeman dizkiete labanak zaleei. Hala ere, goiza lasaia izan da Bilbon, eta ez da inongo arazorik egon.
Gaurko partida arrisku handikotzat joa izan da. Olympique Marseillak duela bi urte Bilbon jokatu zuenean zortzi atxilotu eta sei zauritu egon ziren estadioaren kanpo aldeko istiluetan.
Lander Muñagorri BERRIAko kazetaria zuzenean ari da giroaren berri ematen: